euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Euskal diaspora ere Korrika, Renoko kezkak eta beste

2011/04/06

Bihar hasiko da Euskal Herrian Korrika. Trebiñun abiatuko da, baina aurreko urteetan bezala, bere oihartzuna zabalagoa izango da eta partaideetako batzuk urrundik egingo dute bat, ez fisikoki, baina bai izpirituz eta nahikeriaz, Euskal Herrian zehar kilometroak egiten ibiliko direnen euskararen aldeko helburuekin. Diasporan ari naiz, jakina, aurten ere Diasporako euskaldun eta euskal etxe taldetxo polita bildu(ko) baita munduko zenbait lekutan, sostengua eskainiz eta, oraingoan, 'korrikalakari' bihurtuz. Izan ere, azkeneko ediziotik hona, gehiago dira ekimenarekin bat egin duten jendeak eta elkarteak. Horri buruz artikulua argitaratu dugu gaur bertan, aurretik ere argitaratutakoen osagarri.

Bitartean, beste gisa batean, Renok ere bereganatu du gure arreta, kezka handiz ikusi baitituzte askok Nevada-Renoko Unibertsitatea (UNR) eta Nevadako Estatua egungo kinka ekonomiko larriaren aurrean (AEBetan Nevada bereziki gogor kolpatzen ari da) hartzen ari den aurrezte neurri zorrotzak. Iaz ere desagertu ziren UNRtik ikasketak eta ikasgaiak, dirurik ezean. Oraingo neurriek ere unibertsitatearen menpeko zentru eta programak ixtea, murriztea, zentruak elkartzea, eta tituluak eta ikasketak ere desagertzea aipatzen dute, aldi berean hirurehundik gora lanpostu ezabatuz.

Euskal Herritik kanpo munduan dagoen euskal ikasketa zentrutik eta euskal gaien liburutegirik garrantzitsuena dauka Nevada-Renoko Unibertsitateak. Aste honetan Unibertsitateko presidenteak, Milton Glick-ek, gutun larria zuzendu die bertako irakasle, ikasle eta gainerako lagunei, panorama ekonomiko oso latza marraztuz eta 58,8 milioi eta 100 milioi dolar arteko murrizketa aipatuz, langileen soldaten %5eko beherapena eta bestelako datu eta neurri latzekin. Egoera horrek eragina izango du, bistan da, Euskal Ikasketa Zentruan eta Euskal Liburutegian. Beste zentru eta programa batzuen kasuan ez bezala, ez du aipatu Glick-ek Center for Basque Studies (CBS) ixtea, baina bai egun Nevadako Estatutik hartzen dituen diruak kentzea.

Honek CBSek segitzeko eta aurrera egiteko ahalegina azkartu eta indartu egin beharko duela esan nahi du, onenean. Eusko Jaurlaritzak berritu eta sendotu berriak ditu --iazko uztailean Lopez lehendakaria bera bertan zela-- bere loturak eta sostengua Renoko euskal adarrarekin. Espero dezagun, zailtasunak zailtasun gelditzea eta ez oztopo gaindiezin. Aurretik beste hainbat egoera aldapatsu bezala, hau ere ez ote du gaindituko euskal kulturak.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia