Aste bukaera bete samarra joan den hau. Ostegunean jakin genuen urrats berria eman dela Etxepare Institutuaren abiatzean, agerkari ofizialak Miren Azkaratek sinaturiko Kultura Sailaren ebazpen bat plazaratu baitu, euskara eta euskal kultura ardatz harturik Diasporan eta atzerrian lan egiteko Donostian egoitza izanik sortua den erakunde horretan arituko diren lanpostu zerrenda argitara emanez. Anartean, Korrika Euskal Herrian barrena biraka zebilen bitartean, Herria astekarikoek larunbatean egin zuten euren urteko Biltzarra Hazparnen, Miren Azkarate Kultura sailburu bera eta Estebe Eiherabide Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria bertan zirela, aurtengoan astekariaren 3.000 alea plazaratzea ospatuz.
Igandean, Ipar Euskal Herria lan esparru nagusi daukan Euskal Argentina elkartearen urteroko Biltzarraren txanda ere bazen, ohi bezala Donibane Garaziko Herriko Etxean. Pierra Lako buru duen elkartearen azken partera hurbildu ginen, lehenago Kanbotik pasatu nahi baigenuen, bertako ospitale batean baita, zoritxarrez bere bizitzako azkenetan aita Martxel Tillous, hamahiru bat urtez Estatu Batuetako euskaldunen apez ibiltari eta euskaltzale, musika, kantu eta txistu irakasle izan den xiberotarra. Urte hastean bidali zien Martxelek bere azken agurra Ameriketako eta mundu osoko lagunei --Estatu Batuez gain, Pariseko Euskal Etxean eta Bolikostan ere ibili zen apez-- jakinik 2007 urte hondarrean atxeman zioten minbiziak ez duela atzerabiderik.
Argentinan, igandean bertan ospatu zituen etengabeko 19 lan-urte, Paranátik astero Urrundik Euskal Etxearen babesean aireratzen den Presencia Vasca irratsaioak. Federico Borras Alcain abokatu gaztea zuzendari eta esatari, saioa bi orduz luzatu zen atzokoan, goizeko hamabietatik eguerdia bitartean, ordu argentinarra (bost orduko aldea Euskal Herriarekin), Argentina barru eta kanpoko hainbat lagunen zorionak eta lekukotasunak bilduz. Argentinan hegoalderago, bestalde, Buenos Aires probintziako Bahia Blancan, Gure Antzerki (sic) antzerki taldekoek maiatzean hasiko dituzten ikasturte berriko eskolen berri eman digute. Haur eta helduentzat antolatzen dituzten tailerrei buruzko argibide gehiago euren webgunean lor daiteke: www.gureantzerki.blogspot.com.
Euskal Merkatari Ganberak, euren aldetik, enpresari bidaia prestatzen ari dira Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelara datorren maiatz-ekainerako. Honako datak bidali dizkigute: Limara maiatzaren 25-26an; Ekuadorreko Quiton egongo dira maiatzaren 28an eta Guayaquilen maiatzaren 29an; Kolonbiako Bogotán, ekainaren 1 eta 2an; eta Venezuelako Caracasen ekainaren 4 eta 5ean.
Ez dut gaurkoa pasatzen utzi nahi gogoratu gabe bihar, martxoaren 31ean, amaituko dela euskal etxeek 2008ko dirulaguntzen zuriketa egiteko epea, esan nahi baita ordainagiri eta paperak Eusko Jaurlaritzara iristarazteko epea (zuzenean Gazteiza, edo gobernuaren bateko edo besteko ordezkaritzetara). Aldi berean, bihar argitaratuko du agerkari ofizialak euskal etxeen 2009ko deialdi orokorra.