Jaurlaritzaren aste honetako Gobernu Kontseiluak Elvira Kortajarena Iturrioz (Pasaia, Gipuzkoa, 1947) izendatu du Euskadiko Ordezkari berri Argentinan. Argentinakoa da, izan ere, Eusko Jaurlaritzak munduan dituen ordezkaritzetan, ikur dena, seguruenik garrantzitsuena edo esanguratsuena behintzat badena, kontuan izanik euskal enpresarien eta interes ekonomikoen indarra, lan diplomatiko eta politikoa eta, jakina, Argentinako euskal diasporaren indarra, ezin baita batere ahaztu munduko euskal etxeen erdia bederen Argentinan dagoela.
Aurreko ordezkariak, Marieli Díaz de Mendibil arabarrak, soslaia politikoa zeukan eta euskal Administrazioan kargu politikoduna eta EAJko legebiltzarkidea izandakoa zen argentinaratu aurretik. Profil politiko are azkarragoa dauka ordezkari izendatu berriak, Elvira Kortajarena gipuzkoarrak, PSE-EE-PSOEko diputatu hautetsia baitzen --baita oraindik-- Madrilgo Kongresuan eta aurretik kargu politikoak bete baititu herri mailan, Gipuzkoa --Foru Aldundi-- mailan, zein Espainiako Administrazioan. Biek banatzen dute, formakuntza aldetik, alor sozialetik etorri izana, biak baitira Lan Sozialean diplomatuak. Argentinako Euskadiko Ordezkaritza indartuta atera dela dirudi, izendapen honekin.
Patxi Lopezen gobernuak eginiko bigarren Euskadiko Ordezkari izendapena da honakoa, uztailetik ari baita Bogotá-n, Kolonbia eta Venezuelarako Eusko Jaurlaritzako Ordezkaritzaburu Ignacio Martínez.
Hilabete gutxi pasatu dira, eta uda tartean gainera, eta goiz da oraindik esateko zer nolako politika eramango duen Lopezen Eusko Jaurlaritzak atzerrian. Galeriara begira soslaia politikoa kendu eta Ordezkaritzen eta SPRI eta arlo ekonomikoaren artean bategite bat egingo zuela errepikatu izan du Lehendakariak behin eta berriro. PPk Ordezkaritzak kentzea eskatu dio, behin eta berriro baita ere. Baina ez dirudi prentsari egindako adierazpen horiek --egindakoak eta egingo direnak-- salbu, PPk nahi duen ildo gogorra gailenduko denik.
Lopezek agintea hartu zuenean, EAJk izendatutako Euskadiko Ordezkari guztiak dimisioa aurkeztu zioten Administrazio berriari, Mexikoko Ordezkariak ezik, azken honek --Iñaki Ruiz-- segitzea eskatu baitzuen. Orain arte, beraz, Lehendakariak Ordezkaritzen arloan hartutako neurriak izan dira Mexikoko Ordezkaria, Iñaki Ruiz, mantentzea; Kolonbia eta Venezuelarako Ordezkari berria Ignacio Martinez izendatzea; eta, orain, Argentinako Ordezkari Elvira Kortajarena izendatzea --nor eta ibilbide politiko handia eta oso ongi konektatutako pertsona bat--. Ez dirudi hemen Ordezkaritzen 'desmantelatze' bat datorrenik, nahiz eta molde aldaketa bat edo beste etorriko den. Ikusminez segituko dugu.