Gauza dexente ari da pasatzen Euskal Herrian egunotan. Guk, hemen --irizpide bat da--, Euskal Etxeekin edo Euskal Gizataldeekin zerikusia daukatenak soilik aipatu ohi ditugu. Honi dagokionez, esan dezagun, atzo Gernikan kargua zin egin zuen Patxi Lopez lehendakari berriak behin aipatu zituela, bazterretik, aipatu ere, munduko euskaldunak, lehendakari hautatu zuen Legebiltzarraren aurrean eginiko hitzaldian. Hau da pasartea:
"Euskal gizarteak ezaugarri duen baloreetako bat aniztasuna da, eta honek eragina dauka bizikera eta elkarrekin bizitzeko moldeengan, eta baita nortasun kolektiboaren eraikuntzan ere. Gaur egun ezin da ulertu zer den euskalduna izatea immigranteak gabe, duela urte batzuk Espainia barruko immigranterik gabe ulertu ezin zen bezala, edo kanpoko euskal gizataldeak gabe, guk nahi ala ez 'euskaldun izatea' ez baitu formula kimiko batek ematen, edo definizio etniko edo odol mota batek".
Galderek eta kezkek segitzen dute egun hauetan, Eusko Jaurlaritzak hartuko duen ildoari buruz. Hala datozkigu. Lasai egoteko esaten diegu guk galdetzen digutenei. Printzipioz, aurrera darraite abian zeuden programa eta ekimenek eta denborarekin ikusiko da arlo honetako buruzagi berriak, izendatzen dituztenean, sartu nahi izango duten zigilua. Oraintxe bertan, beraz, eta deialdi orokorrari eta Gaztemundu bezalako egitarauetan, ez dirudi aldaketarik izango denik.
Tira, aldaketak bai, hasteko, ia betidanik 'Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza'ren ardura izan duen Josu Legarretak, orain arteko Jaurlaritzako beste kargu askok bezala, asteartean ikusiko du bere 'uztea' edo zesea argitaratuta aldizkari ofizialean. Hala iragarri da behintzat. Eta, bistan da, kargu horretarako izendatuko duten pertsona berriak gauzak egiteko bere estiloa eta bere ideia propioak izango ditu, normala denez. Zain egotea tokatzen da, beraz.
Kronologiari dagokionez, bihar larunbata, gobernuko sailburu izendatu berriek euren karguak zin egingo dituzte, eta hor hasiko dira euren sailen barruko organigramak osatu eta izendatzen. Batzuk diote datorren astean bertan izendatuko dutela Diasporarako zuzendari berria. Xurrumurruek izen batzuk aipatzen dituzte baita ere, baina hori, xurrumurru besterik ez direnez, eta bat baino gehiago, ez ditugu hona ekarriko.
Bitartean, joan den asteartean bukatu zen Jaurlaritzaren Euskal Etxeentzako dirulaguntzak eta egoera larrian dauden pertsonentzakoak eskatzeko epea. Gaztemunduren epea, berriz, hilaren 25ean bukatuko da (Argentinako Euskal Ordezkaritzan entregatzen direnak salbu, horiek 22an). Argentinako Mar del Platako Euskal Etxekoek idatzi digute esateko gaur iluntzean, zortzietan, Udalbideko Bixente Arozena eta Ramuntxo Camblong errezibituko dituztela. Eta jarraitzen du datorren 11era arte Buenos Airesko Liburu Azokak eta barnean dagoen euskal standak; asteazkenean, izan ere, 'Florencio de Basaldua, un vasco argentino' liburua aurkeztu zuten. Bartzelonako Euskal Etxean, Mihiluze eta bertso-afari bat iragarri dute biharko eta bihar bertan Buenos Airesen Herri Urrats antolatu dute Iparraldeko Euskal Etxekoek. Etzi, berriz, Lapurdiko Senperen izango da Herri Urrats originala.
Bestalde, Euskal Herrian bertan ezezik munduko beste hainbat lekutan athletic-zaleak bor-bor ari dira ekipo euskaldunak Bartzelonaren kontra Valentzian jokatu behar duen Kopako finaleko partida non eta nola ikusi antolatzen, hala nola Londresen, New Yorken, Madrilen, Miamin, Bartzelonan, Parisen... [honetan, neu bezala futbolaz batere arduratzen ez dena ere nahitaez enteratzen da] Datorren astelehenean argitaratuko dugu artikulua horri buruz. Bitartean, Estatu Batuetan joan den asteburuan izan zen Kalifornian Fresnoko Euskal Piknika eta datorren astekoan izango da Los Banosekoa. Munduak aurrera darrai.