euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Donostiar eta euskaldunen danborrada munduan barreiatua

2011/01/21

[Duela urte batzudanik Baionako Herria astekarian astero argitaratzen dudan artikulua da datozen lerroetara ekarri dudana. Herria asteazken-ostegunero banatzen da ohiko kioskoetara eta Euskal Herriko eta Diasporako bere harpidedunen artean]

San Sebastian --edo lehengo moldean Jondoni Sebastian-- astea da hau Gipuzkoako Donostian eta gauza bera erraiten ahal da munduko hainbat euskal etxeen kasuan ere. Jakina da urtarrilaren 20a dela Sebastian sainduaren eguna, eta ber denboran beraz Gipuzkoako hiriburuko besten tenorea. Euskal Herriko herri gehienetan herriko bestek hiru, lau, bost egun, astebete edo gehiago irauten badute, Donostiakoek egun bakarra, 24 ordu, baina trinkoak, azkarki bizituak dira, beti ere danborradaren inguruan, Sarriegi musikagile donostiarrak sortu aire eta musikak danborrez joaz. San Sebastian eguna da donostiarren besta handia, eta danborrada da egun horren arima. Eta gogo eta giro hori, danborrada, ekarria dute donostiarrek azken aldian Euskal Herriko beste herri eta leku batzuetara, eta baita Diasporara ere.

Aipatzen genuen aitzineko batean, munduan gero eta gehiago direla danborradak antolatzen dituzten euskal etxeak. Aurten osteguna da urtarrilaren 20a, beraz Donostiatik kanpo --Donostian jai-egun ofiziala baita-- ospakizuna aitzineko edo ondoko asteburura aldatu ohi dute. Artikulu hau edertzen duen argazkia, adibidez, iragan larunbatean ateraia da Argentinako Necochean, urte guziz San Sebastian Euskal Etxeko besta handia bezala ospatzen duen herrian. Ez da ahantzi behar uda beroan eta bakantza giroan direla mementu huntan Argentinan. Joanden ostegunean, urtarrilaren 14ean, inguruko euskal etxeetako gazteak bildurik, erromeria egin zuten Necochean, eta euskal janarien dastaketa; larunbatean, arratsaldean, herri kirolen erakustaldia, eta gauez 'San Sebastian Paella Handia', Euskal Etxeko kide eta lagunen danborrada; azkenik, helduden ostegunean, urtarrilaren 20ean, meza eginen dute eta txikien danborrada.

Jakina baita kanpoan ere bizitzen ahal direla, eta azkarki, Euskal Herriko usadioak. Asteazken gau huntan, gaueko hamabiak jotzen dutelarik, San Sebastian aireen eta danborren azantza besta hasiko da errate baterako Madrileko Euskal Etxean, Bartzelonakoan, Murtziakoan, Valladolideko Euskal Etxean... baina danborrada eta besta segituko da baita ere Europako beste zenbait lekuetan, Hego Amerika osoan, eta danborradak izanen dira baita ere Mexikon, Estatu Batuetan eta Kanadan... eta baita Asian ere, ondarreko urteetan danborrada gisa xinplean eta mahai gainean jo ondoren, aurten bere lehenengo danborrada ofiziala aterako baitu Txinan Shanghaiko Euskal Etxeak.

Hogeita hamar gaztek sortu dute Shanghaiko danborrada eta ilusio eta esperantxa handiz arizan dira antolatzen eta errepikak egiten. Shanghaiko Xikang Lu aldean obratuko dute helduden ibiakoitzean, karrikan, eta bururatzen dutelarik afaria eginen dute Shanghaiko Kuluska euskal jatetxean, beste batzuk hiriko Berasategui jatetxean eta baita Euskal Etxearen egoitzan ere. Horren aitzinetik, 19an gauean donostiar-donostiarrenek afari berezia eginen dute baita ere Berasategui ostatuan. Donostian, Europan, Ameriketan edo Txinan donostiar eta euskaldunek gogoz kantatuko dute egunotan, XIX. mendean Serafin Barojak euskaraz idatzi eta Raimundo Sarriegik musikatutako San Sebastian martxaren hitzak: "Sebastian bat bada zeruan, Donosti bat bakarra munduan..." Nihaur ere, donostiarra izanik, hala ibiliko naiz 20ean Donostiako karriketan.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia