euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Diaspora ikergai eta bizipen; Txoria txori japonieraz kantaturik

2010/10/05

Nafarroa Behereko Baigorri berrehun bat 'amerikano'ren biltoki izan da joan den igandean, azken urteotan Henri Oçafrain San Frantziskoko bankarra antolatzaile duen urteroko bazkari eta elkarretaratzean. Ameriketan ibili eta gero Euskal Herrira itzuli eta egun hemen bizi den jendea ziren gehienak, adinekoak, eta baziren baita ere tartean Ameriketatik heldutako bisitariak, hala nola besteak beste San Frantziskoko Aña Iriartborde eiheralartarra, asteazken honetan berriz ere amerikaratuko dena, eta esaterako Monique Berterretche izpurarra, Chinoko Centro Basco ostatuko nagusia. Baigorrira bildu ziren baita ere Estatu Batuetan euskaldun amerikano jaio eta geroztik Euskal Herrira bizitzera etorritako belaunaldi gazteko kideak ere, berrogei urte inguruko jendea. Festa giro sanoan pasatu zen, kantuz, dantzan eta solas frango artean.

[Hona Arlette Oçafrain, Kaliforniako San Frantziskon sortu euskalduna, aspaldi Parisen bizi dena, euskara, ingelesa, frantsesa eta espainola mintzatzen dituena; lan kontuak medio, bi urtez bizi izan zen Tokyon, eta japoniera puxkat ikasi zuen. Bideoan, Laboa/Artze-ren Txoriak Txori kantu famatua ari da kantatzen... japonieraz. Honelakoxea da munduko euskalduna. Bideoa, joan den igandean grabatua da, Baigorrin, bertan baitzen Arlette, Parisetik etorririk (bideoa EuskalKultura.com)]

Pilotazaleentzat, bitartean Munduko Txapelketa ari da egunotan gauzatzen Pauen. Urriaren 1etik 10era bitartean, hiriburu biarnesak 14 mota ari da biltzen zortzi kantxatan, 21 herrialde ordezkatuta eta 550 pilotaritik gora 300 bat partida jokoan. Aurtengo edizioa facebook eta twitter bidez ere segitu ahal izango da, eta irudiak eta testuak ere blogetan eta youtube eta flick-en bidez heldu ahal izango da instantean eta mundu osora. Ikus FIPV, facebook, twitter, youtube, flick eta, esaterako, FIPVren blog hau.

Bilbon, iragan larunbatean bukatu zen, bestetik, AEMI elkarteak, Europa mailan eta munduko beste zenbait lekutako elkarteekin konektaturik immigrazio eta diaspora fenomenoez arduratzen diren elkarte, museo eta erakundeen 2010eko bilera, eta horrekin batera antolatutako mintegi edo biltzarra, immigrazioa eta informazio eta komunikazio teknologien inguruan eratua. Aipatu genuen horren berri eta aste honetan, datozen egunetan, ekarriko dugu berriz ere bertan esandakoen iruzkin eta isla. Aurreratu dezagun, ordea, bi eguneko jardunaldiak --jendeari zabalik, ostegun eta ostiralean--eta AEMIren biltzarra bera --erakundeko kideentzat, larunbatean-- arrakastaz garatu direla, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritza tarteko, Euskal Herritik Jaurlaritzako bulego hau baita AEMIko partaide eta horri loturik 2010eko Bilboko hitzordu honetako antolatzaile.

Beste hamaika gauza ere badira aipagai aste honetan, baina gaurko lerro hauetako azken gai gisa esan dezagun gauzak prest daudela Kaliforniako Rocklin herrian, Sacramento hiriburu ondoan, bertako piknik edo euskal festa --seigarrena-- eta NABOko 2010eko Kantari Eguna egiteko, heldu den larunbatean. Euskal Herritik, bi gonbidatu berezi: Erramun Martikorena eta Mikel Markez kantariak. Musika euskal amerikanoa, Utah-ko Jean Flesherrek ipiniko du, eta bertaratuko direnek, NABOren kanta-liburua jasoko dute opari, beti ere kantuzaletasuna eta euskal kantuen hedatzea bultzatzeko. Erronka eta lan polita hartu du bere gain Rocklin-go Iparreko Ibarra euskal etxe gazteak, doaike emaitzadun eta arrakastatsu gauzatuko dena.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia