Bizkaiko Abokatuen Bazkunak 'Egunkaria kasua'ri buruz atzokoan Bilbon antolatutako ekitaldietan esandakoekin kaleratu dira gaur euskal egunkari batzuk. Oroi dezagun, bost urte bete direla joan den otsailaren 20ean, Juan del Olmo epaile espainiarrak egunkari bat, euskarazko egunkari bakarra, itxi zuenetik, bertako arduradunetako batzuk ETArekin zerikusirik izan zezaketelakoan. 'Inkisizio prozedura', 'Espainiako Konstituzioaren 20. artikulua eta Europako Giza Eskubideen Itunaren 10. artikulua urratzea', 'justiziaren akuilu politikoa', 'orokortze larriak eta euskararen kultur eremua susmopean jarri nahi izana' izan ziren bildutako ordezkari eta legelari adituen ahotan entzundako hitzetako batzuk.
Egunotan entzun dira baita ere Confebask ugazaben elkartearen abisuak, Euskal Herrian dagoen "lanpostuari egokitutako soslaia profesionalen" eskasia galanta salatuz, enpresetan bete gabeko lanpostuak 16.000 direla esanez, soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gerorako aurreikuspenetan, elkarte berak ondorioztatu du 2010etik aurrera langile defizit handia jasango dela, urtetik urtera larriagotzen joango dena, lan egiteko adinean dagoen biztanlego gero eta kopuru txikiagoarekin.
Beste eremu batera joz, EuskalKultura.com-en orrialdeetara sarritan ekarri dugun gaia da senitzeena eta Diasporan euskal etxerik edo euskal komunitate esanguratsurik duten herrien eta Euskal Herriko herrien artean sor daitezkeen senidetzeek aurrerapenerako eta kultur eta gizarte ongizatea igotzeko ekar ditzaketen abantailak, bi parteentzat. Azkenetako senidetze bat Argentinako Sunchales eta Gipuzkoako Arrasateren artekoa izan zen, kooperatibekiko interes amankomuna lokarri. Aipatu zen besteren bat, AEBetako Kaliforniako South San Francisco eta Donibane Garazi hiriburu baxenabartarraren artekoa adibidez, geldiro dabil.
Bitartean, Donostian, esaterako, hiri senidetu duen Alemaniako Wiesbaden-etik, hogei urtetik beherako neska-mutiko talde bat etorriko da hiriburu gipuzkoarrera uztailean, bi txandetan, bertako gazteekin batera Ametzagaina izeneko parkeko gotorlekuaren hormak erreskatatu eta zaharberritzeko. Herri eta herrialde desberdinetako jendeek, gazteek gehienbat, elkar ezagutu eta esperientziak trukatzea gauza aberasgarria da beti, positiboa baita bide eta kanale berriak sortzea kulturen eta gizarteen artean, giza aberastasuna eta horrekin batera datorren lan arlokoa edo ekonomikoa hazkunde pertsonaletatik baitatoz, eskarmentuak trukatzetik, ikusmoldeak eta ezagutzak zabaltzetik. Senidetzeek honelako ekimenak errazten dituzte.
Ekaineko lehenengo astea joana da eta uda bertan daukagu, ipar hemisferioan bederen, hego hemisferioan neguaren zain baitaude. Datorren asteko igandean, ekainaren 15ean, NABOk bere urteroko Udaleku hasiko du, kasu honetan Wyomingeko Buffalon. Dozenerdi bat estatutatik iritsitako berrogei bat gazte, 10 eta 15 urte bitartekoak, bilduko dira Big Horn mendien magalera. Beste truke esperientzia aberasgarria doaike. Horri buruz ere segituko dugu hizketan.