Albisteak atzo kolpatu ninduen. Benekien behar zuela gertatu, duela pare bat aste mintzatu bainintzen Carlos berarekin telefonoz eta batere ongi ez zegoela banekien, banekien denbora kontua zela, eta pentsatu ere pentsatu nuen datorren azaroko euskal gizataldeen mundu biltzarrean (pentsatuz, oinarririk gabe, oraindik bizirik egongo zela) omenaldi moduko bat egiterik izango genuela. Martxoaren lehenean hil da ordea, azken hilabeteak batere samurrak izan ez direla.
Carlos Orue zornotzarra zen eta 1981etik Sydneyn bizi zen. Izan ere, hainbat euskal etxeetatik euskal gizataldeen mundu biltzarretara etorri izan diren kide eta ordezkarientzat, 'australianoa' zen, 'euskal australianoa', askotan australiar motako kapela berezia buruan zeramala etorri ohi zen-eta biltzarretara, beti ere Australiako euskaldunen ordezkari, izan ere 16 urtez, 2009ko otsailera arte izan baitzen Sydneyko 'Gure Txoko'ko lehendakari.
[Azkeneko Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean Carlosi kendu genizkion hitzak]
Miren emaztea bezala pertsona zinez eskuzabala eta euskaltzalea, benetan izan da 'euskal enbaxadari' Australian, fisikoki zein telefonoz eta internetez lagundu eta harrera eman baitie Sydneyra iritsi zaizkion hamaika euskalduni.
Besarkadarik bero eta tinkiena Mireni, eta euren seme Karlosi. Eskerrik asko eta badakizue non segitzen duzuen izaten lagun bat. Aupa Carlos.