euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Bost eguneko 'zubia', Aberri Eguneko kontuak eta hiru euskal etxe mendeurrena betetzen

2012/04/05

Aste Santuko egunak iritsi dira eta, Hego Euskal Herrian ohi denez, gaur ostegunetik Pazko astelehenera bitarteko bost eguneko 'zubi' luzea daukate herritarrek, biak barne. EuskalKultura.com-en ere hala egingo dugu. Beraz, hurrengo berri sorta datorren asteartean plazaratuko da.

Egun hauetan aipatu beharreko hitzordu dira Aberri Egunari dagozkionak. Izan ere, Diasporan, euskal etxeetan, oihartzun eta atxikimendu berezia piztu ohi duen hitzordua da Pazko igandearekin bat ospatzen dena. Horren isla ikus daiteke atzo argitara eman genuen artikuluan. Datozen egunetan itzuliko gara data berezi horrek euskal etxeetan daukan segimenduaren gaira, iristen hasiko baitzaizkigu mundu zabaleko ospakizunen berriak, artikuluan islatu bezala datorren igandean hasi, baina hurrengo bi igandeetan ere luzamendua izango dutenak herrialde eta euskal etxe bakoitzaren ohitura eta ahalen arabera.

Estatu Batuetako Floridan, Tristuraz jakin dugu Miamiko Euskal Etxeak, 25 urte betetzen dituen urte berean, urte hauetan guztietan egoitza izan duen lokala utziko duela. Ospatuko du hala ere Aberri Eguna, ohi duen moduan aire zabalean, parke batean antolatutako piknik familiar tankeran.

Bestela, Argentinan, eta oraindik Aberri Egunari loturik, datorren asteko larunbatean, apirilaren 14ean, egingo dute Cañuelas-en dantzarien jai eta elkarretaratzearen seigarren edizioa, bertako euskal etxeak antolatua, baina Argentina osoko dantzariei zuzendua. Aberri Eguneko deia da, baina dantzari gazte andana biltzen duena, bertakoek ongi antolatzen dakiten moduan.

Eta datorren asteko larunbatean ere, baina hiriburu argentinarrean, FEVAk bere biltzarra gauzatuko du, garrantzitsua, besteak beste --bi urtean behin egiten duenez-- Lehendakari kargua eta federazioaren Zuzendaritza Batzordeko beste hainbat kargu berrituko baitu. Datorren astean emango dugu deialdi horren xehetasunik.

Azkenik, oroitarazi nahi dugu aurten ehun urte betetzen dituzten hiru euskal etxe sartuak direla hain urtebetetze gogoangarrian. Txileko Santiagoko Eusko Etxea eta Uruguaiko Montevideoko Euskal Erria dira  euskal etxeok, Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat-ekin batera. Zorionak berezi bat eurei.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia