Azkeneko sarreran genion egun gutxi barru izango genuela, Eusko Jaurlaritzaren baitan Kanpoko Euskal Gizataldeen Harremanetarako Zuzendaritzari --Diasporaz arduratzen den eremuari alegia-- dagozkion aldaketen berri. Egia esateko, ez dakigu egun horiek asko ala gutxi izango diren, erabakia erabat Patxi Lopez lehendakari berriaren eskuetan baitago. Datorren astean izango, hurrengoan agian?
Kultura sailaren kasuan, goi mailako aldaketak eginak dira eta dagoeneko hartua du Blanca Urgell gasteiztarrak Miren Azkarateren ordea. Gauza bera Patxi Baztarrikari dagokionez --hau ere ezagutua Diasporan--, Ramon Etxezarretak ordezkatu baitu.
Bitartean, gaurko aldizkari ofizialak ekarri du Iñaki Agirre orain arteko Kanpo Harremanetarako idazkari orokorraren zese edo uztea. Despedida gutuna ere bidali die munduko euskal etxeei. Bere ordea hartuko duenaren izendapenik edo berririk ez dago ordea. Postu horretarako norbait izendatu behar du Lopez lehendakariak, eta hori egin ondoren, izendatutako honek beharko du bere ekipoa hautatu, horien artean Diasporaz arduratuko den zuzendaria. Bitartean, eta aldizkari ofizialak besterik dion arte, Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari karguan segitzen du Josu Legarretak.
Dagoeneko joan direnen artean, beste despedida gutun bat heldu da euskal etxeetara, Legarretaren ekipotik bidalia. Orain arte bulego horretako komunikazio harremanetarako aholkularia izan den Joseba Arregik eurei bidalitako gutuna interneten ipini du Estatu Batuetako NABOko sustatzaile John Ysursak erakunde horren webgunean.
Gaia zinez aldatuz, ez naiz hemen Athetic-en partidaz arituko, nahiz eta badakidan segimendu polita izan duela Diasporako hainbat tokietan joan den asteazkenean Bartzelonaren kontra jokatu zuen Kopako partidak. Aipatuko ditut, ordea, eskuartera etorri zaizkidan efemeride batzuez, gehienbat literatur e-mailuak eta Armiarma ekimenei esker. Esaterako, maiatzean, baina 1910eko maiatzaren 6an, hil zen Argentinako Rosarion Pedro Mari Otaño euskal bertsolari handia eta Diasporari zeharo lotua. Eta, gaur egunera etorriz, apirilaren 30ean, baina iaz, Henrike Knörr, Diasporan ibilitakoa bera, Estatu Batuetan eta Argentinan, esaterako. Momentu bat edo beste partekatu genuen berarekin batean zein bestean.
Mar del Platako udaletxe argentinarretik adierazi digute apirilaren 28an eman ziotela Zerbitzu Solidarioaren mereximendu edo errekonozimendua bertako Denak Bat Euskal Etxeari. Hiri horretako Gobernuz Kanpoko Erakundeekiko Zuzendaritzak eta Mar del Platako Kontzeju Deliberantearen erabakia izan da, gehienbat "Pueyrredon-eko Partidua leku justuagoa eta berdintsuagoa bilakatzeko ahaleginean" lankide izateagatik.
Gaurko sarrera iragarkitxo batekin bukatuko dugu. New York inguruan nanny edo haurtzain baten bila bazabiltza, hona hemen aukera ona. Amaiur-ek, bertan bizi den 25 urteko neska hondarribitar batek, bere burua eskaintzen du lan horretarako. Eskarmentua badu eta erreferentziak eskaintzen ditu, Euskal Herrikoak zein Estatu Batuetakoak. Etxeko lanetan ere lagun dezake. Euskara, ingelesa eta gaztelania mintzo ditu. Interesatuta bazaude, aski duzu emaila idaztea, honako helbidera: amaiur.o@hotmail.com, edota, telefonoz, 1 (646) 593-3178 zenbakira deitzea.