euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Agiantza onenak eta San Sebastian eguna pasatu arte

2011/12/30

Urtebete gehiago --hamar pasatu ditugu dagoeneko-- eta hemen segitzen dugu Diasporari lotutako proiektu honekin. Seguruenik 2012 orain arteko urterik zailena izango da, ekonomiari dagokionez, baina zernahi gisaz arazoak agertzen joan ahala aipatuko ditugu, aurreratu gabe, baldin eta agertzen badira.

Urtero bezala EuskalKultura.com-en, urtarrileko lehenengo asteak barruko lanetarako gordeko ditugu. Alegia, guk lanean segituko dugu, baina ez dugu buletina plazaratuko San Sebastian eguna pasatu arte. Gogoratu gure egoitza nagusia Donostian dagoela eta San Sebastian jai egun garrantzitsua dela hiriburu gipuzkoarrean. Ez dadila inor izutu, beraz, nahiz eta, seguruenik, urtero bezala, izango diren pare bat-edo, buletina jasotzen ez dutelako idatziko diguten irakurleak, zeozer gertatzen al den galdezka. Tira, ez gara kexatzen, beti ilusioa egiten baitu ikusteak badaudela euren eguneroko bizitzan txertatuta gauzkaten eta gurekin kontatzen duten Diasporako kideak.

Emisio-geldialdia urtero orain egitearena, munduko euskal etxe eta gizataldeetan garai nahikoa lasaia eta aktibitate askorik gabea delako erabaki genuen. Bereziki Argentinan [Argentina da nazioartean euskal etxerik gehien duen herrialdea] eta oro har Hego Hemisferioan, uda garaian sartu dira eta, horrekin, opor sasoin bete-betean, non euskal etxe gehienek eten egiten dituzten euren lanak, gehienetan otsail, martxo edo apirilera arte.

Baina Hego Hemisferioan uda izateak badakar bestelako ekimenen gauzatzea ere, hala nola, urtarril hasieran, Chascomuseko Udalekua bera, urtarrilaren 4tik 8ra, aurten, bertako Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak antolatuta. Edo otsailean, Uruguaiko Udaleku, kasu honetan FIVU, Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioa antolatzaile.

Pixkat lehenago, urtarril erdialdean, Euskara Munduak programako barnetegi bat egingo dute Buenos Aires probintziako Tandilen, Hego Amerika osoko ikasle/irakasleak bilduz. Eta otsailaren 6tik 17ra arte, Buenos Aires hiriko Euskal Echea eskolan, Sarandi kalean, 2012ko UVV, Universidad Vasca de Verano egingo dute, 2009an hasitako ekimena berau, geroztik urtero arrakastaz egin dena.

Urtarrilaren 20aren inguruan San Sebastian eguneko danborrada eta ospakizunen momentua izango da, ez soilik Donostian bertan, munduko beste zenbait lekuetan ere baizik, danborradak ugaltzen ari baitira emeki-emeki Diasporako euskaldunen artean, tartean Necochea, Bartzelona, Caracas, New York, Seattle, Madril, Bahia Blanca, Murtzia edota Mexiko bezalako euskal etxe eta hirietan.

Bestalde, eta 2012 hastapen honetako prebisioekin segitzeko, asko izango dira nazioartean euren urteko Biltzar Nagusia egingo duten euskal etxeak, Zuzendaritza Batzorde berriak hautatuz, Mexiko DFtik Estatu Batuetako Idahoko Boiseraino, bi aipatzearren.

Zernahi gisaz, guk lanean sehituko dugu eta ohiko email eta telefonoetan gaude eskuragarri, baldin eta gurekin mintzatu, gaiak edo ekimenak proposatu, ekonomikoki aurrera egiteko ideia berriak aurkeztu edota bestelako iradokizunik egin nahi baduzue. Ikusiko dugu bizi dugun kinkak zer ekarriko duen guretzat.

Donostiatik, gure agiantza onenak 2012rako. Urte Berri On!



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia