euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Adierazpen askatasunaz, Alemaniako Munich-en au pair euskaldun bila

2008/06/09

Ez dut zutabe honetan politika mundua ikutzeko asmorik. Nahiz eta guztia zipriztintzen duen, eta izugarrikeriak gertatu arren, Diaspora eta Kultura zentzu zabal eta aldi berean zurrunean tratatzeko asmoa daukat. Halaxe egin dugu orain arte EuskalKultura.com-en. Besteak beste, egungotasuna eta aktualitatea tratatzeko beste hamaika medio daudelako. Gu, Diasporaz diharduen egunkari bakarra izanik, besteek egiten ez dutena egiten dugu: Diasporari buruz jardun.

Azken zutabera, ordea, euskararekin, adierazpen askatasunarekin eta justiziarekin zerikusia duen, eta herritar, euskaldun eta kazetari gisa hurbiletik ikutzen gaituen gai bai ekarri nuen: Egunkariaren itxierarena. Ez natzaio egungotasun horri sobera lotuko, baina behingoz esan dezadan --eta aurrerantzean zentzu honetan gure ekintzek gure hitzek baino gehiago esango dute-- bortizkeria horiek guztiak arbuiatzen ditugula. Eta Egunkariaren eta beste medio batzuen itxiera bezalaxe, atzo Bizkaiko komunikabide baten kontra eginiko erasoa ere ulertezin eta arbuiagarri jotzen dudala.

Kazetarien Eguna, Aljazeera

Hau guztia, Argentinan Kazetariaren Eguna ospatzen ari zela joan den larunbatean, ekainak 7 [datak 1810eko egun horretan ideia abertzale argentinarrak defendatzen zituen lehenengo komunikabidea, 'Gazeta de Buenos Ayres' izenekoa, sortu izana gogoratzen du eta Argentinako kazetariek 1938an ezarri zuten kazetarien egun bezala]. Mila esker, beraz, egun hori dela-eta zorionak eman dizkiguzuenoi.

Bitartean, Londreseko Euskal Etxetik adierazten digute datorren larunbatean, Aljazeera telebista katearen ingelesezko bertsioak Donostiari buruzko dokumental bat emitituko duela. Izenburua, 'Street Food, San Sebastian'. Gastronomiaz eta euskal kultura eta nortasunaz izango omen da.

Neska euskalduna Munich-en au pair aritzeko

Eta gaurkoa akitzeko, Munichen au pair aritzeko neska euskaldun ingelesdun baten bila ari den bilbotar baten deia nahi nuke ekarri. Bere bi haurrek Haizea, 6 urte, eta Ainhoa, 3, izena dute eta alemana, gaztelania eta euskararekin (ama hizkuntza) batera, ingelesa ere (ahulago) mintzatzen dituzte.

Abuztuan badoakie orain daukaten au pair-a, ikasturte osoan, irailetik eurekin egon den Jone durangarra --erabat gustura ibili dena familiarekin, aitortu digunez-- eta norbait beharko lukete, haurrekin eta etxearekin laguntzeko ama lanean ari den bitartean. Alpeetatik gertu, Munich-etik hogei bat minutura dagoen paradisu txiki batean bizi omen dira. Familia normal eta jatorra direla argitzen du bertatik Iratxe De la Quintana amak. Interesatuek iratxe@spanisch-service.de helbidera idatz dezakete, edo 00 49 8152 981544 telefonora dei egin.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia