euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Abendua, hilabete arras aktiboa mundu zabaleko euskalgintzan

2011/12/05

Euskal Herriko zati handi batean aste berezia da honakoa, Hegoaldean abenduaren 6a, asteartea, eta 8a, osteguna, jai publikoak izanik ahal izan dutenek tartean lan-egun geratu diren astelehen, asteazken eta ostirala (hiru egunak, bi edo bakarra izan ez bada ere) 'zubi' hartu eta opor-tarte berezia egin baitute, edo egiteko asmotan baitira.

Batzuk opor-egun bereziak hartzeko edo kanpora ateratzeko baliatuta [beste batzuk hori egin ezinik jasaten ari garen krisialdia dela-eta], Euskal Herriak Durangori lotua eta bertako Euskal Liburu eta Diskoaren Azokari lotua bizi duen unea da abendu hastapena. Aurtengoan, atzo igandez inauguratu zen Azoka, eta datozen lau egunetan egunero zabalduko ditu ateak Durangoko Landako pabilioian euskal argitaletxe, diskoetxe eta kultur mozkinen erakuslehio eta bilgune den ekimen honen 46. edizioak.

Baina horretaz gain, urte osoko hilabete aktiboena izango da, seguruenik, abendua, Diasporako euskalgintzari dagokionez bederen.

Batetik, hilabete hasieran, abenduaren 3an [aurten, joan den larunbatean], Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzen delako munduko euskal etxeen inguruan bereziki, hainbat ekitaldi, kultura aste eta elkarretaratze tarteko, eta Eusko Ikaskuntzak esparru horretan ENE Saria banatzen duelako [aurten Madrilgo Euskal Etxeari egokitua]. Emana dugu albisteen sailean zein agendan Euskararen Egunaren inguruko hainbat programa eta hitzorduren berri. Bada baita ere egun berean Nafarroako Eguna ospatzen duen euskal etxerik, hala nola Pariseko Euskal Etxean, nahiz eta kasu honetan datorren asteburuan izango den.

Bestetik, abendua ikasturte amaiera jaien garaia da euskal etxe ugaritan, batez ere Hego hemisferioan, hor ikasturtearen eta urte naturalaren bukaera bat baitatoz. Eta Olentzero eta eguberri jaien garaia, eta urte amaiera jaien tenorea; eta euskal etxeetako abesbatzen kasuan ere, eguberri-kontzertuen unea.

Tartean, euskal etxe batzuk, batez ere espainiar estatuan, Santomas ere ospatuko dute abenduaren 21ean (Madril, Bartzelonan...); Mexikon, ohiturari segituz, 'posadas' delakoak ere ospatuko dituztela pentsatzen dut; eta leku jakin batzuetan --AEBetako Salt Lake City, San Frantzisko eta Chino bururatzen zaizkit-- urte amaiera eta urtats festa berezi eta bilduak antolatuko dira, Euskal Herrian jaiotako immigrante belaunaldiak eta euren seme-alaba eta birbiloba Ameriketan jaiotakoek urte zaharrari adio esan eta urte berriari elkarrekin emango diotela, familia giroan.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia