euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire iritzian

Martin Ugalderen irakaspena

2021/10/18

Ez da izango seguruenik Martin Ugalderen lanik garrantzitsuena, baina niretzat 'Ama gaixo dago'k balio berezia du. Iritsi berria nintzen Caracasera eta sartu berria Eusko Etxeko komunitatean. Semea izatea proposatu zidaten Imanol Solabarrieta ondarroarra aita zen antzerki irakurri batean eta Andima Ibiñagabeitia aitona. Solabarrietarrak Ondarroako azken alkate abertzalearen seme-alabak ziren, eta Andima euskal kulturaren ezinbestekoetako bat, Lisboatik espioia izateaz gain demokraziaren alde eta faxismo guztien kontra; ez zitzaizkion urte asko geratzen, El Cementerioko euskaldunen panteoian lurperatuta dago, nahi nuke jakin panteoiak oraindik zutik dirauen eta inork zaintzen al duen. Neu lehenago ere egondakoa nintzen Martin Ugalderekin, Txillardegiren etxean, lehenago Iñaki Azpiazurena izana zen etxe batean, Azpiazu ere abertzale nabaria, Argentinan garrantzi sozial handia lortu izan zuena.

Aukera hartan, Martinek, Andimak berak bezala Caracasetik Txillardegirekin gutun jarioa zeraman gizona, Europara bidaiatu zuen, 1964a izango zen, eta zuzenean eta aprioririk gabe ezagutu nahi zituen zeresan handia ematen hasia zen gazteria errebelde hartako buruzagiak. Ezagutu, eta erraztu nahi zuen belaunaldi ezberdineko abertzaleen arteko elkarrizketa, hasieratik hain zaila izan dena. Bost solaskide egon ginen bilera hartan, ni gehienbat entzule, eta atera ginenean Martinek esan zigun hura berak parte hartutako euskara hutsezko lehenengo bilera politikoa zuela bere bizitza osoan.

Caracasen asko eta oso ondo hitz egin zidan berari buruz Unibertsitate Katolikoko Komunikazio Eskolako ikaskide batek, Ugalderen kolaboratzailea zen El Farolen, Creole petrolio-enpresaren kultur aldizkarian. Ondo hitz egin zidan berari buruz profesional gisa, baina batez ere pertsona gisa, hori baitzen mundu guztiak aitortzen ziona, nahiz eta batzuei deserosoa egiten zitzaien pentsatzeko eta egiteko beti agerian utzi zuen independentzia. Egun batean, Venezuelan ekonomikoki eta sozialki hobekien zegoenean, Martin Ugaldek maletak egin zituen, familia itsasontzian sartu, eta Euskadira etorri zen odol berri beharrean zegoen Erbesteko Eusko Jaurlaritza indartzera. Leizaola lehendakariaren bigarrena izan zen, baina lehenengoa abertzaleen arteko lankidetza sustatzeko eta sostengatzeko orduan. Asmo horrek ez zion sekula alde egingo, nahiz eta bere militantzia politikoko kideek ez zuten beti ondo ulertu eta onartu.

Berriki iritzia eskatu didate bere pertsonari buruz, bere figuraz, eta bere gaitasun profesionalak eta zintzotasuna aipatu ditut, bere kezka eta ardura euskararen alde; 1960. hamarkadan, 'Ama gaixo dago' idatzi zuenean, gaixo sentitu zuen 'ama' haren alde, oraindik eriondo segitzen duen ama. Baina bereziki nabarmendu nahi nuke, bere jaiotzaren mendeurrena oroitu eta ospatzen ari garen honetan, bere engaiamendua, azkeneraino, euskal abertzaleen arteko ulermenarekin, batez ere euskararen normalizazioari zegokionean. Euskarazko egunkari bat sortzeko egin zuen ekarpena ezinbestekoa izan zen, eta garesti ordaindu zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »
Jose Felix Azurmendi

Jose Felix Azurmendi

Durango, 1941. Haurtzaroa Durango eta Markina artean bizi izan zuen, eta nerabezaroa eta gaztaroa Gernikan. 1963ko abenduan, polizia frankistari izkin egiteko gurasoen etxetik alde egin eta ezkutuan bizi izan zen ETAko militante gisa. 1966an Venezuelan babestu eta Caracaseko Euskal Etxeko kide izan zen. Venezuelan ezkondu, familia sortu eta kazetari egin zen. Euskal Herrira itzulita ibilbide profesional oparoa izan du, besteak beste Egin-eko zuzendari izanik, baita Deia-ko zuzendariorde, Radio Euskadiko zuzendari, ETBko Nazioarteko Kanaleko zuzendari, zenbait libururen egile, eta batez ere, gaurkotasuneko iruzkingile eta solaskide zenbait komunikabidetan.

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia