euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire iritzian

Loiolako Santutegia

2022/09/26

Diote Unamunok esan zuela Jesusen Konpainia eta Txileko Errepublika direla euskaldunek utzitako emaitza nagusiak. Ondo samar ezagutzen ditut Txile eta txiletarrak pentsatzeko bazegoela eskatzerik On Migeli zehaztasun gehiago. Izan ere, euskal ikutua oso presente dago herrialde hartako klase sozial jakin batean eta bere historian, baina hainbesteraino orokortzea ez dagokio haren altuerako intelektual bati. Seguruenik ez zuen esan, edo ez zuen behintzat hala esan, baina esaldi biribil eta erabateko hauekin hala gertatu ohi da. Aitzitik, Jorge Luis Borgesek, nonbait bere esnezalearekin arazoren bat izana zuen zuen pertsona, esaten zuten esan zuela, euskaldunen ekarpen bakarra kultura unibertsalera txapela izan zela.

Jesusen Konpainiarena onargarriagoa iruditzen zait, fundatzailea euskalduna izan baitzuen, sakonki errotua Gipuzkoako bihotzean, eta bere jarraitzaileetako asko euskaldunak izan baitira, euretako gorenena, askoren iritzian, Xabierko Frantzisko. Ez da nire asmoa azpimarratzea hemen bigarrena lehena baino euskaldun hobea izan zenik, ezta nabarmentzea ere lehena zauritu zuten gudua, eta bestea kontrako aldean izango zuena. Hala izan ala ez, egia dena, ni neroni lekuko bainaiz, Caracaseko Eusko Etxean baskongadoaren koadro bat zegoela da, eta haren herrikide batek itzulikatzen zuela, buelta ematen ziola, pentsatzen baitzuen zorte txarra ematen ziola hiru lagunekin jokatzen zituen partidetan. Egun batean euskaldun txar haren koadroa desagertu zen, eta guztiek pentsatu zuten, tartean Zuzendaritza Batzordeak ere, aipatu nafarrak eraman egin zuela. Baina ez, ez zen bera izan, eta berehala agertu zen berriz. El Paraísoko txoko hartako abertzaleen artean gauza onartua zen, arrazoiz ala gabe, Ignazio euskaldun txarra zela eta Xabier, oso ona.

Duela egun batzuk Loiolan izan nintzen, lagun zahar jesuita bat bisitatzera, dagoeneko venezuelarragoa euskalduna baino, Azpeitian jaioa. Ignazioren sortetxea herri horren eta Azkoitiaren erdibidean dago. Autopistatik atera eta Elgoibarren sartu nintzen, bertako kaleak zeharkatuz, Txarridunaren aurretik pasatu eta Azkarate igo nuen betiko bidetik: asko neukan gogoratzeko, aldatu zen ala ez baieztatu nahi nuen, eta esan diezaizueket ez dela aldatu. Itzulera errepide berritik egin nuen, jakina. Harritu ninduen menditik jaitsi baino lehen, Elgoibarren sartu aurretik ere, ezein kartelik ez iragartzea Santutegia. Baina are gehiago harritu ninduen batere abisurik ez egotea lauera iritsitakoan. Ez dut pentsatu ere egin nahi promoziorik ezak loturarik izatea instituzioen balizko laizitatearekin eta udalbatzako buru ezker abertzalea izatearekin. Ergelegia litzateke eta ez da hori bertako buruzagiez daukadan inpresioa. Zein da orduan santutegiko kupula, berau iragar dezakeen ezein kartel baino lehenago ikustearen arrazoia?

Jakina da jesuitek ez dutela bizi Euskadin bere momenturik goxoena. Jakina da betidanik lagun izan dutela maltzur fama moduko bat eta, nik behintzat eurak ezagutzeko zortea izan dudan heinean, ez dutela merezi, baina euskaldunek beharko genuke jakin Loyola izena seguruenik gureetako ezagunena dela mundu osoan. Fededun izan, fedegabea edo axola gutxikoa gai horietaz, inork ez genuke hori desezagutu behar, guztiok harro egon beharko genuke gure herri txikiko leku txikitxo batean Loiolako Ignazio bezalako norbait jaio izanaz, bera eta bere ordena, sekula ez hobeto esanda. Haren sortetxearen alboan pasatu dituzte eta pasatzen ari dira euren azken egunak nire lagun jesuitetako batzuk. Bertan gordetzen dira, ehorzten dituzte, diskrezioz.



hurrengoa »
Jose Felix Azurmendi

Jose Felix Azurmendi

Durango, 1941. Haurtzaroa Durango eta Markina artean bizi izan zuen, eta nerabezaroa eta gaztaroa Gernikan. 1963ko abenduan, polizia frankistari izkin egiteko gurasoen etxetik alde egin eta ezkutuan bizi izan zen ETAko militante gisa. 1966an Venezuelan babestu eta Caracaseko Euskal Etxeko kide izan zen. Venezuelan ezkondu, familia sortu eta kazetari egin zen. Euskal Herrira itzulita ibilbide profesional oparoa izan du, besteak beste Egin-eko zuzendari izanik, baita Deia-ko zuzendariorde, Radio Euskadiko zuzendari, ETBko Nazioarteko Kanaleko zuzendari, zenbait libururen egile, eta batez ere, gaurkotasuneko iruzkingile eta solaskide zenbait komunikabidetan.

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia