Mexikon bizi den lagun ertamerikar batek, antigoaleko gauzen dendetan liburu xaharren peskizan ibiltzea gustuko duenak, egoera onean dagoen ale bat bidali dit, egilearen, Pio Montoyaren, eskaintzarekin Jose Maria de izaurieta, joan den mendeko 30.hamarkadan buruzagi jeltzale garrantzitsu izandakoari, frankisten garaipenaren ondotik Mexikora erbesteratu zena bera. "El Pueblo Vasco frente a la Cruzada franquista" (Euskal Herria Gurutzada frankistaren aurrean) dauka izenburu eta bertan Pio Montoya apaizak desegin egiten ditu Francok bere kolpe militar faxista balore kristatuen aldeko Gurutzada gisa aurkeztu nahian asmatu zituen gezurrak. Liburua apartekoa da, gertakariak bertatik bertara bizi izan dituen eta metodoz eta rigorez kontatzen dituen pertsona batena. Honela dio eskaintzak: “A José Mª de Izaurieta renovando el gratísimo y ya viejo recuerdo del encuentro de Igaratza junto al Àngel de Aralar, con el mayor afecto. Pío de Montoya, 15-XII-66” (Jose Mª de Izaurietari estimuz, Igaratzan Aralarko Aingeruaren ondoan izan genuen topaketako oroitzapen dagoeneko xaharra berrituz, Pío de Montoya, 66-XII,15).
Interesa luke liburua irakurtzeak eta garrantzitsua litzateke Izaurietaz eta Montoyaz gehiago jakitea, biak ala biak pertsonaia garrantzitsuak izan baitziren euskaldunen kausan, baina ez zen hau hain zuzen nire lehenengo asmoa, hunkitu ninduen historia eta istorioz beteriko liburu honen berri zurekin partekatzerakoan. Sortzen didan lehenengo itauna zera da: nola bere jabeak kontu handiz gordeko zuen zerbaitek bukatzen duen liburudenda ezezagun batean, bertan seguruenik lotan geratzeko suntsitua izan arte, ez balitz honelako gauzak estimuan dituen norbaiten eskuetara iritsi. Ez da nire lagun honek Latinoamerikako liburudendaren batean anonimotasunetik erreskatatu eta helarazten didan euskal gaiko lehenengo liburua, ezta antzeko aurreneko eskaintza ere. Liburuaren jabeak hil egiten dira eta euren ondorengoek ez dira beti haien interes eta zaletasunen oinordeko. Egon behar du, batere zalantzarik gabe Mexikon, Kuban, Guatemalan, Argentinan, Uruguain, Txilen, Venezuela eta Kolonbian non miatu honelako altxorrak topatzeko, altxor baliagarriak gure kultura eta memoria kolektiboa elikatu eta eraikitzeko.
Orain egun batzuk Josu Okiñena musikari eta ikertzaile donostiar bikainak -OndarE Oficina (OE)- gogora zekarkigun Berria egunkarian euskal musikako zenbat altxor dauden Euskal Herritik kanpo barreiatuta, erdi ezezagun, bereziki Uruguain, Txile, Kuba, Mexiko eta Estatu Batuetan. Euskal musika, esaten zuen, ez baita hemen bakarrik konposatu, diasporan ere baizik, sarri askotan munduan barreiatutako erlijiosoen eskutik eta euren lanak gal daitezke ez badira garaiz erreskatatzen. Jakina da beste kultura batzuk ezagutzeak norberarena aberasten duela eta mestizajeak sormena sustatzen duela, nabari denez gure sortzaileek urrundik egindako musika, folklore eta literaturan. Okiñenak agindu du laster ezagutaraziko dituela Amerikako lurretako bere ikerlanetako batzuk, "diasporan egiten dena Euskal Herrian ezagutu behar baitugu. Normalean, pentsatzen dugu Euskal Herrian sortzen edo ezagutzen duguna dela euskal kultura, eta hori baino askoz zabalagoa da",
Halaxe da.