euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire iritzian

Amerikanuek

2022/02/01

Ez dakit zergatik zegoen Manuel Irujo Santos Rekalde abade durangarraren lanaren kontra honek euskal gazteak, gehienak baserrikoak eta euskaradunak, Mendebalde amerikarrera emigratzera animatzen zituenean. Seguruenik Irujori irudituko zitzaion, euskal artzainen kapilauak agintzen zien lana iruzurra zela hein batean eta 'agindutako lur' hura saltzen zuena baino askoz oparotasun gutxiagokoa zela. Ez dut uste nafarrak berri handirik zuenik durangarraz. Hau, bestalde, abertzale zintzoa eta bere jendeari atxikia zen: agian ez zioten informazio zuzena eman. Izan ere, tolesgabea izan zitekeen, baina sekula ez iruzurgile edo interesatua, bera ezagutu zuten askok hala esana, tartean adibidez nire gurasoek; bere ama tratatu zuten, alargun gazte bat, nire aitak lan egiten zuen botika garbitzen zuena.

Manuel Irujo zuzen ibil zitekeen, bere asmoa artzain haiek nozitu behar zituzten lan-baldintza gogorrez ohartaraztea bazen, erabat arrotza zuten testuinguru batean abandonatuta, hizkuntza jakin gabe, geografia, euren eskubide eta betebeharrak eta, kasu askotan, bereziki Bizkaitik joandakoen artean, ezta ofizioa ere, aurretik sekula artzain izan gabeak ziren neurrian, zuzenean pasatu zirelarik, onenean, astoren baten gainetik ibiltzetik zaldi gainean ibiltzera eta etsai zuten inguru baten kontra borrokatzera. Artzainen beste multzo handia ziren Nafarroako bi aldeetatik joandakoek gehiago jakingo zuten ardiez eta artaldeez eta baita ere, agian, zaldiez; ez ordea haien gainean trostan ibiltzeko, kontrabandoan ibiltzeko baizik. Seguruenik izango zuen XIX. mende hondarretik gazteak erakartzeaz arduratzen zirenek egindako gehiegikerien berri, bereziki Ipar Euskal Herriko hiritargo frantsesdunen artea, baina ezin zuen gutxietsi garai hartan euskal gazteek bizi zuten aukerarik eza, lanerako indarra ondasun bakartzat, gaizki ordainduta, giro sozial goibel batean.

Hau guztia etorri zait gogora Las Vegasen zendu berria den Jose Mari Beristain oroitzean. Familia urrunekoa nuen, bere ama Balbina nire amaren lehengusu propioa baitzen, ondarroarrak biak, eta biak ala biak gure kostaldeko emakume adoretsuei buruzko egia eta mitoak batere gezurtatzen ez zituztenak. Ondo gogoratzen ditut Balbina eta bere hiru seme-alabak Markinan, ganbara tankerako pisu batean bizitzen, Amerikara joateko prestatzen, Elkora, familiaburuak, ordurako hain gaztea ez zen Barinagako baserritarrak, urteak baizeramatzan han bizitzen. Josemari(txu) Vietcongaren kontra borrokatzen bilakatu zen erabateko amerikar; estudiatu eta gogor lan egin eta artzainen seme ziren beste batzuei ukatu zitzaien dirutza egin zuen. Bere erroekiko kontaktua sekula galdu ez zuen pertsonetakoa izan zen eta seme-alabei transmititzen saiatu zen. Alderdi askotan euskalamerikar (bizkaitar) enblematikoa izan da, hango eta hemengo bere familia eta lagunek espero zutena baino askoz lehenago joan zaigu..

Gaurkoan afekzioz gomutatzera mugatuko naiz eta bera aitzakiatzat hartzera jende eta garai jakin bat aipatzeko; gaur egun, gure milaka gazte baldintza eta testuinguru zeharo desberdin batean pasa direnean AEBko Mendebalde eta Ekialdetik; ezin erraz irudikatu euren herrikideek soilik orain hamarkada batzuk bizi izandakoa. Hurbiletik ezagutu nuen baita ere beste euskalmerikar mota bat, Arratzuko baserri bateko oinordekoa, urte batzuetan lur haietara landatzea onartu zuena, dolarrak banan bana aurreztu eta altxor zeharo txiki bat batu ahal izan zuena, baina nahikoa maiorazkoak zekarzkion anaia-arrebekiko konpromisoak bete eta baserriaren erabateko jabe bilakatzeko. Etxetik irten eta gau eta egun aritu zen urte batzuetan lanean dolarrekin etxeratzeko, eta seguruenik pezeta bihurtu zituen Txomindolarrekin, Jose Antonio Agirreren anaia batek negoziak egin ohi zituen berberarekin, harrapatu zituzten arte. Geroago bere beste anaia batek ere 'Amerikak' egin zituen, baina baldintza eta emaitza ez hain mingarriz.

Badaude beste gizaseme eta emakume batzuk urte horiexetan emigratu zutenak, baina beste norabide batean, Australia aldera, hasiera batean azukre-kainabera moztera, beti ere gogor lan egitera, eta lur hura birpopulatzera. Australiarako emigrazioak, zenbakiz apalagoa eta denboran mugatuagoa izan arren, emigranteen profila dauka komunean amerikar Mendebalderakoarekin, bietan betidanik ezagututako lan gogorrari muzin egiten ez zioten baserritarrak baitziren, baliabide gutxi eta familia handiko egoera haietan etsipenez ozta-ozta bizi ahal izatera mugatu nahi ez zuten jendeak. Edonondik edonorako emigrazioak gauza asko dauzka komunean, tristezia eta bozkario asko. Taldeko indartsuenek emigratu ohi dute, ezaguna ez denari aurre egiteko beldurrik ez dutenek, ez ahulenek. Batzuei besteei baino hobeto doakie. Batzuk etxeratzen dira eta beste batzuk lurralde berria bilakatzen dute etxe. Euskaldunok, gutxi izan arren geure artean sobera ongi moldatzen ikasi ez dugun hauek, badirudi beste herri batzuk baino atxikimentu handiagokoak garela erroekiko loturei eusteko orduan. Zeozergatik izango da.

Pete Cenarrusak, euskal odoleko eta larru amerikarreko 'Bizkaitar Argia' izan zenak zioenez, euskaldunen eta iparramerikarren izaera ondo uztartzen da, askatasunari dioten atxikimendu konpartituagatik. Seguruenik bere buruaz eta bere ingurukoez ari zen, eta bere gurariez. Caracasen ezagutu nuen Pete frankismo peto-petoan Jagi-Jagiko abertzale baten etxean, ezerk pentsarazten ez zuenean egun batean 'Bizkaitar Argia' eta Idahoko are gizon ospetsuagoa izango zela, eta zentzu handia adierazi zuen 2010 erdialdeko larunbat batean Deian esan zuenean Euskal Herrian beharrezkoa zela su-eten bat eta segidan alderdi guztien arteko elkarrizketa-mahai bat; errespetatu beharra zegoela autodeterminazio eskubidea eta ETA “erreakzioa zela lehenagoko zerbati”. Zer esango zuen gaur egun dabiltzan errelatoetako batzuei erreparatuz! Batzuetan, gauzak hobeto ikusten dira urrutitik.



Komentarioak

  • Ameriketan

    Jose Felix, egin on :
    Gustatu zaidak idatzitakoa. Ohar bat, hala erę: nik uste hemendik hara joaten ziren nafarrak bizkaitarrak bezal-bezalakoak zirela, ardiei dagokienez. Nire ingurutik anitz joan zituan, familiatik ere. Horiek ardiak anitzetan ikusiak bai, baina bakan gustu-gustura belaietan. Ez ziaten inolako esperientziarik artzain gisa. Beharbada, baten batek, baina salbuespena. Bestetik, batzuek astoa kontrabandoan ibili bai, baina eskutik, paketez betea, ez gainean.
    Pete Zenarruzarekin bazakaldu nian behin gobernadorea zela, Idahon.
    Ongi izan, esker mila, eta besarkada bat,
    Pello

    Pello Salaburu (Leioa), 2022/02/04 12:37

« aurrekoa
hurrengoa »
Jose Felix Azurmendi

Jose Felix Azurmendi

Durango, 1941. Haurtzaroa Durango eta Markina artean bizi izan zuen, eta nerabezaroa eta gaztaroa Gernikan. 1963ko abenduan, polizia frankistari izkin egiteko gurasoen etxetik alde egin eta ezkutuan bizi izan zen ETAko militante gisa. 1966an Venezuelan babestu eta Caracaseko Euskal Etxeko kide izan zen. Venezuelan ezkondu, familia sortu eta kazetari egin zen. Euskal Herrira itzulita ibilbide profesional oparoa izan du, besteak beste Egin-eko zuzendari izanik, baita Deia-ko zuzendariorde, Radio Euskadiko zuzendari, ETBko Nazioarteko Kanaleko zuzendari, zenbait libururen egile, eta batez ere, gaurkotasuneko iruzkingile eta solaskide zenbait komunikabidetan.

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia