Duela egun batzuk, Parisen Expolangues hizkuntza azoka ospatu zen, munduko hizkuntzen azoka eta topagune erreferentziala dena. Edo izan ohi zena, garai batean behintzat. Gaur egun Expolangues ez da duela urte batzuk ezagutu genuen azoka bizi, jendetsu eta erreferentzial hura.
Hizkuntza azokak eragile eta erakundeek egiten duten lana erakusteko leihoak dira: gurea bezalako hizkuntzaren inguruan dagoen informazio guztia banatzeko lekua, euskara non ikasi, metodologiak, hizkuntzaren inguruko azken ikerketak, berriak, mugimenduak, hausnarketak, eta hizkuntzen inguruan mugitzen den guztiak du lekua bertan. Gurea bezalako hizkuntza gutxitu bat beste hizkuntzen aurrean parekatzeko garrantzi handiko erakusleihoa da. Harremanetarako ezinbesteko topalekua da gainera. Baina gizartearen komunikazio sistema hain bizkor aldatzen ari den garai hauetan, Expolanguesen formulak ez du urte batzuetan zuen eraginkortasunik.
Arrazoi asko izan daitezke honen eragile: krisialdi eta gastu murrizketak; frantsesak, komunikazio hizkuntza gisa, nazioarte mailan lekua galdu izana; azokek duten formularen berrantolaketa beharra; gaur egun, hizkuntzen inguruko informazioa sarean barrena oso azkar jaso, mugitu eta zerbitzatzen dela; etab. Gainera, egun Parisen indarrean dauden segurtasun neurrien eraginez, ikasle eta ikastetxeetako taldeek Expolanguesera bisitak bertan behera utzi behar izan dituzte, besteak beste.
Gure 2015eko Expolangues honek alderdi oso baikorrak ere izan ditu. Azkue Fundazioa eta Etxepare Euskal Institutua elkarlanean eta elkarrekin joan dira. Benetako elkarlan hau ezinbestekoa eta oso ona da gure hizkuntza munduratzeko.
Oso ederra izan zen bestalde, Sorbonan, Etxepare Institutuko irakurle den Miren Ibarluzeak antolatutako Jabier Muguruza musikari eta Gerardo Markuleta poetaren errezitaldia, non portuges, katalan, galego eta gaztelaniako ikasle eta irakurleek ere parte hartu zuten. Eta etorkizuneko begirada, azokaren azken eguneko mahai inguruan entzun zen: bertan, Andreu Bosch (Llull Institutuko hizkuntza eta Unibertsitateetako zuzendaria), Josune Ariztondo (Azkue Fundazioko Lehendakaria) eta Pello Salaburuk (EHU irakasle eta SEG proiektuaren zuzendaria) “sareak” katalana eta euskararen sustapenean duen eraginari buruz hitz egin zuten. Benetan interesgarria eta, zalantzarik gabe, jarraipena izango duen mahaia.