euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Errikotxikiko nire txokotik

Urte Berri On! Gogoeta

2021/12/29

Badator pandemiak markatutako beste urte amaiera bat, Euskadiko zenbakiak kezkagarriak direla.

Ez ditugu izan edo murriztuta izanizango ditugu egun hauetako ohiko ospakizunak, hala nola San Tomas Feria, Olentzeroren kabalkada edota lagun eta familiakoen bilgarri izan ohi ditugun bazkari eta afariak giro lasai eta atseginean.

Etxeratzea hobesten da, birusa zelatan baitabil: kutsa gaitezke edo kutsa dezakegu, eta bizitzaren aldeko gizabidezko jarrera, bizi dugun sasoi kristau honetan gaitzaren zabalkundea saihestea da.

Gauza asko gertatu dira 2021 honetan erasotu digun izurrite global honekin batera, politiko, sozial eta ekonomikoak. Duela gutxi, Nafarroa eta Euskadik, bertako ibaiak gainezka zeuzkatela, euren lankidetza protokoloa zabaldu dute 29 arlotan, euren biztanlegoaren mesedetan, dokumentua Chivite presidenteak eta Urkullu lehendakariak sinaturik.

Ez zitzaigun oharkabean pasa Mikel Irujo sailburuaren presentzia protokoloa sinatzeko ekitaldian.

Irudi luke Manuel Irujoren (Lizarra, 1891 - Iruñea, 1981) heriotzaren berrogeigarren urteurrena gogoratzen ari garen honetan haren bizitza-herentzia gure politika berriaren formatuan datorkigula. Irudi luke bere bizitza eta bere aurrekoena bete zuen aldarrikapenari arrazoia ematen zaiola.

Bere aita Danielek Sabino Arana Goiri defenditu zuen abokatu gisa, ez bakarrik espetxetik askatuz, defentsan abertzaletasunaren aurrekari izango zen diskurtsoa eginez baizik.

Manuel Irujo, bere biografia luzeko beste hainbat alderdiren artean, Oñatiko Kongresuan, 1930, idatzitako Euskal-Nafar Estatutuaren defendatzaile sutsua izan zen, Alkateen Lizarrako Batzarrean aurkeztua, Fortunato Agirre eta Jose Antonio Agirrerekin batera, 1931.

Urtebete geroago botoekin iruzur eginez amilduko zuten; bost urte geroago, Fortunato Agirre Taxoaren fusilatuko zuten, eta Agirre eta Irujok sobera iraun zuen erbestearen bidea hartuko zuten, eurentzat, itxaropena lagun egunero landu zutelarik, emankorra izan bazen ere.

Euren testamentua jasandako zapalkuntza baino indartsuagoa izan da.

Noaingo gudua gogoratu dugu, 1521, ekainaren 30a, gure Erresumaren independentzia galdu genuen unea, 1512ko inbasioan kendu zigutena berreskuratzearren hamar urtez etengabe borrokatu ondotik.

Ez gara erori 2021 honetan politikari batzuk entseatu ziren enfrentamenduaren tranpan...

Albo batera mugitu ginen, dantzatzeko itzulia bailitzen, hau baita Jorge Oteizaren arabera errealitateari aurre egiteko euskal manera, dotore eta sinbolikoa; eta ekitaldiak lasaitasunez egin genituen, ohoratuz eta ez laidotuz bizitza galdu edo zauriak nozitu zituzten bost mila nafarrak, zelaian barreiatuta, Nafarroaren izena ezpainetatik maitasunez euren azkeneko hots gisa eskainiz, haizeak hala gureganaino helarazia..

Liburu berriak plazaratu dira gure iraganaren historia berrikusten.

Artxibo eta liburutegiak ireki dira gure jendeak miatu eta iragana arakatuz gure herentziaren egia iker zezan.

Noren oinordeko garen jakin nahi dutenentzat, nondik gatozen jakiteak axola baitu, nora goazen edo nora joan nahi dugun jakin dezagun.

Inposatutako gezurrik gabe, zapalkuntza interesaturik gabe, gure egiaren jabe.

Giza Eskubideen Gutuneko oinarria da, 1948, abenduaren 10 batean erdietsia, gogoratzen dugu, idatzia mundu gerrak ekarritako izugarrikerien osteko gogoeta mikatzaren ondotik, 1939-1945.

Bere 30 artikuluetatik gailentzen dugu gizonak, gaur egun gizon-emakumeak esango genuke, duintasunean berdinak jaiotzen garela, bizitza eskubide dugula, libre bazterkeriatik, esklabutzatik, torturatik, berdinak legearen aurrean...

2020an artikuluak emendatu zitzaizkion informaziora sarbidea izateko eskubidea babestea bilduz COVID-19az eta ondorioez.

Urte amaiera honetan, osasun murrizketa guztien gainetik aurrera egin du Durangoko Azokak, guztion hobe beharrez; eta bertaratuz argitaratu diren liburuen artean, buruiritzia izanda, nirea bereiziko dut: Cartas desde la libertad (Gutunak askatasunetik), Alberdaniak argitara emana.

Nobela gisa, gutun moduan, itsasontzi bat bete zuten 800 bidaiarien trantzea bildu dut bertara.

Duela 80 urte, 1941, urtarrilaren 15ean, hotzaldi polar batek Europa astindu zuen, Frantzia okupatua Hitlerrek bitan banatua, Marseillan elurra egitera heldu zen eta bertako portuan zegoen ainguratua itsasontzi salbatzailea.

Gizateria batek sartu ahal izan zuen han, tartean, etortzekoa zen Holokaustotik ihesean zetozen judutarrak, espainiar errepublikarrak euren Bigarren Errepublikako presidente izandako Niceto Alcalá Zamora buru, Franco, Mola eta Sanjurjoren estatu-kolpearen ondotik hiru urteko gerra zibila, 1936-1939, jasan ondoren askatasunaren defentsan. 

Eta euskaldunen taldea, beren artean Basterretxea eta Monzon diputatuak, Amezaga eta Tellagorri intelektual eta idazleak, Lehendakariaren arreba Teresa Agirre eta bere familia, euskal emakumearen adorearen adierazgarri testuingu areagotu hartan.

Galdua zuten gerra Euskadin, euren ondarea, eguneroko bizitza, familiak... Militarismoa, zapalkuntza, erasoa, heriotza nagusi ziren mundu baten menpe zeuden. Franco eta bere aliatu Hitlerrek euren existentzia bera mehatxatzen zuten.

Baina aurre egin zioten zorigaitzari.

Mario Benedetti uruguaitarraren poemako hitzak bailiren: Ez amore eman: Ez amore eman/ garaiz zaude oraindik/ heldu eta berriro hasteko/ Onartu zure itzalak, ehortzi beldurrak/ askatu pisua, hegaldiari eusteko/ Ez amore eman, bizitza hori delako/ Bidaiari eutsi/ ametsei gogor ekin/ Denbora askatu/ hondakinak garbitu/ Zeruari tapakia kendu/ Onartu zure itzalak, ehortzi beldurrak/ askatu pisua, hegaldiari eusteko/  ...

Ez zuten amore eman.

Halako adore irakaspena jaso genuen euren seme-alaba eta oinordekoek.

Urte amaiera honetan, etxeko sutondoaren ondoan, familia inguruan, liburu zaharrak eta kantuak lagun, gogora datorkit emeki emeki gure herriaren kultur ondare baliotsua, eta kulunka dabilkit Gabon gauero kantatzen zuten kantua, egon Argentinan, Uruguain edo Venezuelan, hiruetan suertatu baitzitzaidan bizitzea euren erbestearen alaba naizen hau, beti ere euskalerriratzeko eta aberriaren aurrerabiderako, berau berreskuratzeko gogo eta irrika arnasgai, Hator, hator mutil etxera...



« aurrekoa
hurrengoa »
Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga Iribarren liburuzaina eta idazlea da. Errikotxiki-tik idazten du, Eguesibarrean, Nafarroan

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia