euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Errikotxikiko nire txokotik

Manuel Irujo: Caracas, 1969

2021/11/11

Lehenago ere izana zen Caracasen, baina 1969an Manuel Irujo ia larogei urte zituela iritsi zen Pariseko otsail negutiarretik beti udaberritsua zen Caracasera, minbizi terminalean zegoen bere anaia Juan Ignacio zaintzeko xedez. Maleta txiki bat lagun instalatu zen El Paraisoko haren apartamentuan, ia oin-puntetan. Traba izan ezik beste dena izaten saiatzen zen. Ondoko hilabeteetan anaiek Lizarrako garaiak ekarri zituzten gogora, familia zoriontsu bat baina erbeste luzeegi batek sakabanatua. Urte batzuk lehenago Buenos Airesen zendua zen ama Anianaz... ez zen erraza onartzea jaiotetxeko ispiluen aretoan pianoa jotzen zuen emakume alai hura, jota dantzatzen zuena, zeru australeko Hego Izarraren konstelaziopean geratu izana, urrun eurengandik eta guztien sorleku izan zen hiritik.

Euskal Etxean hitzaldiak ematen zituen. Europazale amorratua, mundu zaharraren ideia berria zekarkigun, Bigarren Mundu Gerrako errauts ikaragarriak astindu, eta beste errealitate politiko bat entseatzen zuen Europaren ideia, gertatutakoa sekula berriro gerta ez zedin. Garai hartako Caracasen informazio bikaina geneukan arren, gure ulermenari ihes egiten zioten puntu ilunak geratzen zitzaizkigun Europaren batasunari zegokionez, guk euskaldunok herriena nahi genuen batasuna. Diferentzien integrazio bat, interes desberdinak kudeatzea, 1948ko Agiriak manatutako Giza Eskubideak baieztatzea, eta lehenengoz populazio handi bati, eta ez gutxi batzuei, hezkuntza eta lan arloko ondasunak baliatzea ekarriko liokeen ekonomia bat.

Bazen premiazko beste zerbait Irujoren gogoan: Euskadiren bilakaera frankismo zentralista eta zapaltzailearen hamarkada haietan, suntsitzailea gure aldarrikapen nazionalentzat. Preso gehiegi zeuden espetxeetan pilatuta eta horrexegatik familia gehiegi pobrezian, zigor sozial handiegia, gehi 1937an Bilbo erori zenean hasitako euskal gizateriaren sakabanaketa, Frantzian egon ondoren Ameriketara atzerriratu zena. Irujok belaunaldi berriari begiratzen zion, tartean bere familiari, euskalduna baino gehiago amerikarra, euskal gorputz sozialaren zuloa sakontzen. Min ematen zion talde armatu baten agerpenak, ETA, horrelako egoeratik jaioa, bere iritziz indarkeriari indarkeria gehiago gehitzea baitzen. Askok ia zendutzat jotzen zuten euskara. Gaitz horiek bihotza hausten zioten, baina ez zioten baikortasuna apaltzen.

Gune gris horretan sartzen zen Euzkadi Irratia, Euskal Erresistentziaren Ahotsa. Paristik, haren artikuluen idazle etengabeenetako bat zen, albiste-hornitzailea, euskaldunen irauteko erabaki irmoaren sostengatzaile. Venezuelan, urte batzuk baziren, gazte batzuek, Caracas aldean, bi irrati-dorre jarriak zituztela La Virginia izeneko etxalde xahar batean. Ideiaren alde egin eta bultzada eman zion Caracaseko Egi taldeak, Jokin Intza buru, Bergaratik erbesteratua bera, Xabier Leizaola, diplomatikoa, J.J. Azurza, teknikaria, Alberto Elosegi, kazetaria, Pello Irujo, enpresaria, eta Iñaki Anasagasti kazetari gaztea. Hasiera batean inork ez zuen apusturik egin finantzaketa, antolaketa eta lan bolondres ez gutxi behar zituen honelako enpresa baten arrakastaren alde, are gutxiago kokapena eta jarduera isilpekoa behar zuela. Baina funtzionatu zuen. Urtetan Radio Euzkadiren helbide geografikoa Indikoan zebilen txalupa batena izan zen. Bere jarduerak Venezuelako Gobernuaren lankidetza izan zuen, enbaxada frankistaren susmoak uxatzen. Irratiak 15 urtez aireratu zituen saioak, Amerika libretik Euskadi okupatura, kudeaketa-lan miresgarri batean.

Manuel Irujo El Paraisotik Libertador hiribidera joaten zen, bertako La Sierra eraikinera. 9 bat kilometro. Hango apartamentuetako batean, Irratiko 'taloak' (hala deitzen zitzaien grabazio-kaseteei) egiteko bulegoa zegoen. Manifestuak irakurtzen zituen, anaiaren loaldi txarra zaintzen esna pasatzen zituen gauetan idatziak, eta bere euskal konbikzio osoa zabaltzen zuen, uhinen espazioa bere ahots irmoa eta mezu zuzena lagun zeharkatuz, herri askea izateko bere nahiagatik isilarazia eta zigortua zegoen Euskadiren gaitz doilorrak baretu nahirik. El Paraisora atzera eramateko pasatzen nintzen bere bila eta emisioan zuzenean esandakoaz hitz egiten zidan. Ez zuen minik aipatzen, ez zen kexu lo faltagatik, ezta ere zuen adinean halako lanetan ibili behar izateagatik.

Juan Ignacio bere besoetan hil zenean, Irujok, begiak malkotan bustirik, bere buruari gaina hartu zion eta hilen piztueran fededun zela erakutsi zuen, horixe nahigabean aringarri. Eta buru izan zen Venezuelako gobernuak bere dolumina adierazteko ordezkari bat igorri zuen elizkizunean. Euskaldun guztiak bezala, Juan Ignacio, esan zigun, baliozko herritarra izan zitzaion Venezuelari. Lan egin zuen, ingeniaria zen, Caracas La Guairarekin lotzen zuen autopistan, ingeniaritza lan moderno eta berritzailea. Bere anaiaren gorpua Hegoaldeko Hilerrira eraman zuen karabana zuzendu zuen, euskaldunen panteoira, gure aitaren, Bingen Ametzagaren hilobi ondora, aita ere urte berean, 1969an, hila.

Radio Euzkadiko zereginei eutsi zien, bere mezu europazalea aireratzen, bakearen aldeko borroka luzea berresten, agintari frankisten ustelkeria salatzen, isiltasunera murriztuarazitako Euskadiren kolapsoak atsekabetuta. Udazken usaineko Parisera itzultzea erabaki zuenean, Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren lege-aholkulari lanetara, berarekin joan ginen Maiquitiara, aireportu handi eta berria, petrolio-herrialdeak merezi bezala. Lasai zegoen, arima goibelduta, ongietorri gizona baitzen, ez agurrena. Eskutik heldu eta ahots leun baina kementsu batez esan zidan: Moceta, hau herrialde ederra da, aukerez betea, baina bidezkoa litzateke zure semea eta etor daitezkeen gainerakoek Santiago Plazan jolastu ahal izatea. Irujo Etxeko balkoitik Ikurrina aireratzen ikustea, euskaldunon berezko hizkuntza hitz egitea... Lizarran 1931ean engaiatu gintuen ametsak geroa izan dezan, gogoan Fortunato Agirre alkateak Alkateen Batzarrari zabaldutako ateak, gero Lehendakari izango genuen Getxokoa, Jose Antonio Agirre, buru, euskal lurraldeen Estatuto komuna onartzea eginkizun.

Ez zen orduan posible izan, etorkizunean izango da. Itxaropena bidelagun behar dugu.



« aurrekoa
hurrengoa »
Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga Iribarren liburuzaina eta idazlea da. Errikotxiki-tik idazten du, Eguesibarrean, Nafarroan

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia