euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Errikotxikiko nire txokotik

Castejongo alborada. Bakea eta Foruak, 1894ko Otsailaren 18a

2022/02/17

Garai hartan, Espainiako itsasoz harainiko inperioaren akabera markatuko zuen Kubako gerraren atarian, Práxedes Sagasta zegoen Madrilgo gobernu zentraleko buru. Bere Ogasun ministroak, Germán Gamazok, asmo okerrez, gogo zentralistaz eta zergabiltzea xede, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroari, XIX. mendeko gerra zibilak galdurik geratzen zitzaien autonomia fiskal hondarra kentzea erabaki zuen, penintsulan edozein bereiztasun izpi deseginez eta ordura artekoa errotik garbitu nahiz. Antonio Cánovas, Gorteetako aurreko burua, ahalegindua zen gaia 'moldatzen' 1877an Madrildik, Bost Urteetako (1872-76) Gerraren ondoren Kontzertu edo Hitzarmen ekonomiko bat negoziatzen; tratu hura gustukoa ez bazen ere bentzutua egoteagatik kolpatuta zegoen Euskal Herrian (bere gazteriaren zati bat gerran hila, gainerakoak erbestean, populazioa txirotuta, gerrek areagotutako epidemiak, eta abar) Foruetatik eratorririk eskumen minimo batzuk atxikitzea bazekarkion.

Herritarren erreakzio gogorra izan zuten, Gasteizen hasi, eta Bilbo eta Donostian --istiluekin kaleetan-- segitu, eta Nafarroan finkatu zena, herrien, udalerrien eta Diputazioaren ahobateko arbuioaz. Modu baketsuan eta halaber jendetsuan manifestatu ziren, konparazio 1893ko ekainaren 4an Iruñeko Gazteluko Plazan estamentu sozial guztietako jendeak, Nafarroa eta bere Foruak ozen bibatuz eta bere Foru Diputazioaren jarrera babestuz jasandako bidegabekeriaren aurrean. Handik gutxira plazaratu zen 'Nafarren Ohore Liburua', adinez helduak ziren 120.000 nafar jendek --pentsatzen da garai hartan Nafarroako populazioa 300.000 biztanle inguru zirela-- Gamazoren asmoen kontra sinatzaile. Herritarrek irmo erakutsi zuten euren jarrera, 'Bakea eta Foruak' aipatzen zuten, eta uko egiten zioten Lopez sargentoaren Obanoseko kuartelazoari. Hau Biba Foruak oihukatuz altxatu zen. Preso hartu zuten eta Luzaidetik egin zuen ihes. Izan ere, ihes egiten lagundu zion jenderik egon zen, protestaren alde baitzeuden, baina bide bortitza errefusatuz. Ez zuten gerra gehiago nahi. Nahikoak izanak zituzten, guztiak galduak.

1894ko otsail hartan Madrildik bueltan zetozen, Castejongo tren geltokira --Nafarroa hegoaldean, Iruñetik 108 kilometrora gutxi gorabehera-- Gorteen aurrean gaia azaldu eta aurkeztu zuten autoritateak, aurkeztu ere hitza erabiliz euren eztabaida historiko hartan arma bakartzat, deusik lortu ez bazuten ere. Baina Nafarroa osoak hartua zuen euren balentria hura omentzeko erabakia. Udalak Castejonera abiatu ziren estandarte brodatuekin, Bakea eta Foruak lelo, oinez, autoz, autobusez eta trenez. Beste euskal herri batzuetako jendeak ere etorri ziren; eta Bizkaitik, hain zuzen, Arana Goiri anaia gazteak, Koldo eta Sabino, euren lagun ziren Arantzaditarren etxean lo eginez Iruñean, Arantzaditarrak foru-alborada hartan pertsonaia giltzarri zirela. Arantzadi Izkue, izan ere, Jaungoikoa eta Foruak Erregerik gabe hain 'iraultzaile' hura zihoan aldarrikatzen, Arana Goirik apur bat geroago Jaungoikoa eta Lege Zarra bilakatuko zuena. Garai berri bat ari zen prestatzen, erlijio ikutuarekin, hala baitzegokion belaunaldi hari, baskoien herrian, aldarrikapen egun hartan.

Arana eta Irujoren arteko adiskidetasuna urrunetik zetorren. familia karlista eta erbesteratuetatik zetozen biak. Euren solasaldietan, herriaren bozkarioaren baitan, ordezkatuko zituen adierazgarri bat eramatea erabaki zuten, eta hara non izango ditugun ikurrina izango zenaren koloreak. Estanislao Arantzadi Izkueren emazte Juana Irujok, Danielen arreba bera, brodatu zituen ezaugarria eta kolkoan josita eraman zituzten entseina txikiak. Pixka bat beranduago, Bilbon, Sabino Arana Goirik azterketa eta zirriborro batzuk eginda moldatuko zuen ikurrina, Euskal Herri osora zabaltzen joan zen euskal bandera, ikur komun baten egarri, baita Amerikako herrialdeetara ere, gero eta Euskal Etxe gehiago ari baitziren sortzen, gerrek eragindako erbesteratzea tarteko.

Herri-zalaparta izugarria izan zen, nahiz eta foru-erregimena eteteko agindua urte batzuk geroago baino ez zen lortuko, Kubako gerraren hasierarekin, Gamazo bere Ogasun Ministerioa uztera behartu zutenean. Iparragirre bardoaren Gernikako Arbola kaleetan, trenbidean, zeru zabalaren azpian kantatzen zen, nazio ereserki gisa. Meza eman zen. Jendeak bere ordezkariak inguratzen zituen borrokan jarraitzera animatuz eta gogor txalotuz Arturo Campion politikari, historialari, poeta eta idazlearen hitzak. Hona muina laburbilduta mintzaldian esan ziena: ”...Hemen gaude diputatu nafarrak, gure arrazaren misio tradizionala betetzen, antzinako historian zein modernoan eta garaikidean ere, eutsi aditzarekin adierazten dena. Hemen, parerik gabeko historia horren kapitulu berri bat idazten ari gara, historia zahar zein berrian eta baita garaikidean ere 'eutsi' aditza jokatuz gorpuzten... Hemen gaude historia paregabe horren atal berri bat idazten, baskoniarrak beren lurraldea, etxea, ohiturak, hizkuntza, sinesmenak defenditzen, zelten, erromatarren, frankoen eta arabiarren anbizio barbaroaren aurka; eta nazionalitate ñimiñoa izanik guztiei aurre egiteko mirakulua lortzen menderen mendetan...”

Gainera, herri adierazpen gogoangarri haren atzekalde adoretsu gisa Monteagudoko Makil-Dantza entzuten zen, José Jarauta nekazari, konpositore, poeta eta historialariak aukera hartarako idatzia. Makil-dantza eszenifikazio bat zen, Erriberako gertakari jakin batzuen ukitu erlijioso eta traza komikoak zeuzkana. Dantzariek, zuriz jantzita, makila bana daramate esku bakoitzean, makilekin besteen makilei joka, musikaren erritmoan. Kasu honetan Gamazori zegokion. Hala idatzi zuen gure bibliografiako harribitxia den 38 orrialdeko koaderno batean, Jimeno Juriok Historiarako erreskataturik.

...Antiguamente Navarra / era un Reino independiente / de pagos y de soldados / y de otras cosas urgentes./ Desde mil quinientos doce / Navarra se "unió" a Castilla, / sin abandonar sus fueros, / así el "pacto" lo pedía./ La Navarra de aquel año / mucho fue lo que perdió, / pues perdió la Independencia, / prenda de inmenso valor./ Pues hay muchos pueblos en España / que trabajan con malicia / por que sea Navarra / como las demás provincias./ Pues si el Gobierno de España / sigue en sus pretensiones, / se tomarán en Navarra / serias determinaciones./ Con Monteagudo, Cascante, / Ablitas, también Barillas, / Olite, Tafalla, Estella, / Cortes, Buñuel y Murchante, / ¡formemos una guerrilla / para marchar adelante!/ Pues también se nos ofrecen / como si fueran hermanos / los valientes alaveses, / vizcaínos y guipuzcoanos. / ¡Vivan las cuatro provincias / que siempre han estado unidas, / y nunca se apartarán / aunque Gamazo lo diga!

Gora Nafarroa eta bere Foruak!



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »
Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga Iribarren liburuzaina eta idazlea da. Errikotxiki-tik idazten du, Eguesibarrean, Nafarroan

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia