“Utzidazu kontatzen ze ederra den itzultzea
Utzidazu kontatzen malko urdinen artean
Utzidazu kontatzen ze ederra den jakitea
Maiteko zaitudala itsasoaren beste aldean”
(Izaro & Mikel Urdangarin, “Errefuxiatuena”, 2020).
Izango dugu biharamuna. Eta desberdina izango da. Garai berri bat hasten da Euskal Herrian, eskalada kronologikoaren erritmopean —0 fasea, 1. fasea, 1.5 fasea, 2. fasea, 3. fasea—, eta honek, praktikan, ezarritako mugikortasun-murrizketei dagokienez, deseskalada konpasatua ekarriko du. Hala, politikariek "normaltasun berria" deitu duten horretara iritsi arte, martxo erdialdetik aurrera COVID-19k jasanarazi digun salbuespen egoerari eta eskubide zibilen murrizketari amaiera jarriz.
Euskal herritarren Herrialdea garai berri horretarantz doan bitartean, euskal presentzia handia duten beste herrialde batzuk, Argentina edo Txile, edo beste hainbat, euren asmatze eta huts-egiteen labirinto propioetan dabiltza, pandemia birikoak eragindako kaosari irteera aurkitu gabe.
Galdegin dezaiogun geure buruari: Zer egin dezakegu euren alde? Zein neurri zehatz ari dira diseinatzen eta sustatzen euskal erakunde publikoak euren hamar milaka herritar eta euskal kapitaleko enpresa transnazionalak bizi diren herrialdeekiko? Eta zein, atzerrian presentzia duten euskal enpresa-sareetatik?
"Normaltasun berri" horretan bizitza nolakoa izan daitekeen sumatzetik haratago —osasun aldeko muga logikoei eta urruntze fisikoari lotuta—, hurkoarekiko konpromiso eta elkarrekikotasun indibidual handiagoa izan beharko du. Haren osasuna neurri handi batean gure jarreraren menpe egongo da, eta alderantziz.
Normaltasun berri horrek sendotu egin behar ditu konfinamenduan berraurkitu ditugun balioak, gizarte justuago eta enpatikoago bat eraikitzea helburu hartuta.
Azken hilabeteotan, gogor ekin diogu gure bizitzak digitalizatzeari, komunikazioaren eta informazioaren tresna teknologikoak gure lanabes nagusi bihurtuz, ezarritako isolamendu eta gizarte-distantziei aurre egiteko borrokan.
Horretan, euskal diasporako norbanakoek zein elkarteek aparteko lana egin dute euren jarduerak eta historiak zabaltzen, gizarte eta kultur eragileen artean konplizitateak ehunduz, eta hori guztia haien bizitzak hastag huts bihurtu gabe.
"Gu" bat izanik lortu dugun guztia, ez dadila "ni" batean desegin.
Nola lortu gure gizartean islatuta ikusi nahi dugun aldaketa, denboran iraunaraztea? Nola sakondu gizarte bidezkoago eta berdinzaleago batean, alarma-egoera amaitzen denean?
Izango dugu biharamuna. "Utzidazu kontatzen zein ederra den itzultzea...".