euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Diaspora bizia

Diasporaren hauteskunde deskonexio politikoa Euskadirekin

2020/07/23

Azkenean, iragarpenik okerrena egia bihurtu da: Euskal Autonomia Erkidegoan inskribatutako gure diasporako hautesleen botoa gutxieneko historikora iritsi da joan den uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Eta diasporaren botoa erabakigarria izan ez bada ere (beste batzuetan ez bezala), lagundu egin du Alderdi Popularraren eta Euskal Herria Bilduren arteko eserleku bizkaitar batean lehian.

Izan ere Alderdi Popularrak lortu ahal izan baitu azkeneko kontaketan bere seigarren eserlekua.

Paradoxikoki, atzerrian bizi den eta botoa emateko eskubidea duen biztanleria handitzen joan den aldi berean, euren botoa murrizten joan da. 2009 eta 2020 bitartean, atzerriko euskal hautesleen kopurua [artikulu honetan EAEkoez ari gara] ia 32.300 pertsonatan hazi da.

Zalantzarik gabe, 2011ean "erregututako botoa" deritzon sistema indarrean sartzeak –kanpoan diren egoiliar guztiak behartu egiten ditu baldin eta botoa eman nahi badute aldez aurretik eta idatziz pertsonalki oinarrizko eskubide hori baliatu nahi dutela adieraztera– aurreko eta ondoko egoera bat eragin du euskal diasporaren hauteskunde partaidetzari dagokionez, sufragio unibertsalerako eskubidea bera zalantzan jarriz, alegia edozein demokrazia sostengatzen duen oinarri-oinarrizko eskubideetako bat.

Taulan adierazten den bezala, 2009tik 2020ra bitarteko 11 urteko aldian, Eusko Legebiltzarrerako lau hauteskunde egin dira, eta atzerrian bizi direnen botoa ehuneko 13,36 puntu jaitsi da.

Eta puntu honetan beharrezkoa egiten da "erregututako botoa" eta bere ondorio kaltegarriak berriz ere aipatzea. Atzerriko euskal hautesleen % 83,12k ez zuen bozkatu 2009ko hauteskundeetan. Ezinbestean, diasporak bozkatzeko eskubidea ez gauzatzeko joera areagotu egingo da 2011tik aurrera.

Kanpoko hautesleen eta Euskadiren arteko aldea hurrenez hurren egin diren hauteskundeetako partaidetza maila baxua izan du adierazpide.

Zerk eragin du Euskadirekiko deskonexio hau kanpoan diren euskal hautesle gehienen aldetik?

Hona euskal diasporaren botoa Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan 2009tik 2020ra:

 

EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

DIASPORA

 

Kanpoan den botoemaile egoiliar kopurua

DIASPORA

 

Bozka eskatu dutenak (kanpoan dauden egoiliarren erroldako ehunekoa)

DIASPORA

 

Botoemaile kopurua (kanpoan dauden egoiliarren erroldako ehunekoa)

2009

43.710

43.710

7.377 (%16,88)

2012*

56.640

6.320 (%11,15)

4.043 (%7,14)

2016

69.159

5.183 (%7,5)

3.257 (%4,71)

2020

75.990

3.569 (%4,7)

2.672 (%3,52)

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



* 2011n, "Erregututako botoa" sartu zen indarrean. Iturriak: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Estatistika Institutu Nazionala (geuk osatua).
________

Bitartean, bozkatzeko eskubidea duten biztanleen kopuruak behera egin du Euskadin, eta abstentzioak gora.

2009tik 2020ra, erroldak ia 18.000 hautesle galdu ditu, eta abstentzioa ehuneko 12 puntu igo da. 2009an % 35 izatetik 2020an ia % 47 izatera igaro da.

Esan nahi baita, egoera honetan, diasporako hautesleen pisuak gora egin duela errolda osoaren aldean.

2009an % 2,46 izatetik, 2020ko % 4,23ra pasatu da. Hala ere, "erregututako boto"aren ondorioz batez ere, diasporaren botoaren portzentaje-balioa ia hautemanezina da zenbaketa osoan. 2020an, soilik 3.569 pertsonak eskatu dute botoa, hau da, EAEko hautesleen % 0,19ak.

Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, diasporaren "abstentzioak", atzerrian botoa emateko eskubidea zuten egoiliarren erroldaren % 96,5eraino iritsi da.

Errolda horretako ia 76.000 pertsonetatik, % 4,7k soilik eskatu zuten botoa eta, azkenean, bakarrik 2.672 pertsonak ( % 3,52) eman zuten.

Erabat baldintzatu eta behartua izan den "abstentzioa" da, indarrean dagoen boto-sistemak berak hala erraztu eta bideratua, aurten gainera COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-alarma eta konfinamendu egoera gehituta; izan ere, zenbait herrialde (Argentina, Txile edo Venezuela, besteak beste) eta horietan bozkatzeko eskubidea daukaten euskaldun ugari biltzen dituzten eskualdeak anabasa eta bozkatzeko ahalik ekarri ez duten leku bilakatu dira.

Botoa eman nahi zutenei botoa eskatzera behartu aurretik, botoa eman zezaketen herritarrek ere botoa ez ematea zilegi eta legalki aukera zezaketen arren, gaur egun gertatzen da eskubide hori baliatzeko nahia positiboki adierazten dutenek zailtasun handiak dituztela botoa emateko, berez Espainiako Konstituzioak propio babestutako eskubide batez ari bagara ere.

Lekukotasun asko jaso ditugu euskaldun kopuru esanguratsua daukaten herrialdeteatik (Argentina, Belgika, Brasil, Estatu Batuak, Erresuma Batua, etab.) bozkatzeko jasan duten ezintasuna azalduz, ez baitzaizkie boto-paperak garaiz iritsi. Venezuelan, 4.026 euskal herritar zeuden botoa emateko eskubidearekin, eta martxoaren 16tik posta zerbitzua bertan behera uzteak eragozpen zaila ekarri zuen, internet bidez botoa emateko aukera sortuta ere. Ez dugu lortu azkenean botoa ematea zenbatek lortu zuten jakitea, baina, itxura guztien arabera, kopurua ikaragarri txikia izan zen.

Buenos Airesko Espainiako kontsulatuan izena emanda zeuden 8.139 euskal herritarretatik 9k (bederatzik) bakarrik lortu zuten botoa ematea.

Buenos Aires Hiri Autonomoa eta Buenos Aires Handia berrogeialdian murgilduta zeuden.

Euskal diasporaren parte-hartze baxu historikoak eta, bereziki, "erregututako botoak" zalantzan jartzen du sistemaren zilegitasun demokratikoa, herritar kopuru esanguratsu bati ordezkari politikoa aukeratzea eragozten baitzaio. Inposatutako parte-hartze baxu horrek zigortu egiten du euskal diaspora hauteskunde-kontuetan garrantzirik ez izatera eta politikoki ikusezin bihurtzera. Lurraldez kanpoko euskal herritarrak bigarren mailako herritar bihurtzen ditu, sufragiorako eskubidea bermatu behar duen sistematik kanpo utzita.

Egungo hauteskunde-sistema aldatzeaz eta "erregututako botoa" ezabatzeaz haratago --badakigu hau Espainiako Parlamentuaren esku dagoela--, zer neurri hartu dituzte euskal botere publikoek diasporaren parte-hartze historiko txiki hau gerta ez zedin, bere parte-hartze politikoa sustatzeko eta pandemiaren testuinguruan botoa ematea ahalbidetzeko?

Alegia, nork hartzen du bere gain gutxieneko historiko horren eta "erregututako boto" horrek dakartzan ondorioen erantzukizun politikoa?



Komentarioak

  • AEBtik bozkatzea ezinezkoa

    Ados zurekin, nik aurtengoan inoiz baino zailtasun handiagoak somatu ditut eta azken finean bozkatu gabe gelditu naiz.
    Lehenik izen emateko paper bat bete eta Euskadira bidali behar da, baina proposatzen duten Fax-ak nire mezua behintzat ez du jaso, arrakastarik gabe 4 egunetan saiatu arren. Beraz azkenean postaz bidali behar izan dut paper hori, baina epez kanpo iritsi dela susmatzen dut ez bait dizkidate ondoren bozkatzeko paperak Boisera bidali. Ondorioz euskal alderdi abertzale bati bideratzera nindoan botoa ezerezean gelditu da.
    Honi konponbide bat aurkitu behar zaiola iruditzen zait atzerrian bizi garon euskaldun guztiok gure herriaren etorkizuna erabakitzen parte hartu ahal izan dezagun,

    T (Boise, AEB), 2020/07/24 02:53

« aurrekoa
hurrengoa »
Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal doktorea da Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan, Nevadako Unibertsitatean Renon (AEB). Bi hamarkada daramatza ikerketa eta aholkularitzan, politika publiko gaiak (herritartasuna atzerrian eta itzulera), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) aztertzen, indar berezia jarriz euskal kasuan. Twitter-en @Oiarzabal

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia