euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Bi gerren oihartzuna 1936-45

Pete T. Cenarrusa, errotik euskalduna

2021/11/23

Pete Cenarrusa irribarretsu 2001n Fish Creek, Idahoko etxaldean (Glenn Oakley©. https://lavalake.files.wordpress.com/2009/12/pete_lbiskay.jpg).
Pete Cenarrusa irribarretsu 2001n Fish Creek, Idahoko etxaldean (Glenn Oakley©. https://lavalake.files.wordpress.com/2009/12/pete_lbiskay.jpg).

Gorka Aulestia (1932-2021) gogoan

Pete Cenarrusa 2013ko irailaren 29an hil zen 95 urte zituela Boise, Idahon. Berarekin joan zen seguruenik Euskal Herriarekiko bere engaiamenduagatik historiara pasatuko den azken figura garaikideetako bat. Bizkaiko emigranteen seme, Pete Idaho estatuan beste inork baino profil internazionalagoa izan zuen politikari errepublikarra izan zen eta erregimen frankistaren kontra eta euskal gatazkaren irtenbide politikoaren alde borrokatu zen, giza eskubideen defentsa oinarri hartuta. Euskal politikan sartu zelako deabrutu eta iseka jasan zuen, baita hil ostean ere, espainiar nazionalismoaren muturraren aldetik, euskal abertzaleek, berriz, euren kidetzat hartzen zuten bitartean.

Paul eta Robert Laxalt anaiekin batera, Pete Euskadin zein diasporan itzala izan zuen buruzagi euskal-amerikar ezagunenetako bat izan zen. 1983an Ameriketako Euskal Ikasketen Elkarteko (SBSA, Society of Basque Studies in America) Hall of fame edo "Ospetsuen galerian" sartu zuten. 2000n Sabino Arana Fundazioak "Euskaldun Unibertsala" saria eman zion, eta 2010ean Bizkaiko Foru Aldundiak "Bizkaitar argia" izendatu zuen.

Pete Thomas Cenarrusa Gardoqui 1917ko abenduaren 16an jaio zen Carey herriskan, Idahoko Blaine konderrian, Jose Maria “Joe” Cenarruzabeitia (Cenarrusa) Muguira eta Ramona Gardoqui Bilbaoren seme. Arbatzegin 1889an jaioa zen Josek, 17 urte zituela, 1907an, Estatu Batuetara emigratu zuen Noordam lurrin itsasontzian. Berarekin zihoazen Jose Uberuaga, 20 urtekoa eta Arbatzegikoa bera ere, Domingo Arrizabalaga, 17koa, Ereñokoa, Rosa Aldecoa, 24koa, Nabarnizkoa, eta honen iloba Jose Iturri, 4 urte bakarrik zituena, Ispazterkoa. Euren azken helmuga Boise zen. Guztiak hamarkada batzuk lehenago hasitako emigrazio joera bateko parte ziren. Gehienek garai hartan bezala, Josek ardi industrian hasi zuen bere langile bizitza, artzain gisa. 1909an anaia Pedro batu zitzaion, 1891ean jaioa. Urte gutxiren buruan, bien artean aurreztutako diruarekin artalde propioarekin hasi ahal izan ziren Wood River Valley-en, Carey aldean, Bellevue herrian ezarrita. Jose eta Pedro bazkide izan ziren 1935era arte. Depresio Handiaren erdian banatu ziren eta bakoitzak arrakastaz segituko zuen bere ardi hazkuntza negozioa erretiratu arte.

Peteren ama, Ramona Gardoqui Bilbao, 23 urte zituela iritsi zen New Yorkera, 1914an, azken helmuga Idahoko Shoshone hiria zuela. bertan bere lehengusu Domingo Soloaga Arrasatek, 1901ean iritsia AEBra, euskal ostatu bat gobernatzen baitzuen. Ramona, Gernikan 1890an jaiotakoa, Domingorentzat aritu zen lanean sukaldari Jose ostatuan ezagutu arte. Handik gutxira ezkondu ziren eta bost seme-alaba izango zituzten: Nieves, Pete, Luis, Juanita, eta Lucia.


Beste euskaldun askok bezala, Jose Cenarrusa eta Ramona Gardoquik AEB euren etxea bilakatu zuten (Victoria Cenarrusa©. Findagrave.com)

Pete Bellevuen hazi eta bertan egin zituen lehenengo eta bigarren eskolak. Beste hainbat euskaldunen seme-alabek bezala, Petek euskara baizik ez zekien eskolara  aurrenekoz sartu zenean. 1936an Idahoko Unibertsitatera joan zen, Moscow-en, eta 1940an nekazaritza zientzietan graduatu zen. Unibertsitatean zegoen bitartean bertako boxeo taldeko kide izan zen eta nazio mailan txapeldun izan zen, unibertsitate-boxeoko lehendabiziko talde txapelduneko partaide. Geroago, Marineen Gorputzean zegoen bitartean ere eutsiko zion boxeoari Bigarren Mundu Gerra (BMG) garaian (1). Estatu Batuek eskaintzen zituzten aukerek, belaunaldi emigrantearen ahalegin eta sakrifizioarekin, ahalbidetu zuten, neurri handi batean, bertan jaiotako lehenengo euskal belaunaldiaren aurrerapena heziketa aldetik zein sozioekonomikoki. Hau izan zen Peten kasua.

Graduatu ondoren Petek lana lortu zuen bigarren eskolako maisu legez (nekazaritza eta kimika) zein futbol, saskibaloi eta boxeo entrenatzaile gisa Cambridge, Idahon, 1940-1941 ikasturtean, eta ondoren Carey-n, 1941-1942an. Bere familia Carey-ra aldatua zen. Patrick Bieter-ek aipatzen digunez, "Petek beti nahi izan zuen hegan ibili, proba bat egin zuen Armadako Aire Gorputzean [1940ean] eta hausnartzen ari zen Europa birrintzeko mehatxatzen zuen erregimen naziaz. Bere buruari galdetu zion, jarrera arduratsu egokia soldadu izena ematea al zen, prest egotearren gerra lehertzen zenerako [...] Pearl Harborrek moztuko zituen zalantzak. Auzoko Twin Falls hirira joan zen Army Air Corps-en izena ematera igande batez Pearl Harbor-ko bonbardaketatik gutxira. Bulegoa itxita zegoen eta astelehenean zabalduko zuten berriro, baina irakasle izanik astelehena lan eguna zeukan eta ezin zuen orduan itzuli. Esan zioten marineen errekrutatzailea Twin Falls-en zegoela eta igandetan ere aritzen zela. Pete bolondres sartu zen itsas-armadako hegazkinlari izateko" (2).


Lehenengo tenientera igo zutela, Pete Cenarrusak Marineen Gorputzean eman zuen bere karrera militarra BGMan zehar, eta erreserban 1963ra arte (arg politesia, Freda Coates eta Basque Museum and Cultural Center, Boise).

Itsas Armadako abiazio zerbitzuko kadete sartu ostean 1942ko uztailean, Petek oinarrizko trebakuntza eta trebakuntza aurreratua jaso zituen Marineen Gorputzeko Seattle eta Pasco-ko (Washington) kuarteletako abiazio destakamentuetan, eta ondoren Corpus Christi-koan (Texas). Azken hau "Aireko Unibertsitatea" ezizenez ezagutua zen. Bertan jaso zituen bere pilotu hegalak eta 1943ko apirilaren 16an bigarren teniente legez Marineen Gorputzeko Erreserban (Itsas Armadako Abiazio Kadetea) komisionatu zuten Itsas Armadako hegazkinlari izendapenarekin. 1943ko abenduan lehenengo tenientera igo zuten. "Aireko Unibertsitatean" Pete Itsas Armadako abiazio kadeteen hegaldi instruktore izan zen 18 hilabetez 1944ko urrira arte eta orduan lekualdatu zuten, lehenengo Cuddihy, Floridako aire eta itsas estaziora eta gero Jacksonvillekora, borrokako piloto gisa formatzeko (Marineen Ehiza-Hegazkinen Eragiketa-Trebakuntza Unitatea) Corsair borroka-hegazkinak pilotatzen.

F-4U Corsair batean behar diren hegazkinontzi gaineko lurreratzealdiak burutu ondotik --USS Wolverine hegazkinontzian egin zituen, Michigan aintziran-- Marineen Gorputzeko El Toroko Basera bidali zuten, Santa Ana, Kalifornian, itsas zerbitzurako agindupean, Marineen Gorputzeko 4. Hegaleko Ehiza-Hegazkinen (VMF-462) 462. Eskuadroira. 

Geroago Cherry Point, Ipar Karolinara bidali zuten transizioa egiteko SB2C Helldiver bonbaketarira (diver bomber), Marineen Gorputzeko 9. Hegaleko 34. Taldeko 932. Esplorazio Eskuadroiko (VMSB-932) partaide, Japoniako inbasioaren prestaketan. Baina bonba atomikoen jaurtiketak gerraren amaiera ekarri zuen eta Pete ez zen sekula akzioan sartu. 1945eko urrian Pete Aireontzien 93. Taldeko Marineen 934. Esplorazio Bonbardaketa Eskuadroiarekin zegoen Bogue-n, Morehead City, Ipar Karolinan.

1946ko urtarrilean Cherry Pointera atzera etorria zen 932. Eskuadroiarekin. Ondoren "erreserba inaktiboan sartu zen [Marineen Gorputzeko erreserbako kapitain bezala 1946ko udaberrian] eta Spokane, Washingtonen 216. Eskuadroiarekin egin zuen hegan bere lizentziamenduraino 1963ko uztailean 'major' mailarekin". Pete, segitzen du Bieter-ek, "pilotu pribatu gisa segitu zuen hegan 59 urtez istripurik gabe eta 15.000 hegaldi ordu lortu zituen, gehienak bere negozio familiarrarentzat" (3). Bere belaunaldiko gazte askok bezala bizitza osoan eutsi zion hegan egiteko grina eta urguiluari.


Pete Cenarrusa harro erakusten bere bulegoan eskegita zeukan BMGn F-4U Corsair hegazkina, berak pilotatu zuena (Idaho Statesman-en politesia, 1997ko apirilaren 15a)

Gerraren ostean, 1948 eta 1950 bitartean, Petek Beteranoen Administrazioarentzat eta Idahoko Bokaziozko Hezkuntzarentzat egin zuen lan nekazaritza irakasle ibiltari, eskolak emanez Idaho hegoekialdeko Blaine landa-konderriko etxaldeetan, gerratik itzuliak ziren militar beteranoei. Ordu libreetan, hegan ikasteko eskolak ematen zituen gerra bukatuta soberakin gisa erosi zuen PT-26 zahar batean. Bere ikasleetako bat, Freda Coates, 1928an Rupert, Idahon ardi negozioko familia batean jaioa, bere emazte bilakatuko zen, 65 urtez. Seme bat izan zuten 1948an, Joe jarri zioten izena. Zorigaiztoko aire istripu batean hil zen 1997an. 

1954 eta 2000 bitartean, Pete eta Fredak arrakastaz gobernatu zuten euren ardi negozioa, operazioak Idaho, Nevada, Arizona eta Kalifornian. 1950ean Pete politikan sartu zen eta Idahoko Ordezkari Ganbarako kide hautatu zuten. Bederatzi legealdi bete zituen, horietako hiruan Ganberako buru. 1967tik aurrera Idahoko estatu-idazkari izan zen ia 36 urtez, 2003an erretiratu arte. Bieter-ek oroitarazten digu, erretiratu ostean "Idaho Estatuko historian zerbitzu urte gehien egin dituen estatuko funtzionaria zela" (4). Bere esku eskuinak hartu zion ordea, Benito 'Ben' T Ysursa euskal-amerikarrak, karguan 2015ra arte egon zena.


Bigarren Mundu Gerra ostean ezkondu ziren Freda Coates eta Pete Cenarrusa. 65 urtez egon ziren elkarrekin (argazkia Boise State University, https://www.boisestate.edu/archives/2017/01/30/pete-t-cenarrusa).

Duela 51 urte Petek nazioarte esparruko bere karrera politikoa abiatu zuen laguntza politikoa eskatu zuenean 16 euskal gazteren alde auziperatu behar zituztela-eta, beste delitu batzuen artean, Meliton Manzanas polizia eta Jose Pardines guardia zibila erailtzeagatik 1968an. Burgosko Auzia edo Burgosko Gerra-Kontseilua zen (1970ko abenduaren 2tik 9ra). Bere eskabideak ekarri zuen Idahoko gobernadoreak, Don Samuelsonek, salaketa gutun bat idaztea eta Francisco Franco Generalisimoari, eta Boiseko pare bar ziento euskaldunek ere gaitzespen telegramak bidaltzea epaiketa militarra arbuiatuz. Handik gutxira, 1971ean, Pete eta bere familiak lehenengoz bisitatu zuten euren arbasoen lurraldea. Pete berriz itzuliko da 1977an. Bieter-ek aipatzen duenez, 1971ean Idahora itzuli zenean, Pete “Anaiak Danok”en sartu zen, ETAko kideen familiei laguntza emateko Iparraldean sortutako “Anai Artean”en alde dirua biltzen zuen taldea.

Tarte horretan, Peteren aita hil zen Hailey-n, Blaine konderrian, 1972ko urriaren 27an. Handik lau hilabetera baita bere ama ere. 1972an, Petek 'Idaho Joint Memorial No. 115' delakoa sustatu zuen Francoren diktadura gaitzetsiz eta era berean bakea eta demokrazia eskatzen zituela Euskadirentzat. Hogei urte geroago, 'Idaho Joint Memorial No. 144' izenekoaren sustatzaileetakoa izan zen, Euskal Populuaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz, ETAren indarkeriaren amaiera eskatzen zuela, baita Espainiako gobernuarena ere.

Eusko Jaurlaritza berreskuratu zenean, Pete sortu berria zen euskal gobernuaren ordezkarien anfitrioi perfektua bilakatu zen. 1988an Jose Antonio Ardanza lehendakariak lehenengo bira bat egin zuen AEB mendebaldeko euskal komunitateetan barrena, Idaho barne, eta bertan Petek errezibitu zuen Cecil Andrus gobernadorearekin batera. Paul Laxalt, Reagan presidentearen lagun mina zenak, bilera bat antolatu zuen haren eta Ardanzaren artean Etxe Zurian, Pete ere partaide izan zuena. Seguruenik euskal kanpo politikaren egundainoko mugarri altuenetako bat izan zen.


Bideoak Ardanza lehendakariaren eta Reagan presidentearen arteko elkarretaratzea jasotzen du, partaide direla besteak beste Ardanzaren emazte Gloria Urtiaga, Joseba Arregi, Pete Cenarrusa, Paul Laxalt eta Roy Eiguren (Reagan Library, 1988ko martxoak 21-22).

Ardanza lehendakariak bigarren bidaia bat egin zuen Estatu Batuetara 1994an, beste helburu batzuen artean American Basque Foundation edo egungo Euskadiren AEBko Ordezkaritzaren aurrekaria izan zen fundazio euskal-amerikar hura inauguratzea. Pete eta Andrus gobernadorea lagun izan zituen Washington DCn, fundazioaren sorrera gauzatuz. Bidaia honetan Ardanzak AEBko presidenteorde Al Gorerekin Etxe Zurian biltzeko aukera izan zuen.


Pete Cenarrusa Ardanza lehendakariarekin eta Andrus gobernadorearekin (bere ezkerrean) 1994an American Basque Foundation-en inaugurazioan (argazkia Joseba Etxarri©. Euskalkultura.eus-en politesia).

2003an Pete eta Freda Cenarrusak Euskal Ikasketen Cenarrusa Zentroa (gaur egun Euskal Kulturarako Cenarrusa Fundazioa dena) sortu zuten. 2009an Petek bere memoriak idatzi zituen Quane Kenyon-ekin, “Bizkaia to Boise: The Memoirs of Pete T. Cenarrusa” izenpean, eta bere 92. urtebetetzearekin bat argitaratu. Pete Boiseko Euzkaldunak euskal etxeko kide izan zen.

Bere heriotzarekin euskal diasporak eta Idahoko Estatuak erreferente garrantzitsu eta ordezkaezina galdu zuten. Ohore militarrekin ehortzi zuten Bellevue-ko hilerrian. bere gurasoak eta semea datzaten lekuan.


Idahoko Guardia Nazionalaren Ohorezko Guardia Bateratua agurra eskaintzen Pete Cenarrusari, Idahoko Estatuak historian bere zerbitzuan urte gehiagoz izan duen hautetsia, guardia-aldaketa batean Estatuko Kapitolioan, Boisen (argazkia Katherine Jones©. Idaho Statesman-en politesia).


Erreferentziak

(1, 2, 3, 4) Bieter, Patrick J. (1999). “Pete Cenarrusa. Idaho’s Champion of Basque Culture,” in Richard Etulain & Jeronima Echeverria. Portraits of Basques in the New World. Reno: University of Nevada Press. Pp. 172-191.

Izan zaitez 'Bi gerren oihartzuna, 1936-1945'ko laguntzaile
'Bi gerren oihartzuna, 1936-1945' blogeko laguntzaile izan zaitezke, BMGko edo Gerra Zibileko euskal partaidetzarekin, Nafarroakoarekin, harremana duen edozein gairi buruz artikulu original bat bidaliz honako helbidera: sanchobeurko@gmail.com
Argitaratzeko hautatzen diren artikuluek Combatientes Vascos en la Segunda Guerra Mundial liburuaren kopia sinatu bat jasoko dute


« aurrekoa
Sancho de Beurko Elkartea

Sancho de Beurko Elkartea

Bi gerren oihartzuna, 1936-1945 blogaren helburua XX. mendearen zati handi baten bilakaera definitu zuten bi gerrotan gure herrikideek izan zuten partaidetzaren ezagutza zabaltzea da. Sancho de Beurko Elkarteak ahanztura eta anonimotasunetik atera nahi ditu Pirinio bi aldeetako Euskal Herriko herritarren memoria historikoaren ardatza osatzen duten milaka pertsonak, baita bertako emigranteen eta ondorengoen diasporenak ere, arreta berezia jarriz 1936tik 1945erako tarteari.

Egileak

Guillermo Tabernilla Sancho de Beurko Elkarteko ikertzaile eta sortzailea da. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek Euskadi eta Nafarroako biztanleen historia aztertzen du Espainiako Gerra Zibilean eta Bigarren Mundu Gerran. Gaur egun, bertako idazkaria eta community managerra da, baita Saibigain aldizkari digitaleko editorea ere. 2008 eta 2016 artean Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzarako Burdin Hesiaren katalogoa zuzendu zuen eta, Pedro J. Oiarzabalekin batera, Fighting Basques proiektuko ikertzaile nagusia da, NABO Ipar Ameriketako Euskal Federazioa lankide, Bigarren Mundu Gerrako euskaldunak aztertzen dituen memoria-proiektu honetan.

Pedro J. Oiarzabal Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan doktoretza egin zuen Nevadako Unibertsitatean, Renon (AEB). Bi hamarkadatik hona, bere ikerketa eta aholkularitza lanek politika publikoen alorra (herritarrak kanpoan eta itzuleran), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) hartu dute ardatz, arreta berezia jarrita euskal kasuan. Hogeitik gora argitalpenen egile da. Blogak, EITBko 'Basque Identity 2.0' eta EuskalKulturako 'Diaspora Bizia'. Twitterren, @Oiarzabal.

Josu M. Aguirregabiria Sancho de Beurko Elkarteko ikertzaile eta sortzailea da. Baita bertako lehendakaria ere. Arabako Gerra Zibilean aditua, gai horrekin lotutako hainbat argitalpenen egile, besteak beste, 'La batalla de Villarreal de Álava' (2015) eta 'Seis días de guerra en el frente de Álava. Comienza la ofensiva de Mola' (2018).

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia