Bilatzailea
2007/09/21

Gaston Inchausti aurrelari argentinarra, 17 urteko pilotaria, irailaren 6tik 15era South San Franciscon zazpi naziotako pilotareni artean jokatu den Mundu Pilota Batzarreko lehenengo txapelketako aurkikuntza izan da. Argentinak larruzko pilota paleta sailean lortutako brontzezko domina bakarrarekin konformetu behar izan bazuen ere, bertan zeuden herrialdeetako teknikoek txapelketako aurkikuntza gisa aipatu dute Insausti, bere kalitateagatik eta lanabesa erabiltzeko indarrarengatik. Batzuek esana dute jadanik Pablo Fusto berria izango dela, Bilbon profesional gisa ari den txapeldun argentinarrarekin alderatuz.
2007/09/12

Arrakasta polita Australia ipar-ekialdeko Townsville hirian egoitza duen North Queensland Basque Club delako euskal etxeak lortu duena bertan urtero antolatu ohi den Cultural Fest izeneko kultura eta jatorri desberdineko gizataldeen biltoki den azoka edo elkarretaratzean. Jaialdi hau, bertako biztanleen artean topa daitekeen jatorri aniztasuna eta kultura aberastasunaren adierazgarri da eta hirian eta eskualdean dauden elkarte etniko eta kulturzaleen erakuslehio bihurtua da azken urteotan, beti ere publikoaren laguntzaz, aurtengoan 70.000 bisitari lortu dituztela jakinarazi baitute antoilatzaileek, stand-etan eskaintzen ziren argazki, informazio, ikuskizun eta janari mota ugarien dastatzaile.
2007/08/16

North Queensland-eko euskal etxe australiarra urtero Townsvillen egiten den Cultural Fest izeneko kultura azokan arituko da bihartik hasita asteburu osoan euskaldunen eta euskal kulturaren ordezkari. Euskal etxeko kideak euskal sukaldaritza tradizionala, euskal jantziak, artesania eta beste zenbait elementu bilduko dituzte elkarretaratze horretan ipiniko duten standean. Hirugarren urtez arituko dira bertan euskal erakunde gisa. Klubak, bestalde, datorren irailaren 16rako iragarri du bere Urteroko Biltzar Nagusia, elkartearen egoitzan bertan, Townsvillen.
2007/07/19

Ekainaren 29an hasi eta datorren urria arte General Villegaseko Euskal Etxeak Euskal Laburmetraien Zinemaldia ari da eskaintzen hamabost egunero. Laburmetraiak azken urteetako euskal produkziorik arrakastatsuenak dira, munduko hainbat zinemaldietan sarituak. Villegaseko Zinemaldia Euskal Etxeak antolatu du, Kimuak programaren laguntzarekin. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen zinema hedapen programa da Kimuak. Saio hauen antolakuntza oso erraza da eta gastua minimoa', adierazten du Sergio Rekarte Gral. Villegaseko euskal etxeko kultura arduradunak, 'gero eta euskal etxe gehiago animatzen dira horrelakoak antolatzera. Ekimenak eta ohiartzunak merezi dute'.
2007/07/17

Haize Hegoa, Euskal Kultura Ikertu eta Hedatzeko Ikasketxe Uruguaiarrak omenaldia prestatu dio gaur Montevideon Julián Murguía injineru eta idazle izan zenari, besteak beste Alfredo Zitarrosa eta Tabaré Etcheverry bezalako izen handiek musikatu zituzten testuen egilea berau. Gaur plazaratuko duen CDa ere ekoitzi du elkarte euskaltzaleak Julián Murguíaren ohoretan. Ekitaldian José María Obaldía ministroa, Washington Benavides eta Heber Raviolo arituko dira, baita Elena Zuasti antzezlea ere. Izan ere azken honek irakurriko du 'Los Vascos' Murguíaren ipuina eta beste testu batzuk. Ekitaldi honekin abiatuko du Haize Hegoak 'Homenajes-Omenaldiak' bataiatu duen bere ekimen berria, Uruguain euskal kultura zabaltzen lagundu duten euskal uruguaiarrak gomutatu nahi dituen ekimena.
2007/07/12

'Guarani Mbyá nazioko indigenei buruz ari garenean, harridura mirespena bilakatzen zait', mezu hau ozen eta lau haizetara zabaldu nahi du Estebe Ormazabal São Paulo hiri brasildarreko euskal etxeko presidenteak. Hiri erraldoi honetan, badira lau herrixketan antolaturik bizi diren Guaraniak. Hau gutxi balitz, zur eta lur gelditzen gara jakitean, herrixka hauetako umeak eta Itsasondokoak (Gipuzkoa) 'lagun minak direla'.
2007/07/06

2007ko uztailaren 10etik irailaren 30era, Gernikako Bakearen Museoan Picassoren Guernica prestatzeko 23 zirriborrok eta 'Ama haur hilari deutsola' egindako olioak osatutako erakusketa aparta izango da ikusgai. Lan guztiak Madrilgo Centro de Arte Reina Sofia Museo Nazionalak aldi baterako utzitakoak dira, bonbardaketaren 70. urteurrena dela eta. Museoak, ordea, ez du 'Guernica' margoa herri bizkaitarrera eramatea onartu, garrioan izan ditzakeen kalteengatik.
2007/07/03

Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena dela eta gertaeraren inguruko ekitaldi ugari egin dira aurten munduan zehar. Oraingoan, Argentinako bost euskal etxek literatur lehiaketa bat jarri dute abian, bonbardaketa eta bakearen inguruko hausnarketa bultzatzeko. Rosario, Chaco, San Nicolas eta Santa Feko euskal etxeak eta Paranako Urrundik elkartea dira antolatzaileak. Lehiaketan 15-85 urte bitarteko idazleek har dezakete parte. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 2an itxiko da.
2007/06/26

Zazpirak Batek izango du aurten Euskal Astea antolatzeko ardura eta giroa berotzen hasi asmoz bi lehiaketa eta txikientzako jarduera bat jarri ditu abian. Afitxeen lehiaketa, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurreneko lehiaketa eta haurrek egingo dituzten postal erakusketa dira jarduerak eta hiruek euskara dute hari nagusi. Deialdia euskara ikasle eta irakasleei zuzendua dago eta lehiaketen zein postalen jardueraren emaitzak Euskal Astean ikusgai izango dira (urriaren 5, 6, eta 7an), Rosarion.
2007/06/13

2001eko irailaren 11an Anita Glesta artista newyorktarrak Dorre Bikien erasoa zuzenean ikusi zuen World Trade Centerren parean daukan apartamentutik. Beldurrak, Manhattanetik seme-alabekin egin behar izan zuen ihesak eta zentzugabeko biolentziaren biktima izatearen sentsazioak aurretik gertaturiko beste trajedia bat ekarri zion burura: Gernikaren bonbardaketa. Sufrimenduaren unibertsaltasuna, horixe da Glestak bihar inauguratuko duen 'Gernika/Guernica' ikusgarriarekin azaldu nahi duena. Horretarako Gernikako biktimen ahotsa eramango du Zero Gunearen inguruetara.