Bilatzailea
2010/05/11

Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburu den La Platako Euzko Etxean Javier Clúak segituko du elkarteko lehendakari joan den apirilaren 25ean eginiko Urteko Ohiko Batzarraren ostean. Berarekin batera arituko dira Zuzendaritza Batzordean Jorge Batiz, lehendakariorde; Maria Fernanda Astigarraga, idazkari; Iñaki Azcarate, idazkariorde; Patricia Pulido, diruzain; eta Sergio Ochotorena, diruzainorde, besteak beste. Bestalde, batzarkideek aho batez onetsi zuten Adolfo Pérez Esquivel elkarteko ohorezko bazkide izendatzea proposatzen zuen ekimena.
2010/05/10

Urtero bezala, Montevideon euskaldunek ez diote hutsegin Gernikako bonbardaketaren urteurrenari eta Haize Hegoa Euskal Etxeak eginiko deialdiari erantzunez elkarte honetako buruzagi, dantzari, bazkide eta lagunak hiriburu uruguaitarreko Gernika Plazan duela 66 urte bertan erroturik hazten ari den Gernikako Haritzaren inguruan bildu ziren sarraskiaren 73. urteurrena gogoratu eta Franco generalaren zerbitzura ziharduten hegazkin naziek eragindako triskantzan hildakoak oroituz euskaldunen segidaren lekukotasuna eskaintzeko eta euskal-uruguaitar gisa Diasporatik ere geroa egunero eraikitzen ari den herri bateko partaide agertzeko. Bildutakoek tarte bat hartu zuten duela gutxi Montevideon hil den Jorge Arin Ayphassorho euskal gizataldeko kidea gogora ekartzeko.
2010/05/08
2010/05/06

Hegoamerikako euskal Diaspora ez da ahazten. Ez da ahazten eta euren komunitateetan duten eragina baliatuz, gizarte osoak gogoan atxiki dezan lan handia egiten dute euskal etxeetako kideek. Hori dela eta, urtero, salbuespenik gabe, 1937an Gernikan gertatutako sarraskia oroitzen eta salatzen dute euren baitan zein komunitateari begira antolatutako ekitaldietan. Chascomus, Mar del Plata eta Rosarioko ospakizunak fenomeno honen adibide ezin hobeak dira, hiru hirietan Gernikako Arbolaren kimua landatuta dagoen enparantzetan egin baitziren omenaldiak. Rio de la Plata ibaiaren beste aldean ere gogoratu zuten 1937ko apirilaren 26 hura. Montevideon, esaterako, eta Saltoko euskal etxeko kideek ere aipamen berezi bat jarri zuten euren blogean.
2010/05/01
2010/04/29

Joan den apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren 73. urteurrena bete zela eta, Diasporako euskal etxeek gertakari historiko horren berri zabaldu zuten euren komunitateetan. Argentinan, hain zuzen, hitzaldi, bilera, omenaldi eta hedabideetara bidalitako artikuluen bidez oroitu da aurten euskaldun ororen bihotzean dagoen herria suntsitu zuen erasoa. Orokorrean ekitaldiak ezberdinak izan arren, Diasporako euskal erakundeek pentsamendu bera hedatu zuten herrialdean zehar: bakearen aldeko mezua. Hona Argentinako euskal etxeek egindako ekintzen laburpena.
2010/04/28

'Bonbardaketaren 73. urteurrenean, bihotza oraindik ere Gernikan' leloarekin gogoratu zuen FEVAk euskal egutegian marka gorria duen data hau Juan de Garay Fundazioarekin partekatzen duen Buenos Airesko Liburu Azokako stand-ean. Gernikarekiko oroitzapena igandean gauzatu zen, urteurrenaren bezperan, dantza eta musika erakustaldi batekin. Azoka maiatzaren 10era arte luzatuko da eta epe honetan euskal gaiei buruzko liburu zerrendatxo bat aurkeztuko da, tartean Juan de Garay Fundazioak argitaratutako “Juan de Garay, el Primer Urbanista del Río de la Plata”, “Don Pedro y Don Juan: Mendoza y Garay", “Humor Vasco”eta “2009 eta 2010ko Udako Euskal Unibertsitateko idazlanak”. Euskal standean kontsulta eta eros daitezkeen liburuak daude: besteak beste, Ekin Euskal Argitaletxekoak. Formakuntza arloan, Jose Franzisko Zinkunegi irakasleak mintzaldi bat eskainiko du heldu den astean Hizkuntza-Irakaskuntzaren XIII. Zikloan.
2010/04/26
2010/04/16

'200 urtetako istorioak liburuekin ospatu' da aurtengo Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren leloa. Izenburu honek 1810ean Argentinan gertatutako iraultza eta honek sortarazi zituen historia eta istorioei egiten die erreferentzia. Azken hiru urteotan legez, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak elkarrekin ipiniko dute standa, eta bertan ere historia oroituko da, Euskal Herrikoa baina. Bi erakundeen azokarako egitarauan leku berezia izango du Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren omenaldiak eta, beraz, apirilaren 25 eta 26an dantza eta musika erskutsiko dira standean bertan. Horretaz gain, “Garay, primer urbanista y Don Juan y Don Pedro” eta “Humor Vasco” liburuak aurkeztuko dira eta euskarari zein euskal kulturari buruzko hainbat material ikusgai eta salgai egongo da. Azokak aurtengoan apirilaren 22tik maiatzaren 10era bitartean irekiko dizkie ateak bisitariei. Euskal standaren zenbakia 2418/20, azokako aretoaren pabilioi horian.
2010/04/13

1936-46ko euskal erbestea, gerla denbora, justizia eta eguneroko bizimodua aztertuko ditu datorren ostegun eta ostiralean Estatu Batuetan, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) Renon egingo duen IX. Hitzaldian. Europako eta Estatu Batuetako hamabost bat aditu partaide, bi eguneko hitzordu akademiko hau CBSko aurtengo 'Douglass Distinguished Scholar' den --eta beraz aurten Renon ikerle/irakasle ari den-- Santiago de Pablo EHUko euskal historialaria eta Sandra Ott CBSko zuzendarikide eta Ipar Euskal Herriko historia garaikidean aditu dena koordinatzaile gauzatuko da. Emaitzekin liburua emango du argitara Renoko CBSek eta Estatu Batuetako bostehun bat unibertsitate eta zentro akademikotan banatuko.