euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Bilatzailea


Euskal kultura ezagutzeko anitz aukera emanez hasi du urtea Jose C. Paz-eko Toki Eder EEak

2012/03/26

Toki Eder euskal etxeko ordezkaritza Banderaren Bigarren Mendeurreneko ospakizunean (argazkiaEE) Urte osorako programa plazaratu du pasa den astean Toki Eder euskal etxe argentinarrak. Tailer eta ikastaro eskaintza zabala da eta, bertatik gogora arazi dutenez, ekintzak doakoak dira etxeko kideentzat. Eskolez gain, Euskal Herriko ohiko jaiak eta euskal kulturari buruzko zenbait hitzaldi ere burutuko dira Toki Eder-en 2012 honetan. Jarduerak, hala ere, oso goiz hasi dira aurten Maria Angeles Oñederra buru duen instituzioan. Otsailaren amaieran, hain zuzen: Argentinako Banderaren Bigarren Mendeurreneko tokiko ospakizunean Toki Eder euskal etxeko lagunek Euskal Herria ordezkatzeko ardura izan zuten.

Euskal PEN Kluba Gernikaren 75. urteurrenerako poemak biltzen ari da (edozein hizkuntzatan)

2012/02/17

Pablo Picassoren 'Guernica' margolana sarraskiaren ikur ezagunena bilakatu da Aurtengo apirilaren 26ean Gernikaren Bonbardaketaren 75. urteurrena beteko da eta Euskal PEN Klub elkarteak mundu osoko idazleei gaiari buruzko poemak bidaltzeko deialdia luzatu die. Poemak jatorrizko hizkuntzan bidali behar dira eta, euskaraz ez bada, hizkuntzotako batera itzulita ere: euskara, ingelesa, alemana, frantsesa edo espainiera. Poemak urteurreneko ekitaldietan irakurri eta argitaratuko dituzte. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 31an itxiko da.

Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena; mahaingurua Bartzelonako Euskal Etxean

2012/01/13


Gazteak zein gerra osteko belaunaldiko entzuleak bildu zituen Berlinen 'Gernika eta alemanak' jardunaldiak

2011/10/20

Walther Bernecker irakasleak eman zuen hitzaldiak entzuleen jakinmina piztu zuen Harrera ona izan zuen iragan irailaren 30ean Berlingo Euskal Etxeak Cervantes Institutuarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin batera egin zuen 'Gernika eta alemanak' jardunaldiak. Euskaldunek hain gogoan duten Gernikako bonbardaketak alemaniar gizartean izan zuen eta duen islada aztertzea zen topaketaren helburua eta horretarako Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentala erakusteaz gain, gai hau sakonean aztertu duen Walther Bernecker irakaslea hitzaldia ematera gonbidatu zuten antolatzaileek.

Euskal Etxearen 60. urtemuga ospatzeko ekimenak aurrera darraite Pergaminoko Lagun Onak-en

2011/10/03

Lagun Onak euskal etxea Integrazio Proba delako txapelketaren babeslea da. Argazkian, euskal etxeko kideak lasterketako elastikoarekin(argazkia EE) Bizirik eta osasuntsu segitzea oso arrazoi ona da ospatzeko; Pergaminoko Lagun Onak-eko kideek urte osoko ospakizun egitaraua proposatu zuten 2011 hasieran eta egitaraua zintzo-zintzo ari da betetzen. Inguruko herrietako euskal gizataldeetako ordezkariak bertaratu dira Pergaminora ekitaldietan – hitzaldi, erakusketa, abesbatzaren aurkezpenak, eta jaiak antolatu dira, besteak beste – parte hartzera. Urtebetetzeko ekimen bereziez gain, ohiko ekintzak ere antolatu dituzte Pergaminoko euskaldunek: esaterako, irailaren 25ean Karitas-ek urtero antolatzen duen Erdi Maratoiaren babesleak izan ziren 9. aldiz.

Berlingo Euskal Etxeak 'Gernika eta alemaniarrak' ekitaldia antolatu du ostiralean Cervantes Institutuan

2011/09/28

Walther L. Bernecker adituak 'Gernika eta alemaniarrak' gaia jorratuko du ostiralean emango duen hitzaldian (argazkia Cervantes.de) Berlingo Euskal Etxeak gonbidapena zabaldu du ostiral honetan Cervantes Institutuaren egoitzan egingo den 'Gernika eta alemaniarrak' izeneko ekitaldira bertaratzeko. Bi zati izango ditu jarduerak: hasteko, Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentalean bonbardaketatik bizirik atera zirenen eta alemaniar pilotoen testigantzak entzun eta ikusiko dira; ondoren, Walther Bernecker historialariak 1937ko apirilaren 26ko gertaera traumatikoak euskal-alemaniar harremanetan izan duen isla azalduko du. Ekitaldia Etxepare Institutuarekin eta Cervantes Institutuarekin lankidetzan antolatua da.

Elena Itcea eta Lagun Onak abesbatzaren eskutik, euskal irudi eta abesti adierazgarrienak Saladillon

2011/09/13

Lagun Onak abesbatza Saladilloko Marconi Antzokian (argazkia EE) Itxaropen euskal etxeak antolaturik, garrantzi handiko bi ekitaldi burutu ziren Buenos Aires probintziako Saladillo herrian azken bolada honetan. Alde batetik, Pablo Picassoren koadrorik famatuaren analisia eskaini zien Elena Itceak Saladilloko Mitre Liburutegian bildutako entzuleei. Beste alde batetik, Lagun Onak abesbatzaren kontzertu batez gozatu ahal izan ziren herritarrak Marconi antzokian. Urte osorako egitaraua jarraituz, urriaren 22an Che que Parché taldearen bisita jasoko dute euskal etxeko kideek.

Montevideoko Centro Euskaro EEak astelehenean abiatuko ditu bere sorreraren Mendeurreneko ekitaldiak

2011/06/21

Egoitza berriaren inaugurazioa egin zuen elkarteak 2008an (argazkia CentroEuskaro) Datorren ekainaren 29an Montevideoko Centro Euskaro elkarteak ehun urte beteko ditu eta egitarau zabala antolatu du data esanguratsu hau ospatzeko. Mendean zehar gorabeherak izan ditu elkarteak, baina ehun urte bete eta ekinean jarraitzeak merezi du ospatzea eta horretan dihardute egunotan. Mendeurreneko ekitaldiak datorren astelehenean, ekainaren 27an, hasiko dira eta larunbata bitartean luzatuko dira. Hitzorduen artean, besteak beste, urteurrenari buruzko seilu baten aurkezpena eta Euskal Etxeen Nazioarteko Mus Txapelketa bat izango dira.

Caracaseko Eusko Etxeak bere ekimenen berri ematen du Jazoera albistariaren bigarren alean

2011/05/19

Jazoeraren 'hileko argazkia' atalean Aldaska dantza taldearen irudi historiko eder hau ageri da (argazkia Jazoera) Caraceseko Eusko Etxeak Jazoera buletinaren bigarren alea argitaratu du, elkartearen apirileko eta maiatzeko egitasmo eta ekimenen berri emateko bere bazkide eta lagunei. Albistarian Euskal Herritik etorritako berririk ere badago, Galdakaon egin zen euskal-venezuelarren urteroko topaketaren kronika, kasu. Irantzu Leundak bidaltzen du. Aberri Eguneko ospakizuna ere gai nagusienetakoa da eta datozen hitzorduak aipatzen dira, horien artean Amatxuei Omenaldia eta Pintxo Lehiaketa.

Indarkeriaren aurkako hitzekin gogoratu da Gernikako Bonbardaketa Mar del Plata, Rosario eta Arrecifesen

2011/05/05

Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko kideek San Martin Plazan ospatu zuten Gernikako Bonbardaketaren 74. urtemuga (argazkia EE) “1937ko apirilaren 26an eta Espainiako Gerraren testuinguruan hegazkin alemaniarrek Gernika herrixka bonbardatu zuten. Zibilen kontrako lehenengo erasoa izan zena, gertaera gogoangarrienetako bat bihurtu zen mendebaldeko herrialdeentzat. Hori dela eta 74. urtemuga honetan aipamen berezi bat merezi du Gernikako Bonbardaketak”. Hitz hauekin gonbidatu zuten Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kideek bertako komunitatea San Martin plazan burutu zen zeremonian parte hartzera. Izpiritu berarekin bildu ziren Euskaldunak Denak Bat eta Zazpirak Bat-eko lagunak Gernikako kimuaren ondoan data goibel hau gogorazteko.

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia