Bilatzailea
2012/10/09
2012/10/03

Urriaren lehenetik, aurrera ari da New Yorken "Basque Cultural Exchange", Etxeorratzen Hiriko publikoari Euskal Herria eta bere kultura garaikidearen ekarpenen haritik elkarrekin zenbait gogoeta egitea proposatzen dion ekimena, Etxepare Euskal Institutua antolatzaile eta kultur erakunde honek iaz New Yorken estreinatu zuen Bernardo Atxaga katedraren eskutik. Astelehenean zabaldu zituen ateak katedraren aurtengo edizioak, ondoren mahai-ingurua egin zelarik "Gernika, revisited" gaiaz. Ekitaldiak urriaren 13ra arte segituko dute City University of New York-en (CUNY), New York University-n (NYU), Anthologhy Film Archives-en eta New Yorkeko Cervantes Institutuan. Gaur 'The Bombing of Gernika' erakusketa zabalduko dute.
2012/10/03
2012/10/02

Irailaren bukaera aldera Medellinera bidaia egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako ordezkari Iñaki Martinezek, Antioquiako hiri honetan euskal komunitateak antolatutako hitzaldi batean gonbidatu gisa parte hartzeko. Solasaldiaren gaia "Picasso y Jorge Oteiza, hilo de continuidad en la obra Gernika", Libe de Zulategi euskal-kolonbiarrak emanik, Udal Liburutegi Publikoan. Bestalde, aste honetan Kolonbian da SPRIko zuzendaria, Tomas Orbea. Barranquillako Hiri Iraunkor Nazioarteko Foroan parte hartuko du Orbeak, Euskal Herriko esperientzia eta Bilboren birsorkuntzaren kasua azaltzeko.
2012/10/01
2012/09/28

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari ekitaldi bereziak antolatzen ari da aurten Berlingo Euskal Etxea eta ekitaldi horietako bat da urriaren 30ean abiatuko den Euskal Zinemaldia. Euskal elkarteak tamaina honetako egitasmoa burutzen duen lehen aldia izango da eta egitarau zabala prestatzen ari da. Behin-behineko programaren barruan Alemaniako hiriburuan ikusgai izango dira besteak beste "Bertsolari" eta "Zuloak" dokumentalak, "Izarren Argia" luzemetraia eta "Gartxot" animazio-filma, besteak beste.
2012/09/25

Amaitu da Peruko hiriburuan ikusgai izan den Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurreneko erakusketa eta Limako Euskal Etxeak jardueraren balioespen baikorra egin du. Euskadiko ordezkaritzarekin lankidetzan antolatu zuen euskal etxeak erakusketa eta bisitari ugari izan ditu. Inaugurazio ekitaldian euskal komunitateko kideak eta Limako kultur eta politika alorreko lagun asko bildu ziren. Hunkituta entzun zuten aspaldi Perun bizi den Jon Guarrochena euskaldunaren kontakizuna: bonbardaketan egon zen hiru urte baino ez zituela eta gertaerak bere familiaren bizitzan marka latza utzi zuela aitortu zuen.
2012/09/19

Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, New York hiria "Basque Cultural Exchange" ekimenaren leku izango da urriaren 1etik 13ra bitartean, aukera emanez bertako biztanleei egitarauko film, mahai-inguru eta kontzertuak medio euskal kultur emaitza garaikideetara hurbiltzeko, aurten, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena gai gisa harturik. City University of New York-en (CUNY) egoitza duen Bernardo Atxaga katedrak aurten irakasle hautatu duen Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria izanik, ekimenak hainbat film emango ditu historiako pasadizo horren inguruan 'Gernika eta Espaniako Gerra Zibilia Euskal Herrian' izenburupean. Beste saio batzuk 'Euskal ikonoak munduan' eztabaidatuko edota euskal kantagintzaren historia aurkeztuko dituzte kontzertu multimedia batean, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz.
2012/09/10

Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxe argentinarrak, joan den ostiralean bere egoitzan eginiko ekitaldi batean, SADE idazle argentinarren elkartearekin batera deitu zuen Gernikako Arbola literatur sari nazionalen irabazleen izenak adierazi zituen. Bi elkarteetako lehendakariak buru izan ziren saioan, lehenengo hiru sarituen eta aipamen berezia lortutakoen berri eman eta sariak banatu ziren. Luciano Germán López, San Luis probintziako La Punta-tik partaide izan denak bereganatu du lehenengo saria. Bigarrena, La Platako José Luis Visconti izan da, eta hirugarrena Jairo Zanetti, Entre Ríos probintziako San Jose-koa.
2012/09/07

Hiriko alkate Susana Villarán de la Puente, Euskadiren Ordezkari Ana Urchueguia eta bertako Euskal Etxeko lehendakari Raul Noblecilla partaide, gaur eguerdian zabalduko da ofizialki Limako Erdigune Historikoaren baitan, Casa Rimac delakoan, Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurrena gogoan hartzeko antolatutako erakusketa. Aldi berean, datorren igandean, irailaren 9an --Arantzazuko Andra Mariaren egunean alegia-- eta euskal etxea tarteko ere, meza berezia emango du Callaoko apezpiku erretiratu Miguel Irizar euskaldunak, eman ere aurten 400 urte betetzen direla-eta hirian Arantzazuko Andra Mariaren Kofradia sortu zenetik, non eta meza egingo den San Frantziskoko Komentuan, ondoren ekitaldi bat ere egingo delarik.