Irailaren 8an ospatuko da nazioartean Euskal Diasporaren Eguna, aurten laugarren urtez. Ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da. Ospatzeko, harro dagoelako Euskal Herria munduan barreiatuta dituen seme-alabez eta seme-alaba hauek bat egiten dutelako euren Euskal Herriarekiko partaidetza eta atxikimenduan. Eta aldarrikatzeko: arbasoak eta historian zehar eta gaurdaino Diasporatik Euskal Herriari ekarria egin diotenak gogoratu eta ohoratzeko eguna baita, iraganari oraina eta geroa emanez.
Eusko Jaurlaritzak eguna ospatzera gonbidatzen zaitu, eta banatzera #EuskoChallenge traola, harro erakutsiz munduari nola ospatuko duzun Euskal Diasporaren Eguna.