euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Bideoak

Momentu hunkigarriak Txinan, euskaraz eta bertsotan

2009/02/23

Momentu hunkigarriak bizi izan dira Txinan, Shanghaiko Euskal Etxean, otsailaren 15ean, Juanito Sarasola bertako bazkide, fundatzaile eta lagunari egin zaion omenaldian. Elkartekideek 'Urrezko Abakoa' izeneko saria eman zioten, ohorezko aurreskua dantzatu eta, horra hor zeinen ezusteko polit eta pertsonala, hiru bertso kantatu zizkioten, aho batez, Amets Arzallus bertsolariari berarentzat propio eskatutakoak. Joan den 18an, honen guztiaren berri eman genuen artikulu batean (bertsoen hitzak ere hor daude). Orain, momentu horretako bideoa dakarkigu. Zorion bero-beroak Juanito Sarasolari, sariagatik eta honelako lagunak izateagatik [bideoan, Shanghaiko Euskal Etxeko lehendakari Estibalitz Gete, Juanito Sarasola (abakoa eskuetan) eta Mikel Usandizaga, 'master of bertso-ceremonies'; beheko argazkian Estibalitz Gete, Juanito Sarasola eta Alex Arriola, Txinako EEko iazko Zuzendaritzako kidea]

Bideoa ikusi


'Ai zer plazera' kantuaren karaokea: musika eta hitzak

2009/02/02

Euskal kantutegiko doinu edo aire ezagunenetakoa eta sentituenetakoa da 'Ai zer plazera' [bai, erre bakar batez], Euskal Herriko eta Diasporako euskaldunek noiznahi eta nonahi kantatua. Hona ekarri dugun bertsio honetan, Erramun Martikorena baigorriarra (Diasporarekin familia lotura sakonak dituena, ama ere Kaliforniako euskalduna baitzuen) kantari. Erramunen ahots paregabea audioan eta hitz xiberotarrak pantailan, kantatzeko eta hitzak ere ikasteko gomita edo gonbidapen irekia duzu hau. Goza ezazu, irakurle!

Bideoa ikusi


Jota eta Lantz Zortzikoa Txileko Nafar Etxeko dantzarien eskutik

2009/01/26

Txileko Santiagoko Nafar Etxeko dantzariak dira. Irudiak joan den urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, Santiagoko Estadio Español-en egin zen jaialdikoak dira. Jota eta Lantz Zortzikoa ari dira dantzatzen (bideoa Maite Otondo)

Bideoa ikusi


Donostiako danborrada... bizi-bizi Argentinako Canuelasen

2009/01/16

Urtero ohoratzen dute Buenos Aires probintziako Cañuelas herriko 'Denak Bat' Euskal Etxekoek Donostiako danborrada eta ederki jotzen dituzte Sarriegiren aireak bertakotze bidean ipini duten euskal-argentinar festa gisa ospatuz. Herriko plazan egiten dute, eta iazkoan herriko alkatea, euskal erroduna bera ere, bertaratu eta eskertu zien Euskal Etxekoei itsasoz bi aldeetako kulturak biltzen egiten duten lan eskerga. Munduan, Donostian eta Euskal Herrian ezezik, Argentinan, Katalunian, Venezuelan, Ingalaterran, Espainian, Estatu Batuetan, Mexikon... eta beste hamaika tokitan ospatzen dute donostiarren edo euskaldunen danborrada (bideoa EuskalKultura.com)

Bideoa ikusi


Hator Hator, Ortzaizeko ikastolako haurrek kantatua, Baxenabarren

2008/12/29

Baxenabarren, Ortzaizeko ikastolako haurrak kantari jalgi dira urte guziz herriko karriketan. Ekarri dugun bideo hau iazkoa da, nahiz eta haurrek gabon kanta klaikoetako bat kantatzen duten: Hator Hator kantatzen dute. Zorionak eta Urte Berri On!

Bideoa ikusi


William Petersen (Grissom, CSI) euskaraz hitzez eta kantuz

2008/12/19

William Petersen CSI telesaileko protagonista euskaraz mintzo da, ondoren ingelesez eta azkenik 'Goiko Median elurra dago' kantua kantatzen du bideo honetan. Gaztea zenean, 1974-75 urteetan Euskal Herrian bizi izan zen geroztik aktore ospetsua bilakatu den Peterson, Oñatin izan ere, eta orduko oroitzapen eztiak aipatzen ditu bideoan. Irudiak Ibarretxe lehendakariak euskal gizarteari 2008ko abenduaren 19an Gasteizen eskaini dion harrera ekitaldian eman dira.

Bideoa ikusi


Entzun nahi Kirmen Uribe bere poema bat irakurtzen NYen?

2008/12/15

Kirmen Uribek 'Kukua' poema irakurri zuen 2004ko urriaren 16ean New Yorkeko Bowery aretoan. Berarekin Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariak aritu ziren, eta Elizabeth Macklin poetak lagundu zuen itzultzaile lanetan. Irudiak Arkaitz Basterraren 'A way to look at the world' dokumentalaren parte dira.

Bideoa ikusi


Txikiak sokatiran Euskal Echean

2008/12/09

FEVAk antolatuta 2008ko Haurren Topaketa egin zen Llavallolgo Euskal Echea ikastetxean eta bertara bildu zirenek hamaika joko eta jardueratan parte hartzeko aukera izan zuten. Iruditan, sokatiran izan zen lehia bizia (bideoa euskalkultura.com)

Bideoa ikusi


Mikel Laboari azken agurra

2008/12/01

Mikel Laboa kantari donostiarra eta euskal kulturaren ikono ezaguna, gaur goizaldean hil da Donostian, 74 urte zituela. Laboari Gipuzkoako Urrezko Domina egotzi zioten berriki, gipuzkoar Foru Aldundiak ematen duen sari nagusiena, eta pertsonalki jasotzeko asmoa agertu zuen, abenduaren 23an egin behar zen ekitaldan. Gu guztion ondare bilakatutako 'Txoria txori' bere kantaren doinuekin eman nahi diogu azken agurra Laboari.

Bideoa ikusi


Kongoko umeak Athletic-en ereserkia kantatzen

2008/11/20

Kongoko Lwiro herriko umeek Athletic futbol taldeak emandako kirol materiala jaso zuten, Coopera gobernuz kanpoko erakundearen bidez, eta horiekin hiru futbol talde sortu dituzte. Eskerrak emateko haurrek Athletic-en ereserkia ikasi zuten eta euskaldun peto-petoak bailira kantatzen dute talde bizkaitarraren zaleak zoratzen dabilen bideo honetan. Cooperaren lanari buruzko informazio gehiago www.coopera.cc webgunean.

Bideoa ikusi


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia