Aimar Maiz. Beren-beregi Cincinnatirako sortu zuten Txanbela, lehengo urtearen bukaeran. Juanjo Mena orkestra zuzendari gasteiztarra izendatu dute May Festivalen zuzendari, hiru urterako. “Berezitasun batzuk sartu nahi zituen, eta lotura horri esker izan gara han”, azaldu du Txanbelako kide Xabier Barriola tenoreak.
Maiatzaren 19tik 28ra izan dira Ohioko hiriburuan. 1873an hasi ziren, eta bi urtean behin egiten dute Cincinnatin musika eta kantu jaialdia. Menak Donostiako Orfeoiko Josean Vegari eskatu zion otxotea osatzeko. Lau gipuzkoar, hiru nafar eta arabar bat elkartu eta zuzendu ditu: Bautista Agirre eta Eduardo Zubikoa (lehen tenoreak), Xabier Barriola eta Fernando Idiakez (bigarren tenoreak), Pablo Azpeitia eta Miguel Angel Segarra (baritonoak), eta Inaxio Olaizola eta Luis Arratibel (baxuak). Vega izan da zuzendaria.
Añorgan (Donostia) eman zuten estreinako kontzertua, maiatzaren 6an; beste saio bat egin zuten Lekunberrin (Nafarroa), eta Cincinnatin burutu dute proiektua.
Ereduak esportatuz
Euskal folkloreko musika eramateaz gain, musika jaialdietako esperientzia batzuk ere erakutsi dituzte Cincinnatin. Menaren eskutik, mesias parte-hartzailea aplikatu dute, batetik; tokian tokiko abeslariak jarri dituzte koru nagusiari lagunduz, aldamenean. Horrek sonoritate handia erantsi die kontzertuei. “60 laguneko korua agertokian, eta alboetan beste 200 kantari. Oso polita izaten da aldi batean denak batera sartzea, eta asko gustatu zaie”.
Bestetik, Donostiako Musika Hamabostaldian horren ohikoa den plaza ugaritasuna eta jaialdiaren mugikortasuna ere landu dituzte. “Zaharren bi egoitzatan egon gara, horietako batean bertako koruarekin tartekatuz. Fountain Square plaza nagusian ere aritu ginen, hiriaren erdian; ordubeteko saioa eman genuen. Baita beste pare bat azokatan ere. Egunero abestu genuen, saio motzetan”, dio Barriolak.
Txanbelak jaialdiaren zuzendaritzaren aurrean ere kantatu du. Bi kontzertu zuzendu zituen Menak, eta emanaldiaren aurreko harrera garaia girotzen aritu dira bi kasuetan. “Ikaragarria da Mena zuzentzen ikustea. Oso ona da, eta dantza egiten zuen zuzentzeko garaian. Kantatzen ere oso ona da”. Erresuma Batuko BBC komunikazio taldeko musika orkestraren zuzendaria ere bada, kargu hori aurki utziko duen arren. Txanbelakoek ikusi ahal izan dute”bide onetik” ekin diola Cincinnatiko lanari.
Harrituta itzuli dira AEBetan musika babesteko daukaten moduarekin. “Euskal Herrian enpresek jartzen dute dirua babesle gisa; han, berriz, pertsonek. Musika egitarauarekin batera azaltzen dira, gainera, izen guztiak, ekarpenaren arabera sailkatuta: 10.000 dolarrera arte nortzuek eman duten, 20.000ra artekoak, 100.000ra artekoak…”.
Ahotsaren koloreak, lilura
Txanbelak harrituta utzi ditu Cincinnatiko herritarrak kantuaren mailarekin. “Gizonezkoen ahotsaren kolorea” izan da bereizgarria batik bat. “Ia-ia Donostiako Orfeoiaren parekoak ziren hango koruak. Emakumeek oso ondo abesten zuten, baina gizonei tinbrea falta zitzaien. Gu tinbrez sobera joan gara. Alde horretatik, jendea harrituta geratu da gurekin”, gaineratu du Barriolak.
Otxotearen kantaera oso zaila dela azpimarratu du. “Ez da erraza. Gezurra badirudi ere, hiru pertsonaren arteko ahots konjuntzioa errazagoa da bi pertsonaren artekoa baino. Oso zaila izaten da bi ahots batzea eta biek bat egitea. Hirurekin asko aldatzen da kontua, eta, orfeoian, errazagoa da hogei tenore batera menderatzea bi bakarrik menderatzea baino”.
Cincinnatira joan aurretik, hilero entsegu bat egiteko elkartu ziren Txanbelako kideak, eta, handik bueltan, hiruzpalau emanaldi gehiago egiteko aukera sortu zaie orain. Konpromiso horiek beteko dituzte laster. “Jarraitzekotan, errepertorioa aldatu beharko litzateke, eta koruaren kalitatearen inguruan hitz egin. Oso arrunta eta ezaguna da otxoteen kantu zerrenda”.
Izan ere, paradoxa dirudien arren, kantuek berez duten erraztasunak areagotzen du otxotearen kalitatea gehitzeko zailtasuna. “Gauza bereziren bat” egiteko, musikaltasunean irabazi beharra dagoela dio Barriolak. “Gauzak goxoago abestea da gehigarria”.
Etorkizuna etorkizun, Cincinnatiko esperientzia aberatsa izan dela aitortu du Txanbelako kideak. “Oso jende jatorra elkartu gara, eta polita izan da egonaldia. Zortzi egun egin ditugu han, eta, oso emanaldi motzak izan ditugunez, turismoa egiteko aukera ere izan dugu”.