euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Zinemaldia.Cat jaialdiak sendotasuna erakutsi du 12. edizioan, publiko katalanak apustua babesten du (Euskaletxea.cat-en)

2017/02/24

Zinemaldia.Cat Euskal Zinema jaialdiak edizio arrakastatsua ospatu berri du. Aurten ere, lehiaketak argi utzi du publiko katalanak gogoz babesten duela Euskal Herriko zinema hoberena eta berriena Kataluniara ekartzeko apostua. Urtero, eta jadanik hamabi dira, gero eta gehiago dira Bartzelonako Cinemes Gironan egiten diren emanaldietara gerturatzen diren zinemazaleak. Ikuslegoa, ugariagoa izateaz gain, askotarikoa da, zineman aurkezten diren proposamenak ere gero eta desberdinagoak baitira.

Lotura: Euskaletxea.cat

Euskal zinemaren sendotzeari eta industria honek duen pisuari esker Zinemaldia.Cat-ek aukera du urtetik urtera kalitatezko programazioa eskaintzeko. Proiekzio bakoitzean zuzendari, aktore edo ekoizle ezagunek parte hartzen dute eta honek balio berezia ematen die emanaldiaren ostean egiten diren solasaldiei. Hauek dira, hain zuzen, jaialdiaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat, pelikulen arduradunen eta publikoaren arteko hartueman zuzena ahalbidetzen baitute. Era berean, hizketaldiak kazetari eta aditu katalanek moderatzeak indartu egiten du Euskal Herria eta Kataluniaren arteko lotura kulturala. Izan ere, batetik, aukera ematen die film eta zuzendari ugariri eremu katalanean ezagutzera emateko. Eta bestetik, euskal zinemaren proposamen berrietara gerturatzeko aukera eskaintzen die kazetariei.

Egileen lana saritzeko gogoz, zinema katalanarekin harreman estua duen epaimahai batek erabakitzen ditu Jaialdiko hiru sariak, Urrezko Txapelak. Aurtengoan Biel Duran eta  Betsy Túrnez aktoreek, Toni Vall kazetaria, Anna Solanas I+G Stop Motion –eko burua eta Dani de la Orden zuzendaria arduratu dira fikziozko filme onena, dokumental onena eta euskarazko lan onena aukeratzeaz.

Bartzelonako Euskal Etxeak, lehiaketaren antolatzaile gisa, azpimarratu nahi du Zinemaldia.Cat-ek Kataluniako zinema munduko profesionalen aldetik jasotzen duen harrera paregabea. Honi esker, euskal zinemak ate ugari ireki ditzake Kataluniako eremu profesionalean.

Honen guztiaren ondorioz publiko katalanak gai, estilo eta formatu oso desberdinak izan dituzten 12 proiekzioz gozatzeko aukera izan du. Horietariko hiruk saria izan dute: Igelak (fikzio onena), París. Paperezko Ahotsak (dokumental onena) eta Gutik Zura (film onena euskaraz).

Zinemaldia.Cat, ordea, ez da zineman amaitzen eta Alterzinemaldia ataleko ekintzek izan duten arrakastak argi islatzen du. Hamabigarren edizio honetan Gatiburen kontzertua (Igelak filmaren musika bandaren egileak) nabarmendu beharra dago, . Era berean, Pere Vall eta Jordi Izquierdo kazetariek zinemaren sekretu ugari azaldu zituzten Gràcia auzoan zehar egindako ibilaldi kulturalean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia