euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Zenbait jende AEBak erregimen faxista baterantz doazen beldur da, "It Can't Happen Here" nobelan bezala (Berrian)

2017/01/22

Sinclair Lewisen 'It Can't Happen Here' nobela profetikoa dela diote askok, eta AEBak erregimen faxista baterantz doazen beldur dira, nobelan gertatzen den bezala.

Lotura: Berria

Estibaitz Ezkerra. Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituela iragarri eta egun gutxira, Sinclair Lewisen (Sauk Centre, Minnesota, AEB, 1885—Erroma, Italia, 1951) It Can't Happen Here (1935, Ezin da hemen gertatu) nobelaren kopia digital guztiak agortu egin ziren Amazonen, eta paperezko bertsioaren 300.000 kopia saldu zituzten Interneteko salerosketa gune beraren eta Barnes & Noble's liburu denda katearen artean. AEBak salbuespenezko egoera batean irudikatzen ditu Lewisen nobelak 1930eko hamarkada erdialdean, depresio garaian alegia, gertatu zen politikaren erradikalizazioa eta gizarte asaldura oinarri hartuta. Azken hauteskundeen emaitza posible egin duten faktoreak kontuan hartzean It Can't Happen Here profetikoa dela uste dute askok, eta gertaera politikoek herrialdea erregimen neofaxista baterantz eramango duten beldur dira, nobelan gertatu bezala.

Bere garaian jazotzen ari zenak kezkatuta zeukan Lewis. Adolf Hitler Alemania «berriro handi» bihurtzeko urratsak egiten ari zen. Benito Mussolinik Etiopia indarrez hartua zuen. Etxean bertan ez zen giro: arrazakeriak eragindako istiluak Harlemen, hauts ekaitzak herrialdearen mendebalde erdialdean. Frank Delano Rooseveltek ekonomia bultzatzeko zin egindako neurriek baikortasun sentimendua zabaldu zuten Erreserba Federalean zein jantoki sozialen aurrean ilaran zain zeuden milioika herritarren artean. Itun Berriaren promesa, ordea, bete gabe geratu zen askorentzat. Diru horniketa estutu, gobernu gastua moztu, eta zergak igo zituen Roosevelten administrazioak, eta herrialdea depresio sakon batera bultzatu. Ekoizpenak atzera egin zuen, eta langabeziak %5 gora egin zuen. Times aldizkariak argitaratu zuenez, NJ Bankers edo New Jersey Bankari Erakundearen presidenteak ondokoa esan zuen bazkideen urteroko bileran: «Amerika abenturak nekatuta eta antsietateak jota dago. Jendeak segurtasuna eta kontserbadurismoa nahi du berriro».

NJ Bankersen presidentea ez zebilen oker. Aita Charles Coughlin, Huey Long Louisianako politikaria eta komunikabideen erraldoi William Randolph Hearst modukoen fanatismoak milaka herritar atsekabetu erakarri zituen. Bigarren Mundu Gerraren atarian, Batasun Alemaniar Amerikarrak hogei mila lagunetik gora bildu zituen Madison Square Gardenen Hitlerren aldeko agerraldian. Erakundeko buru Fritz Kuhnek AEBetako presidente Franklin D. Roosevelten lepotik barre egin zuen hari Frank D. Rosenfeld deituta, eta Itun Berria «Juduen Ituna» zela adierazi zuen. Han bildutakoek txalo zaparrada batekin jaso zituzten adierazpenok. 

Giroa eta pertsonaiak

Orduko giroa ez ezik, aipatutako pertsonak ere —Coughlin, Long, Hearst, Kuhn— aintzat hartzen ditu It Can't Happen Here-k. Esaterako, nobelako antiheroia, Berzelius Buzz Windrip demagogo ezjakina, Longengan oinarrituta dago. 1936ko hauteskundeetan Roosevelten kontra lehiatu eta aise gailenduko zaio pobreziak jotako milioika boto-emaile haserretuei esker. Kanpainan zehar herritarrei egindako promesen artean daude estatubatuar orori bost mila dolarreko —88.000 dolar gaurko diruan— gutxieneko soldata ematea, AEBei gorrotoa dien Mexikorekin gogortasunez jokatzea, kartzela edo heriotza zigorra ezartzea komunismoaren aldeko jarrera agertzen duen ororentzat, eta bankari juduak zigortzea herrialdea hain itxura penagarrian uzteagatik. Juduen aurrean salbuespenak egiteko konpromisoa agertzen du, dena den, «amerikarren balioak» babesten dituzten bitartean.

Windripen igoera politikoan rol erabakigarria jokatzen dute Prang gotzainak —Aita Coughlinengan oinarriturik dago hura—zein Hearstek —bere izen-abizen propioekin agertzen da nobelan—. Baina Etxe Zurirako bidean aurkariak ere irabaziko ditu presidentegaiak, haien artean Doremus Jessup New Englandeko kazetaria. Ikuspegi sozialistekiko jarrera irekia duen «herri txiki bateko intelektuala» bezala deskribatzen zaigu Jessup, bere arraza eta klase soziala dela-eta presidentegaiaren alde bozkatuko dutenen amorrua ulertzeko gai ez dena. Hala ere, bera ere txundituta geratuko da Windripen erretorikarako dohainarekin Madison Square Gardenen egindako agerraldi baten ostean. Handik ordu batzuetara kazetaria ez da presidentegaiak esandako hitz bakar bat gogoratzeko gai izango, baina ez du axola. Windrip kontraesanetan erortzen bada, atzera egingo du esandakoan edo besterik gabe gezur mordoa esango ditu bere burua zuritzeko.

Hauteskundeak irabazi eta berehala lanean hasiko da Windrip: gerra legea ezarriko du lehenik, bere aurkari politikoentzako kontzentrazio esparruak eraikitzen hasi ondoren —horren ondorioz milaka estatubatuar Kanadarako muga zeharkatzen saiatuko dira—, eta Mexikoren inbasioa agindu jarraian. Komunismoaren arerio izateko, Stalinen metodoen jarraitzaile fin bihurtuko da presidente hautatu berria.

Komunikabideen rola

Lan egiten duen egunkaria propaganda aparailu bihurtu ostean, Jessupek Windripen agintearen kontra erresistentzia talde klandestino bati lotuko zaio. Komunikabideek Windripen aginteari aurre egiten joka dezaketen rol erabakiorraz jakitun, prentsa askatasuna berrezartzea da bere helburuetako bat. Nobelak berak, hain zuen, kazetaritza, Windripen jarraitzaileek faltan duten hezkuntza zibikoarekin batera, demokraziaren oinarrizko zutabe bezala azaltzen du. Boterearen aurrean irizpide kritiko agertzen duen komunikabiderik eta hezkuntza zibikorik gabe, Windripen bezalakoek erraz manipula dezakete jendea baita AEBetan ere. Azken hori ez dago faxismotik libre, luzaro uste izan den moduan, eta, faxismoa gailendu bada, apatia kolektiboa, errotiko ezjakintasuna, hots, demokrazia parte hartzaileak eskatzen duen pentsamendu kritikorako ahalmena jadanik ez duen herritar eredua nagusituko delako gailendu da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia