Zaldibian munduko errekor bat jartzeko ahalegina egingo dute, asteburuan. Izan Kantuz erronkan, 26 orduan isildu gabe kantuan ariko dira zaldibiarrak. Txandaka, eta gehienez hiru laguneko taldeetan izena emanda, Herri Antzokiko oholtzan egingo dute kantaldi luzea. Ostiralean 18:00etan hasiko da, eta larunbatean 20:00etan bukatu.
Izena emanda 330 bat lagun zeuden, atzo eguerdian. 26 orduak betetzeko, hutsune gutxi batzuk soilik geratzen dira. «Dena kontrolpean dago jada», zioten Izan Kantuzekoek. Zaldibiako elkarte, talde eta eragile ia guztiek parte hartuko dute.
Abestiak, berriz, 400 piezako zerrenda batetik aukeratu ditu bakoitzak, eta ordutegi jakina dute. Streaming bidez, Interneten zuzenean emango dute erronka (goierri.hitza.eus webgunean ere bai). Karaoke eran abestuko dute, letra aurrean.
Taberna eta sukaldea
Izan Kantuz erronka jai giroan ospatuko da. Herri Antzokiko oholtzan abestuko dute, eta bertan ikustera sartu ahalko da. Kanpoaldean, berriz, karpa handia jarriko dute. Taberna, sukalde zerbitzua, eta otordu bereziak izango dira. Larunbatean herri bazkaria jarriko dute; txartelak salgai daude tabernetan (helduena 16 euro, haurrena 5).
Kantari eta musikari ospetsuak ere gonbidatu dituzte. Ordutegi zehatza webgunean (zaldibia.org/izankantuz) jarri dute. Boluntario-laguntzaileak ere ariko dira, 8 herritar, jendearekin.
Kalean ere sumatuko da. Kantu-jirako lau talde (Ordizia, Beasain, Andoain eta Plentzia) eta bi koru (Zarauzko Montetxio eta Lasarteko Xumela) ibiliko dira.
Errekorra Official World Record erakundeak zilegiztatuko du. Izan Kantuzek jarraitzea nahi dute zaldibiarrek, eta 2018rako beste herri batek lekukoa hartzea da asmoa. Santi Ormaetxea zaldibiarrak zurezko ikurra sortu du, txanda emateko.
Ormaetxeak berak hasiko du erronka, Erribera kantuarekin.