euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Zainak ur bila (Xabier Euzkitze Noticias de Gipuzkoan)

2023/03/12

Kaliforniako Chino hirian, Los Angeles ingurumarian, Centro Basko ostatuko pilotaleku polit bezain hala moduzkoan aritzen ziren hurbileko euskaldunak. 1981. urtean irisartar batek erronka jo zion Chinon bertan jaiotako euskaldun bati: “Hik ezker pareta egiten baduk, nik trinketea eraikiko diat.” Esan eta egin. Irisartarra Xabier Apezetx zen. Ahal izan zuenean Donibane Garazira joan eta Garat trinkete zaharraren planoak atzeman zituen. Haren neurri bereko trinketea egin zuen Chinon, hainbat urtez erabilera handia izan zuena. Oraindik zutik da Xabierren trinketea, baina inor gutxik erabiltzen du. Lur horiek diru asko balio dute egun. Gainera, Xabier duela urte batzuk hil zen. Zorigaitzez, ez dirudi luzaroan eutsiko diotenik.

Lotura: Noticias de Gipuzkoa

Chinon sekulako giroa zegoen duela hamarkada batzuk. Langile gazteak, sasoi eta umore ederrekoak, familia osatu berriak, mundu bat. Aspaldiko hamarkadetan ez da hara Euskal Herritik inor joan. Gazte sasoiko haiek hil edo zahartu egin dira eta ondorengo belaunaldietan gutxi dira euskal senari ganoraz eusten diotenak. Apartak, baina bakan batzuk. Folklorean eta jan-edanean ardaztutako euskaltasun arrastoak geratzen zaizkie. Chinon bezala gainerako lekuetan.

Ostiralean Renoko Euskal Ikasketen Zentroak antolaturiko topaketa batean izan ginen, lau bertsolarik kantatu genuen. Johnny Kurutxet San Frantziskon sortua da. Ez zen trenpurik hoberenean, baina ez zuen hutsik egin; Martin Goikoetxea gorritiarrak sasoiko segitzen du; Jexux Goñi baztandarra bezperan begi batetik operatua zuten eta afaritara agertu zen soilik. Bazen zerbait!; baina, hara!, gainbehera giro horretan, orain Boisen bizi den donostiar bat aritu zen gurekin bertsotan, Todor Azurtza, Ameriketako bertso-giroa ongarritzea deliberatu duen gizon kementsua. Gaur San Frantziskoko Euskal Etxean aritzekoak gara. Garai idorretan sakonago bilatu behar izaten da hezetasuna.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia