euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

William A. Douglass, antropologoa: «Estatu Batuetako euskal artzainaren aroa amaitu da» (Berrian)

2015/12/10

Duela 40 urte idatzi zuen AEBetako euskal diasporaren inguruko liburu mugarria: 'Amerikanuak'; Euskal Herrian da egunotan Mondragon Unibertsitateak gonbidatuta, eta narrazio liburu berri bat plazaratu berritan.

Lotura: Berria

Gorka Erostarbe. Ikertzaileentzat ez ezik, beste hainbat sortzailerentzat ere erreferentziazko liburua da Amerikanuak. Nacho Reig eta Gorka Bilbaoren 2009ko film dokumentalean azaltzen da William Douglass antropologo eta idazlea (Reno, Nevada, AEB, 1939): «Izenburu bera jar ziezaioketen galdetu zidaten eta , jakina, baietz esan nien, ez zegoela inolako arazorik». Jon Bilbao bibliografoarekin (1914-1994) batera duela lau hamarkada idatzi eta plazaratu zuen Amerikanuak: the Basques of the New World. Ordurako egonaldiak eginak zituen Euskal Herrian, nahiz eta lehen aldiz ia txiripaz ailegatu zen, Madrilen ari baitzen espainiera ikasten, 1960etako hasieran. Bi kulturak, AEBetakoa, eta Euskal Herrikoa, ia propiotzat ditu, eta bien arteko aldeak ere ez direla garai batean bezainbestekoak dio. «Egun ez da hain talka handia. Hartzen duzu hegazkina New Yorkeko aireportuan, eta Bilbon lur hartzen duzu, eta ez dago ia kultur edo gizarte talkarik». Beste hainbatetan egin bezala, Euskal Herrira etorria da, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gonbidaturik oraingoan, bere lanaren inguruko jardunaldietan aritzeko. Hamabost urte daramatza erretiroa hartuta, baina ez horregatik geldirik. Oraindik ere harreman estua mantentzen du berak sortutako Renoko Euskal Ikasketen Zentroarekin: «Hilean behin-edo joaten saiatzen naiz». 

Zein da AEBetako euskal diasporak euskal kulturari egin dion ekarpen behinena?

Garaiaren arabera. Nevadako Unibertsitatean Euskal Ikasketen Programa sortu genuenean, Renon, hemen Euskal Herrian ez zen gisako ezer. 1967an sortu genuen, Euskal Herriko Unibertsitatea baino hamar bat urte lehenago. Garai hartan beila bat ginen iluntasunean. Renoko Zentroaren egitekoa dezente aldatu da gerora; gaur egun badago Euskal Ikasketen beste zentro bat AEBetan bertan, Boisen. Eta Euskal Herrian hainbat erakunde daude gai beraren inguruan lanean, beraz, Renoko zentroaren papera lehen baino ere diasporara begiragokoa da. Lehen, euskal kulturaren esparru zabal guztia aztertzen genuen, bai Euskal Herrian eta baita diasporan ere. Orain ere egiten dugu hori, baina gehiago fokalizatzen dugu lana diasporan.

Diasporako jendeak, haren nolakotasunak, zer eman dio euskal komunitateari?

AEBetara egindako euskal emigrazioak ez ditu sustrai sakonak historian, batez ere artzaintzaren inguruan gauzatu zen. Emigranteak ere, batez ere, Euskal Herriko landa guneetatik joan ziren. Oso gazteak ziren, eta hezkuntza gutxi jasotakoak, batez ere Latinoamerikan sortutako hainbat diasporekin alderatuta. Haiek sustrai sakonagoak zituzten, eta Euskal Herriko geruza ia guztietatik joandakoak bildu zituen. Intelektualki ez ziezaiokeen askorik eman euskal artzain amerikarrak euskal kulturari. Euren irabaziak, edo hobe esan, aurrezkiak, Euskal Herrian inbertitu zituzten etxeak erosten, baserrien hipoteken ordainketan edo lanerako kamioi bat erosten. 

Txikitu egin al da azken urteotan AEBetako diasporako komunitatea? 

Ez, esan liteke euskal komunitate egonkor samar bat badagoela, pixkanaka gorantz egin duena. Agortu dena da euskal immigrazioa, artzainen euskal immigrazioa. AEBetako euskal artzainaren aroa amaitu da. Egun, azken zentsuaren arabera 50.000 bat izango dira euskal jatorrikoak. Bada nukleo bat euskal nortasuna mantentzen duena, eta beste batzuek ez dute mantentzen. Egun AEBetan 30 bat euskal etxe egongo dira. Argentinaren ondotik, euskal etxe gehien dituen herrialdea da.

Ikerlari askorentzat oraindik ere Amerikanuak tresna edo langai da. Amerikanuak II bat egin beharko litzateke, bertsio gaurkotu bat 40 urte eta gero? 

Bai, dudarik gabe. Amerikanuak hasi zen Elko lurraldeko euskaldunen azterketa lan baterako sarrera testu moduan; 30 bat orri izango ziren, eta gero bihurtu zen 400 orritik gorako lan bat. Baina kontuan hartu behar da inoiz ez genuela pentsatu ez Jonek eta ez nik gaiari buruzko azken hitza hor esana zegoenik. Uste dut Amerikanuak askoz gehiago egon daitezkeela... Baina ez ditut nik idatziko. Duela urte gutxi batzuk Nevadako unibertsitatetik eskatu zidaten berrirakurketa bat egiteko. Beste kontu batzuetan nenbilen, eta une hartan ez nuen gogorik berriro gaiari heltzeko. Sarrera berri txiki bat egin nuen, hori bai. Niretzat garrantzitsuena da Amerikanuak inspirazio iturri izan dela euskal diaspora desberdinen inguruko beste hamaika lan osatzeko, eta, horregatik, oso asebeteta nago. Amerikanuak ez da jada nire liburua, edo Jon Bilbaorena, euskal mundu intelektualarena baizik. 

Euskal Herriko gizartea asko aldatu da aurrenekoz etorri zinenetik.

Bai, ia nahigabe iritsi nintzen 1963an, eta 1965era arte egon nintzen lehen egonaldi hartan, frankismo betean. Landa guneko munduaren gainbehera gertatzen hasia zen, industrializazioa zela-eta, baina oraindik indarra zuen baserriak. Etxalarko baserri batean bizi izan nintzen, Buxungo Bordan. Lau behi zituzten. Esne pixka bat saltzetik bizi ziren, baina eguneroko jatekoa baratzetik ateratzen zuten. Ez genuen argindarrik, komunik edo ur korronterik. Baserri hura eraldatua dago egun eta modernizatua, eta egun ia txalet bat da. Euskaraz ere txukun samar hitz egitera iritsi nintzen, baina egun galdua dut praktika faltagatik.

Diaspora aztertzen hasi aurretik, euskal gizarte hura aztertu zenuen.

Bai, nire lehen liburuak izenburutzat dauka Death in Murelaga: the social significance of funerary ritual in a Spanish Basque village, 1969an kaleratua. Ondoren Muerte en Murelaga gaztelaniazko bertsioa ere izan zuen. Euskal Herriko herrixka baten egitura soziala aztertu nuen heriotza errituen bitartez. Hark ez zuen zerikusirik diasporarekin eta emigrazioarekin. 

Egungo euskal gizartea aztertzeko lana egitera animatuko zinateke orain?

Ez, oraindik ere oso sartua nago euskal gaien ikerketan; kaleratu berri dut liburu bat Ozeano Pazifikoan aritutako euskal esploratzaileen inguruan: Basque Explorers in the Pacific Ocean. Esku artean dut Australiako euskal komunitatearen inguruko beste bat ere. Eta ia bukaturik daukat euskal jatorriko peruar pertsonaia zeken baten istorioari buruzkoa ere. Izena zuen Julio Cesar Arana. XIX. mende amaiera eta XX.mende hasierako pertsonaiarik doilorrenetakoa izan zen, Peruko hainbat tribu indigenen genozidioaren eragile izan baitzen kautxu enpresari modura. Inperio handi bat zuen Putumayon, Perun, 5 milioi hektareatakoa. Bost belaunaldi lehenago joan ziren haren ahaideak Perura, Euskal Herritik.

Euskal Herrira iritsi zinenean Julio Caro Barojaren lanak zenituen irakurgai nagusi. Zer irakurtzen duzu egun, Euskal Herriarekin loturik? 

Egun ez daukat irakurketa sistematikorik. Atzo gauez irakurri nuen memoria historikoari buruzko liburu labur bat, Pamielak ateratakoa, eta Aranaren liburu horretan aipatuko dut, antzeko kontuak baitira. Oso liburu ona da.

Ez zara esku-hutsik etorri, zure biografia fikzionatua aurkeztu duzu Durangon, ipuinen moldean, Pamiela etxearekin: Bizi ondorengo heriotza: Nevadako kontakizunak. 

Bai, liburuak ez du euskal gaiekin zerikusirik, nahiz eta pare bat kontakizunetan zerbait azaltzen den. Ni oso naiz Nevadakoa, eta nire sustraiei buruzkoa da. Kasino enpresa baten gidaria zen nire aita, eta azaltzen da kasinoen mundu hori... Arrantxo bat daukat han, Smokecreek izenekoa eta baita euskal jatorriko artzain bat lagun mina ere, Brent Espil. Ia gu gara biztanle bakarrak lurralde zabal batean, Bilbotik Gasteizeraino arteko hedadura duen lurgune batean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia