euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Urriak 7, 1936 (Xabier Irujoren iritzi artikulua Berrian)

2016/10/07

Lotura: Berria

Xabier Irujo (Historialaria, Genozidioen eta Bake ikerketen irakaslea Nevadako Unibertsitatean)

Udazkeneko egun hotza zen hura. Goizeko bederatzi terdietan jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko hiru mahaiak prest zeuden. Bizkaiko eta Gipuzkoako zinegotziak eta baita Arabako 19 ordezkariak ere hurbildu ziren Bilbora, botoa ematera. Mahaietara iristeko hareaz betetako zakuz jorratutako pasabideak igaro behar zituzten boto-emaileek. Fermin Zarza Bilboko alkatea buru, udaletxeko egoitzan kokatua zegoen hirugarren mahaira joan zen. Paulino Gomez Beltran Bilboko zinegotzi sozialista izan zen botoa ematen lehena. Ahoz egin behar zen bozka:

—¿Por quién vota? (Nori emango diozu botoa) —galdetu zuen Zarzak.

—Por José Antonio Agirre Lekube —izan zen erantzuna.

Beste 291.470 boto lortu zituen Agirrek; Ramon Madariagak, 100. Nahiz eta ez zen ofizialki iragarri, arratsaldeko lau t'erdietan Gernikako juntetxea jendez gainezka zegoen jada. Ordu bat geroago hasi zen ekitaldia, eta Agirrek bere agintea zin egin zuen hitz hauekin:

«Jaungoikua'ren aurrian apalik,

Euzko-lur-ganian sutunik eta

Bizkaiko Areitz-aspijan

Asabaen gomutaz

Nire aginbidia zintzoruen betetia

Zin dagit».

Han zen Telesforo Monzon. Txalupa txiki batean Lekeitiora heldu zen. «Jaurlaritza osatu zela eta ni sailburu nintzela esan zidaten, eta Gernikara iritsi nintzen. Eta Gernikako zuhaizpean ikusi zintudan, On Agirre, zure lankideekin, eta zure gobernuko sailburua nintzela esan zenidan. Kanoien hotsak entzuten ziren inguruko mendietan. Leizaolak unibertsitatea osatuko zuela esan zidan, eta guztiak erotuta zeudetela pentsatu nuen nik».

Ez zen gutxiagorako. Urriaren 7an Francoren ejerzitoak Araba eta Nafarroa hartuta zuen. Donostia matxinatuen esku, Gipuzkoan barna Bizkaiaren mugara hurbiltzen ari ziren azkar Molaren tropak. Urriaren 7rako 150 bonbardaketa pairatu zituen euskal herriak. Uztaila eta urria bitarte, hemezortzi aldiz bonbardatu zuten Francoren itsasontziek eta hegazkinek Donostia, hogeita bi aldiz Irun, zortzi aldiz Hondarribia eta Eibar. Ehunka ziren jada hildakoak, eta askoz gehiago errepresaliatuak.

Bederatzi hilabete geroago egoera askoz ilunagoa zen: Hegoaldea matxinatuen esku, mila bonbardaketetatik gora da Francoren hegazkinek utzitako heriotz arrastoa. 7.848 hildako gudari, askoz gehiago errepresaliatutako zibilak, milaka preso eta 150.000 erbesteratu, horien artean 32.000 haur.

Bi irtenbide zituen jaurlaritzak: amore eman edo erbestean borrokari eutsi. Errepresalituen eta erbesteratuen aldeko lana erbesteko jaurlaritzaren lehen eginkizuna izanik, borrokan jarraitzeko apustua egin zuten sailburuek. Besteak beste, bost hospital ezarri zituen jaurlaritzak erbestean, elbarri eta zauritu larrientzako formazio tailerra, frantziar kontzentrazio esparruetan sartu zituzten gudariak babestu eta, 1938 eta 1939 bitarte esparruetatik atera; espetxeetan zirenak laguntzeko 1937 eta 1940 bitarte Red Alava eta beste hamaika sare osatu; 1938 eta 1940 bitarte frantziar erbestean ziren 5.881 lagunentzat lana lortuko zuen enplegu bulegoa sortu; 32.000 haurrentzako koloniak osatu eta kudeatu eta, euskal erbesteratuei Europako eta Ameriketako hainbat herrietan sarrera lortzeko eta naziotasuna bermatzeko jaurlaritzako ordezkaritzak osatu.

1939ko martxoan gerra galdu zenean, apirilaren 15 eta 18 bitartean, Paris ondoko Meudon herrian izandako bileretan, estatu independente baten gobernu baten politika egitea erabaki zuen jaurlaritzak. Aurrerantzean, 1975 arte, nazioarteko kontaktuak Euskal Herriaren izenean egin ziren. Ildo nazionala deitu zioten honi eta jaurlaritzako sailburu guztien artean hartutako erabakia izan zen. Erbesteari aurre egiteko jaurlaritzaren nortasunarekin eta programa propioarekin bat zetorren jarraibidea zen, eta nagusiki, Euskal Herriaren tradizio politikoari eta eskubide historikoei jarraiki hartutako burubidea.

Lehendakariak markaturiko ildoa mantendu zuen Londresko euskal kontseilu nazionalak 1940ko uda eta 1941eko udazkena bitarte. 1939ko irailaren 1ean Ernest Pezetek, Liga de Amigos de los Bascos-eko lehendakariak, Ardatzaren erasoaren kontra, jaurlaritzak estatu aliatuen alde kokatuko zela jakitera eman zuen. Adierazpenak Eusko Jaurlaritzaren aliatuen aldeko jarrera aktiboa izango zela esan nahi zuen, hots, jaurlaritzak gerran parte hartuko zuela eta euskaldunek parte hartuko zutela bai militarki zein politikoki ere euskaldunak izanik.

1940ko uztailaren 29an Manuel Irujo eta Jose Ignacio Lizaso Robert Boothby-rekin bildu ziren azken honen etxean. Espioitza zerbitzua osatuko zuen jaurlaritzak eta Ameriketan zein Europan lan egingo zuten Ardatzeko agenteen aurka. Euskal boluntarioen laguntzaren truk, britainiar gobernuak Euskal Herriko independentzia bermatuko zuen, baldin eta Franco Ardatzaren alde sartzen bazen eta aliatuek gerra irabazten bazuten. Hauxe zioen:

«Berorren maiestatearen gobernuak bat egiten du euskal jendearen kausarekin, askatasunaren eta independentziaren aldeko beren borrokan.

Gerrarik piztuz gero Espainiako eta Britainiako gobernuen artean, berorren maiestatearen gobernuak Euskal Kontseilu Nazionala hartuko du berehala Euskal Herriaren behin-behineko gobernutzat.

Britainia Handiak gerra irabaziz gero, berorren maiestatearen gobernuak bere ahalmenean dagoen guztia egingo du euskal estatu bat ezartzeko eta hango segurtasuna bermatzeko.

Mugak zehazteko auziari, berriz, aurrerago ekin beharko zaio».

Baina Franco ez zen Bigarren Mundu Gerran sartu. Angel Viñas historialariak Sobornos plazaratu berri duen liburuan dokumentatu duen bezala, 1939 eta 1943 bitarte britainiarrek gaur eguneko 380 milioi euro ordaindu zieten Francotik hurbil ziren 20 eta 30 militarrei, azken horri gerran ez sartzeko konbentzitzeko. Batez beste, milioi bat euro hilabeteko militar bakoitzari hiru urtez. Konbentzitu zuten, noski. Euskal Kontseiluarekin sinatutako akordioa baino merkeagoa zen hura, Espainiarekin gerrari uko egin baitzioten.

Denboraren joanak erakutsi zuen ildo nazionala zela Jaurlaritza berrogei urtez manten zezakeen bide bakarra. Ildo nazionalari zor diogu erbestean jaio garen guztiek gure nortasuna eta erbesteko naziotasuna. Politikoki, sozialki, ekonomikoki zein kulturalki ere, euskal herritaren bizia eta geroa babesteko bide bakarra jarraitzen du izaten egun.

Izan ere, munduko nazio guztien eskubide politikoa eta historikoa da beste herri guztien artean bat izatea. Menpekorik ez izatea da giza eskubide, justizia eta demokrazia osasuntsu baten egoera posible bakarra. Herrien, hizkuntzen eta kulturen geroa bermatzeko aukera eta estrategia nagusia dugu independentzia politikoa. Euskal errepublikaren edo edozein estatu gabeko nazio baten errepublikaren osaketa herriaren aukera da bai, baina, herri horren gehiengoak eskatzen duenean, herri guztiek errespetatu beharreko betebeharra ere bada.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia