Prentsaurrekoan Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak; Hélène Charrittonek Lizeoko zuzendariak eta Estelle Gognik kanpainako arduradunak hartu dute parte.
Iñaki Alegriak kanpaina honekin bat egiteko arrazoiak eman ditu: “Bernat Etxepare lizeoa Ipar Euskal Herrian irakaskuntza euskaraz eskaintzen duen lizeo bakarra da. UEU ere Ipar Euskal Herrian sortu zen, eta nazio mailako euskarazko unibertsitate proiektua da. Ipar Euskal Herrian euskararen egoera zein den kontuan hartuta, eta bakarra izanda, Etxepare lizeoaren egitekoa izugarri garrantzitsua da. UEUk ia 45 urte daramatza Ipar Euskal Herrian euskarazko formakuntza eskaintzen, eta alor akademikoan lanean ari diren erakunde eta elkarteekin elkarlana sustatzen saiatzen gara ditugun baliabideei ahalik eta etekin handiena ateraz. Begi-bistan geratzen dira Etxepare lizeoak eta UEUk partekatzen ditugun ezaugarriak eta horregatik erabaki dugu kanpaina hau sustatzea. Kanpainaz gain ordea, UEUrentzat oso garrantzitsua da unibertsitatera salto egitear dauden gazte horiei UEUren proiektua aurkeztea eta bertan ekarpenak egiteko aukera eskaintzea, eta horregatik gure asmoa da bi erakundeen harremanak estutu eta hemendik aurrera batera lanean jarraitzea euskarazko eskaintza Ipar Euskal Herrian indartzeko”.
Hélène Charritton Lizeoko zuzendariak lizeoaren nondik norakoak azaldu ditu: “Euskarazko heziketan Bernat Etxepare lizeoa da ipar Euskal Herrian irakaskuntza euskaraz eskaintzen duen lizeo bakarra. Honek erran nahi du Iparraldeko edozein txokotako ikasle batek euskaraz gauzatu nahi baditu bere ikasketak Baionako lizeora heldu behar duela. 260 ikasle ditugu ikasturte honetan (Lapurdi kostatik 107 ikasle, Lapurdi Barnekaldetik 93 ikasle, Baxe Nafarroa Xiberutik 60), 30 irakasle eta 20 langile”.
Helburu pedagogikoei begira, frantses hezkuntza ministeritzako programak betetzen ditu Lizeoak, bai eta baxoko diplomaren prestaketa ere. Ikasleek baxoan historia eta matematika euskaraz pasatzen dute (eta euskara LV2 2. hizkuntza gisara) baina gaineratiko gaiak frantsesez. Beraien helburua baxoa osoki euskaraz pasatzea litzateke. Era berean, EGA eta Euskal curriculuma lantzen dituzte.
Datorren ikasturtean 400 ikaslerendako lizeoa orokor, teknologiko eta profesionala jarri nahi dute martxan. Charrittonek finantziazioaren berri eman du: “Lizeoaren eraikuntzak 10 milioi euroko aurrekontua du. Erran izan dugun gisan, Akitaniako Kontseiluak 7,2 milioi euroko diru-laguntza emanen du. Gaineratekoa Herri Urratsen bidez, kanpaina ezberdinen bidez lortu beharko dugu. Eskas izanen dena mailegu bidez. Eraikinen altxatzeko eta barne ekipamenduaren aurrekontuak bereizi behar dira. Gelak, jan gela, kirol gunea eta barnategian beharko den materiala guzia Bernat Etxepare elkartearen gain
gelditzen da. Horregatik dugu abiatzen “Hazten gaitu, hazten dugu” kanpaina”. Bukatzeko, Lizeoko zuzendariak UEUren laguntza eskertu du eta hauxe bi erakundeen arteko ibilbide luzearen lehen pausoa izatea espero duela azaldu du.
Estelle Gognik, kanpainako arduradunak hartu du azken hitza: “Hélènek aipatu duen bezala, arlo teknologiko eta profesionalarendako eraikiko den lizeo berria sortuko da 2017ko irailean. Bi sail profesionala proposatuak izanen dira: Salmenta Baxo pro eta JLHB Baxo pro (Jendeari Laguntza eta Herri Bizia). 300.000€ behar dira barne antolakuntzarentzat (mahaiak, apal, arbel, ordenagailu, ohe, sukalde…). Horretarako jarri dugu “Hazten gaitu, hazten dugu” kanpaina martxan. Gure kulturan zuhaitzak eta bereziki sagarrondoak izan duen eta duen garrantzia ikusiz, sinbolo gisa hautatu dugu kanpainarendako: praktikoki sagarrondoak saltzeko, bainan ere sinbolikoki mezua pasarazteko. Sagarrondoak, euskara, ikastola eta Lizeoa irudikatzen ditu. Irudi zentral horri ideia eta balore frango lotzen dizkiogu. Euskarak, lizeoak, hazten, hezten, handitzen, zaintzen gaitu baina guk ere haiek: eten gabe elgar elikatzen dugu. Sagarrondoak ziklo osoa du, ikastolako ikasprozesuak duen bezala, etengabe indarberritzen dena, heziketa bezala. Sagarrondoak salduko ditugu lagundu nahi gaituzten jende guzieri. Sagarrondoa erosten duenak beretzat atxiki dezake edo gure gain utz dezake EUSKARAREN SAGARDIA sor dezagun. Sagardi hau Baionako lur zati batean sortzeko asmoa dugu, lizeoa toki finko bati identifikatzeko eta lurrarekin dugun atxikimendua inguruko jendeekin partekatzeko. Amaitzeko, UEUk kanpaina honetarako eskaini digun laguntza asko estimatzen dugu, eta gaurko agerraldia baliatu nahi dugu Euskal Herri osoko biztanleei kanpainaren berri eman eta laguntza eskatzeko. Izan ere, denon laguntza beharrezkoa izango dugu datorren ikasturtean ikasleek baldintza onenean ikasturtearen sartzea egin dezaten”.
Nola laguntza ekar?
UEUk Euskararen sagardian bere txokoa edukitzeko asmoa dauka, eta hori dela eta bere bazkideen artean ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu du. Era berean, gizarte osoari dei egiten dio kanpaina zabaldu eta bere alde beraien ekarpena egin dezaten. Horretarako UEUk bi kontu korronte prest ditu nahi duen orok kanpaina honetan nahi duen laguntza eman dezan (izena eta abizena eta LIZEOA jarri behar da):
• Credit Mutuel: FR76 1027 8022 7700 0508 6224 057
• Laboral Kutxa: ES16 3035 0019 99 0190700210
Kanpainaren berri zehatzagoa izateko: www.betxepare.eus