euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Ternuan, St Johns hiriburuan, 2017ko ekainaren 15ean: Ternuatik, ahanztura eta ausentziez (Argia blogak)

2017/06/15

Europako ontziak Ternua eta Labradorreko kostetara baleak eta bakailua arrantzatzera etortzen hasi zirenean, duela jada bost mende, ba omen zen Atlantiar kostetako badiatan nolabaiteko ohore kode bat. Galeoi edo ontziak leku bat hartu eta izendatzen bazuen, beste inork ezingo zuen ostean berau erabili. Horri tiraka nonbait irakurria dut Kanada ipar ekialderen dagoen probintziako hiriburu honen izena, St Johns, Pasaiako Donibaneko arrantzaleek jarritakoa dela, San Juan izenaren moldaera anglosaxoian. John Cabot kapitain ingelesak ezarri zion izena ofizialki.

Lotura: Argia

Iraitz Agirre Aranguren

Eta egia esan, Signal Hill izeneko muinora igotzea besterik ez dago bi badiek antzekotasunik badutela konturatzeko. Lagun ternuarrari ere erakutsi diot Pasaiako badiaren argazkia eta bere harridura begiradak baieztatu dit ustea. Omen dena guztiz izan daitekeela sentitzearen zirrara ederra da benetan.

Hamabi urte pasa dira eta bizitzaren jira-buelten ondorioz, berriz itzuli naiz mapan hain handia ez dirudien irla honetako hiriburua. Gogoan dut Ternuan izan nintzen lehen aldi hartan egun bakarra igaro nuela bertan. Aldatuta topatu dut hiria, mendebaldeko edozein hiritako tankera gehixeagorekin. Hipster itxurako tabernak, osagai organikoekin egindako pastelak saltzen dituzten kafetegi txit politak, bigarren eskuko liburu denda erraldoiak, graffitigilea izandako  norbaitek egindako mural moderno bat… Kuriosoa da taberna batean sartu eta garagardo bat hartzen ari zarela, St Johnsen bezala Donostian, Londresen edo Bangkoken berdin egon zintezkeenaren sentsazioa edukitzea.

Hirian zehar gidari izan dudan lagunak kontraesan itzel bezala bizi du hiriaren eta herrialdearen bilakaera. Gero eta globalago, gero eta berdinagoak gara. Lehen bagenuen ternuarrok egiteko beste modu bat, mundua ikusteko beste era bat, mainland-etik isolatuta bizitzeak zekarren izaera berezi bat. Orain? Atsegin dut kafetegi eder batean jesarri eta kafe bero goxo bat hartzea, lehen hori pentsaezina baitzen. Baina horrek, sortzen dit halako ezinegon bat. Gentrifikazioa aipatu eta berak buruarekin baietz, ezagutzen duela berba. Kolonialismo berria, borobildu du berak. Bai, gurean bezala munduko hamaika txokotan ere, kontraesan eta erronka berdinek mugitzen gaituzte.

Kolore biziz margotutako etxeak dira hiriaren ezaugarri nagusia, portura doazen kale aldapatsuetan eraikitako bina pisuko etxeak. Jatorriz marinelen etxeak izandakoak, antzina okre kolorez margotzen zituzten eraikina babesteko egur xaflak, itsaslehoien koipea eta mineraletik ateratako hautsa nahastetik lortzen zutena. Hiriaren ezaugarri ez ezik, jatorrizko ternuarren bereizgarri ere izan omen zen okre kolorea, bertako beothuk herriko kideek azala babesteko pigmentu honekin estaltzen baitzituzten euren gorputzak. Esaten denez, arrazoi horregatik eman zieten ingelesek azal gorri izen eta definizioa Amerikako jatorrizko herritarrei.

Bigarren eskuko liburutegia aipatu dut eta duela hamabi urte ongietorria eman zidan poeta xelebreak bertan jarraitzen duela jakin dut. Denbora tarte luzea igaro nuen orduan gizon harekin berbetan (edo elkar ulertzen saiatzen) eta onartu behar dut, hark esandako zerbaitekin, betirako zeharkatuta gelditu nintzela. Hara, euskalduna! Ederra behar du duela ehunka urte jaio izan bazina, lur hauetatik ibiliko zinela jakitea, ezta? Aipamenak apur bat harritu ninduen, baina emandako zer pentsatua ez zen nolanahikoa izan.

Ez, ni ez nintzen duela bostehun urte St Johns, Ternua edo Labradorreko itsasertzetan ibiliko. Ibiltzez gero, Pasaiako edo Euskal Herriko portuetan ibiliko nintzen, bale olioa saltzeko tratuetan edo bakailaoa areatzetako txaboletan sartzen; hamaika hizkuntza hitz egiten ziren tabernetan sagardoa banatzen edo galeoietan iritsitako bidaiariak porturatzeko bateletan arraunean; itsasontziak mugitzeko gabarretatik tiraka edo espedizio bat finantzatzeko dirua batzen; Ternuarat joango ziren marinelentzako linuzko arropak egiten edo ontzian jangai izango zuten bi egosi aldiko ogia prestatzen; josten eta josten edo beharbada, nire gorputza saltzen. Auskalo!

Eta bi aldiz pentsatzen jarrita, hori ere ez. Izan ere barnealdekoa naiz ni. XVI. mendean Euskal Herria aberastu zuen enpresa erraldoi honetan ere izango nuen akaso lekurik (duela bostehun urte zer izango ginatekeenaren inguruko hipotesiak egitea bere horretan absurdua izan arren), baina beste langintza batzuetan. Jakina da Debagoieneko burdinolatako altzairu ekoizpenaren finantzazioan eta merkaturatzean paper garrantzitsua bete zutela emakumeek. Altzairutan ezagunak dira Ana Ugalde historiagileak topatutako hainbat erreferentzia, hala nola, Arrasateko Francisca de Basterra, Catalina eta Maria de Francia, Mari San Juan de Bedoya edo Ana de Mitarte. Hala ere eta ordukoek egungoen tankera gehiegi izango ez bazuten ere, aukeran, burdingintzan baino hobe ariko nintzateke tabernan, nire herrikide Magdalena de Mendibil edo Catalina de Vergara bezalaxe.

Jose Antonio Azpiazuk “Mujeres Vascas, sumisión y poder” liburuan dioen bezala, XVI. mendeko euskal emakumeen bizitzetan ausentziak dira zehar-lerro nagusia. Pentsa, Ternuarako bidaia ohiko batek bederatzi hilabete iraun zezakeen eta marinelak hamar aldiz egiten bazuen joan-etorria, zenbat denbora emango ote zuten herrian? Garai hartako emakumeek ausentziek markatutako gizarte bat eraiki zutela dio Azpiazuk eta horrek, euskal emakumeak sendoak, ekintzaileak eta izaera indartsukoak bihurtu zituela, erabakiak euren kabuz hartzeko gai zirenak, gizonik gabe ere portuetako ekonomiari eutsi ziotenak.

Garai hartako emakumeen bizitzak ausentziez beteta bazeuden, gure historiaren orriak eta gure iraganaren narratiban emakumeen ausentzia da ardatza. Sentipena daukat azken hamarkadan hona ekarri nauen baleazale eta arrantzaleen historian sakontzen joan garela eta ordura arte zabaldu ez zaizkigun euskal historiaren orri batzuk idazten joan garela. Baina sentsazioa daukat halaber, ariketa hauetan maiz gertatzen den bezala, gizartearen erdiak gutxienez, ikusezin izaten jarraitzen duela. Historia ariketa erreflexibo eta dinamikoa da, agerian dagoena zein ahanzturan gelditutakoa josi eta desjosteko ariketa dialektikoa. Eta behin ausentziak ikusteko betaurrekoak jarrita, ezer ez da berdin ikusten.

Abiapuntu honetatik egin gura dut honaino ekarri nauen Euskal Baleazaleen arrastoen atzetik izeneko espediziorako ekarpena, gaiaren inguruko hitzaldi eta bisitek emango baitiote forma abentura honetako hariari. XVI. mendeko emakumeen bizitzak erdigunean jartzen saiatzea, horixe nire aletxoa. Zazpi egunetan zehar Ternua eta Labradorreko kostak bisitatuko ditugu The Ocean Endeavour izeneko itsasontzian eta datozen asteotan, Titarea eta Orratza izeneko leiho honetan argitaratuko ditut azalpenen laburpenak, bisitatuko ditugunen ingurukoak eta batez ere, itsas bidaia honetan mugiaraziko nauten kontuek sortutakoak. Aingurak altxatzeko ordua da. Ongi etorri izotzaren lurraldera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia