euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Susana Etchegoyen, mediku argentinarra Euskal Herrian: «Espainia orain arte babestuta egon da salaketen aurrean» (Berrian)

2015/06/03

Mediku argentinarrari oso larria begitantzen zaio Espainiako Auzitegi Nazionaleko medikuen jarrera torturen inguruan; haren ustez, horrela jokatzen duen profesionalak mediku izateko zilegitasuna galtzen du. Abizenak salatzen du Susana Beatriz Etchegoyenen euskal jatorria (Buenos Aires, Argentina, 1956). Unibertsitate irakaslea izateaz gain, klinikaria eta farmakologoa ere bada Etchegoyen, eta Buenos Airesko Posadas ospitalean lan egiten du, botiken arloko arduradun.

Lotura: Berria

Gotzon Hermosilla. Giza eskubideen aldeko engaiamendua ere bada Etchegoyen doktorearen ibilbidearen ezaugarri nagusietako bat. Batez ere, bere lanbidearen kode etikoaren endekatzeak kezkatzen du; fermuki sinesten du inori kalte egiten edo tratu txarrak ematen laguntzen duen medikuak ez duela mediku izatea merezi.

Nola sortu da salaketa hau egiteko ideia?

Buenos Airesko mediku talde batek egin du, pentsatzen dugulako gure lanbidearen tradizio etikoa berreskuratu behar dela. Eta jakin dugu hemen gure zina eta gure kode etikoa ustez partekatzen duten mediku batzuk estatuaren errepresio aparatuaren partaide direla.

Guk uste dugu honetarako ez dagoela mugarik. Konpromiso handia dugu mediku zinarekin, eta horrek, batez ere, bizia babestera eta inori kalterik ez egitera behartzen gaitu. Horrek egiten gaitu mediku, eta uko egiten dionak ez luke mediku izan behar.

Zer iruditzen zaizue Espainiako Auzitegi Nazionaleko medikuen jokabidea?

Auzitegi mediku horiek behin baino gehiagotan jaso dituzte euren txostenetan atxilotuek Poliziaren eskuetatik pasatu ondoren zeuzkaten lesio, zauri eta sintomak, eta jakin dute horien sorburua tortura baino ezin dela izan. Horretaz, MME Munduko Mediku Elkartearen eta tokian tokiko mediku elkarteen jarrera oso argia da: medikuak lekuko pribilegiatuak gara, eta tortura zantzuak ikusi eta horiek salatzen ez dituena torturen konplize bilakatzen da. Torturen aurrean isilik gelditzea eta tortura horien egile izatea maila berean jartzen ditu MMEk. Guk argi ikusten dugu Auzitegi Nazionaleko medikuak gaizkide direla eta zinari muzin egiten diotela euren isiltasunarekin.

Torturak salatu dituzten sei pertsonaren kasuak aipatzen dituzue zuen txostenean.

Sei auzi aipatzen ditugu, baina askoz gehiago daude. Horiek aukeratu ditugu oso ondo dokumentatuta daudelako, eta kasu horietan auzitegi medikuek deskribatu dituztelako nolako lesioak zituzten atxilotuek, nahiz eta gero mediku horiek salaketarik ez aurkeztu.

Nolako neurriak har ditzake MMEk?

Ikerketa txosten bat ireki lezake. Baina nik ezin dut MMEren izenean hitz egin. Elkarte horretako kidea naiz, baina elkarteari dagokio ikustea zein neurri hartzen duen, kontuan hartuta arlo horretan oso irizpide zehatzak dituela. Guk elkarteari zera esaten diogu: hau gertatzen ari da, mediku batzuk inplikatuta daude eta, mesedez, egin ezazue zerbait, atxilotuak babesik gabe daudelako torturaren aurrean.

Jaiki Hadi elkarteko medikuen kontrako erasoak ere jaso dituzue zuen txostenean.

Bai, MMEren eginkizunen artean presoak artatzen dituzten medikuei babesa ematea dagoelako. Munduko leku askotan, presoak artatzen dituzten medikuei jazarri egiten zaizkie, eta MMEk aholkuak ematen ditu horrelakoak saihesteko. Presoak artatzen dituzten medikuak, psikologoak eta bestelako osasun langileak atxilotzea oso larria da, eta uste dugu horretan ere MMEk esku hartu behar duela.

Urte askoan isiltasun handia egon da nazioartean Espainiako Estatuaren tortura kasuen inguruan. Azken bolada honetan badirudi isiltasun hori urratzen ari dela. Uste duzue horrek lagun dezakeela zuen salaketa aintzat har dezaten?

Nazio Batuen Erakundeak torturak salatzen baditu, giza eskubideen nazioarteko elkarteak Espainiari begira badaude, Europako Parlamentuak batzorde berezia sortzen badu, horrek guztiak esan nahi du zerbait badagoela. Errealitateak garrasi egiten du, eta Espainiako Estatua saia daiteke hori ezkutatzen, baina eguzkia eskuarekin estali nahi izatearen parekoa da hori. Espainia tematzen da dena ukatzen, baina gu Argentinatik etorri gara: gure herrian ere, diktadurak esaten zuen tortura salaketak nazioarteko terrorismoaren kanpaina bat zirela, Argentinaren izen ona zikintzeko. Orain mundu guztiak daki zer gertatu zen.

Auzitegi medikuen inplikazioan eta, oro har, torturaren erabilpenean, Espainia salbuespena da?

Ez. Badakigu horrelakoak beste herrialde askotan ere gertatzen direla. Baina Espainia orain arte babestuta egon da horrelako salaketen aurrean, Europako herrialde bat delako. Oso erraza da Latinoamerikan dauden tortura kasuak salatzea; egon, badaude, eta guk geuk salatu ditugu maiz. Baina etxean denean, Europako herrialde batean denean, arazo bat dago.

Pentsatu duzue gaixotasun larriak dituzten presoen auzia ere MMEra eramatea?

Ondo aztertuko dugu Ibon Fernandez Iradiren kasua, eta beharrezkoa bada, salatu egingo dugu. Kasu horretan, badago mediku baten adierazpena, eta hor medikuak argi eta garbi esaten du kartzelan egonda ezinezkoa izango dela presoak pairatzen duen esklerosi anizkoitzaren kontrako tratamendua jasotzea, baina gauzak horrelakoak direla eta kartzelan jarraitu behar duela. Bada, ez; gauzak ez dira horrelakoak.

Mediku batek hori sinatzea oso larria da, eta, gure esku badago, hori idatzi duen profesionalak bere gain hartu beharko du erantzukizuna. Guk ulertzen dugu Espainiako espetxe sistemak Fernandez Iradi kartzelan atxiki nahi izatea, baina mediku bat ezin da horren konplize izan; bestela, mediku izateko zilegitasuna galtzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia