SPRI Taldeak Mexikorako merkataritza misio bat abiatuko du, automozio eta energia sektoreetan zentratua
SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola da misioaren buru, eta ekimena Eusko Jaurlaritzak Mexikon dagoen euskal enpresa-sareari laguntzeko ekintzen barruan kokatzen da.
Euskal enpresak bisitatzeaz gain, bilerak egingo dira Mexikoko erakundeetako arduradunekin. Bidaia hori koordinatuta dago Gipuzkoako Foru Aldundiak eta energiaren euskal klusterrak 20 enpresari laguntzeko antolatutako beste bi misiorekin.
SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola da astelehen honetan abiatuko den Mexikorako merkataritza misio horren buru, Mexiko lehentasunezko herrialdea baita Eusko Jaurlaritzako nazioartekotze estrategiaren barruan. Bisitaldia automozio eta energia sektoreetan zentratuko da, eta bilerak egingo dira Mexikon kokatuta dauden hainbat euskal enpresarekin. Ekimen hori SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak Mexikon dauden euskal enpresei laguntzeko ekintzen artean kokatzen da.
Bisitaldiak iraungo duen bost lanegunetan ordezkaritzako kideek Querétaro, Guanajuato, San Luis Potosí, Mexiko Estatua eta Mexiko Hiria bisitatuko dute eta aukera izango dute han kokatutako euskal enpresen errealitatea ezagutzeko eta fabrikak bisitatzeko.
Gainera, bidaia hori koordinatuta dago beste bi misiorekin: bata, Gipuzkoako Foru Aldundiaren misio instituzionalarekin, zeinetan Gipuzkoako 14 enpresak parte hartuko baitute, bisitaldiak eta enpresa topaketak egiteko; eta bestea, energiaren euskal klusterraren misioarekin, zeina Mexikora joango baita 6 enpresarekin batera, Green Expo azokaren karietara.
SPRI Taldearen misioak egitarau hau dauka: astelehenean lehen bilera bat egingo da Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkaritzarekin, herrialdearen egoera ekonomikoa errepasatzeko, eta SPRIren barne bilera bat, martxan dauden proiektuak aztertzeko. Egun horretan bertan energiaren euskal klusterrak eta energia eolikoaren Mexikoko elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute, bilera bat egingo da Campeche eskualdeko Ekonomiaren Garapenerako idazkariarekin, topaketa bat Pemex-ekin eta bisitaldi bat CIE Nugar fabrikara. Asteartean, enpresa gehiago bisitatuko dira, esaterako Metagra (Celayan kokatu den azken euskal enpresa), Idesa eta Imexaza, eta bilera bat egingo da Celayako Garapenerako Idazkaritzarekin.
Asteazkenean, SPRIko ordezkaritza Fagor Ederlan, Batz eta Onera Fagor Industrial fabriketara joango da eta ostegunean lan-gosari bat egingo da Querétaro, Guanajuato eta San Luis Potosí eskualdeetan dauden euskal enpresekin. Horrez gain, GH Gruas eta Fagor Asembly fabrikak bisitatuko dira, eta topaketa bat egingo da Euskadiko konpainiekin. Misioari buru emateko, ostiralean bilera bat egingo da Mexikoko Gizarte Segurantzako Erakundearekin, bisita bat egingo da Green Expo Azokara, Jema eta Ingeteam euskal enpresen stand-ak ikusteko, eta Gamesa enpresa bisitatuko da.
Mexiko lehentasunezko herrialdea da Eusko Jaurlaritzako nazioartekotze estrategian, bai bere barne merkatuaren tamainagatik, bai eta Mexikotik inguruko herrialdeetara esportatzeko dauden aukerengatik, batez ere Estatu Batuetara, baina baita ere Latinoamerikako beste herrialde batzuetara. Horrekin batera, aipatzekoak dira herrialdearen egonkortasun makroekonomikoa, hazteko dituen perspektibak eta, duela hainbat hamarkadatatik, Euskadirekin dituen lotura kultural eta ekonomikoak.
Euskadiren eta Mexikoren arteko merkataritza harremanak
2015ean Euskadiren esportazioak 445 milioi eurokoak izan ziren eta inportazioak, berriz, 551 milioi eurokoak; esportazioek %12ko hazkundea izan zuten, eta inportazioak %37 jaitsi ziren.
Azken urteotan Euskadiren eta Mexikoren arteko merkataritza saldoa defizitarioa izan da, Euskadik petrolio asko inportatu baitu Mexikotik. 2015ean, berriz, euskal estaldura-tasa nabarmen suspertu da, Euskadik inportatutako petrolio-eratorrien faktura energetikoa asko murriztu delako, %81ean kokatzeraino. Mexiko euskal esportazioen hamargarren jomuga da, eta inportazioen bederatzigarrena.
Mexikon 187 euskal enpresa daude kokatuta, munduko beste ezein herrialdetan baino gehiago. Horietatik 96 enpresa komertzialak dira, 69 produkzio arlokoak, eta 22 zerbitzuetakoak. Hauek dira ordezkaritza handiena duten sektoreak: automozioa, energia, elektronika eta telekomunikazioak, trenbideak, makina-erreminta, eskuko erreminta, ingeniaritza eta aholkularitza, aeronautika, eta finantzak.
Hain zuzen, automozioaren sektorean 25 enpresa daude, ia gehienak produkziokoak, eta energiaren sektorean 18, bi sektore horiek direlarik Mexikon euskal ordezkaritza handiena dutenak. Barruti Federalean eta herrialdearen iparraldean (Mexiko Estatua, Guanajuato, Queretaro, San Luis Potosí) daude euskal enpresa gehien.
Mexikok Euskadirentzat duen garrantzia ikusteko aski da ohartzea nolako pisua duten Euskadiko esportazioek Estatutik Mexikora egiten diren esportazioetan. Euskadikoak dira Espainiatik Mexikora egiten diren esportazioen %14, Espainiako esportazio guztien artean Euskadikoak %9 baino ez izan arren. Euskadiko Industriaren eta Esportatzaileen Katalogoaren arabera, 370 dira Mexikora erregularki saltzen duten euskal enpresak.