Besteak beste, Euskal Itsas Museoarekin harreman estua izan zuen urte luzez eta erakunde honetako aholkulari zientifikoen taldeko kideetako bat izan zen. Selmaren itzala askoz ere zabalagoa da, ordea. Euskal itsas historia ukazioaren eta bazterkeriaren ilunpetatik irtetea bultzatu zuten historialari bakan haien artean betirako iraungo du bere ekarpenaren argiak.
Francoren diktaduraren amaierako eta Trantsizioaren garaiko urte haietan hamarkada ugari zeramatzan euskal itsas historiak tokian-tokiko historiaren eremu murriztuan sailkatuta. XIX. mendeaz geroztik, historia nazio-estatuei zegokien jakintza arlo bat zen eta erakunde horien izaera politikoa eta historikoa justifikatzeko eta ezagutarazteko sortutako diziplina bat zen. Europako gainontzeko herrialde demokratikoetan historiak, ordurarte kontuan izan gabeko gainontzeko subjektu eta arrazoi historikoak aldarrikatzen eta ikertzen zituen bitartean, Espainian ekimen horiek etenda geratu ziren Diktaduraren eraginez. Aurrerantzean, urte luzez, historia bakarra, benetan garrantzizkoa den historia bakarra, Espainia deituriko nazio inperial horren jatorria eta bilakaera aztertzen zuena zen. Gainontzeko guztia, onenean, herri edo probintzia mailako tokian-tokiko historiatxoaren atalak ziren, eta askotan, baztertu edo ahaztu beharreko kontuak ziren.
Ondorioz, urte beltz haietan Euskal Herria historiarik gabeko lurralde bat zela uste zuen bertako biztanleen gehiengoak. Begira Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzak, bere De Guernica a Nueva york, pasando por Berlín liburuaren sarreran bilduak: "...todas las naciones del globo conservan cuidadosamente en sus desvanes montones de cosas viejas –algunas de ellas antigüedades valiosas, pero en general pedazos de escombro- a las que llaman orgullosamente su historia. Los vascos somos pobres en esta clase de posesiones. Se ha dicho que nuestro pueblo, como las mujeres honradas, carece de historia. Yo más bien diría que el pueblo vasco, como los hombres honrados, no aparece en los papeles hasta tanto alguien intente algo malo contra él. Carecemos de historia en el sentido de que nunca nos lanzamos a empresas imperialistas...".
Testuinguru honetan iritsi zen Selma Euskal Herrira eta ordura arte ohikoa ez zen sakontasunarekin arakatu zituen gure agiritegietan mendeetan zokoraturiko dokumentuak eta metodologia zorrotzarekin aztertu zuen euskal baleazaleek eta bakailaozaleek XVI. mende hasieratik Ipar Ameriketako historiari eta, bide batez, mundu mailako itsas historiari eginiko funtsezko ekarpena. Bere etorrera iraultzailea izan zen euskal historia-zale eta, orokorrean, euskaltzale askorentzat. Atzerriko emakume dotore eta jantzi hura, ordurarte garrantzirik gabeko kontutzat hartzen zen gure itsas historia arakatzen eta aldarrikatzen ikusteak, eta gure artxiboak eta itsas historia oso aberatsak zirela eta mundu mailako garrantzia zutela herriz-herri adierazten ikusteak, hainbaten harridura, interesa eta harrotasuna piztu zituen.
Asko zor diogu beraz Selma Huxley-ri. Besteak beste, zenbait ikerlarirekin batera sortarazitako itsas historiarekiko interesaren ondorioz abiatu baitziren ondorengo urteetan Euskal Itsas Museoa (garai batean Untzi Museoa deitua) eta Albaola bezalako erakundeak. Aipagarria da Selma Huxley-k burutu zuen ikerketari esker aurkitu zela Red Bay-en San Juan baleontzia. Horrez gain, berak ondorioztatu zuen ontzi hura, 1565ean hondoratutako San Juan euskal baleontzia zela. Guzti horren ondorioz, gaur egun Red Bay-k UNESCOk emandako Gizateriaren Ondare izendapena dauka eta San Juan baleontzia mundu mailako urpeko ondarearen ikurra da. Albaolan egiten ari diren San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntzak ere UNESCO-ren izendapena dauka eta gaur egun mundu mailan itsas ondarearen alorrean abian dagoen egitasmorik nagusienetakoa da.
Mila esker guztiagatik Selma. Goian bego.