euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

[Saharako] Basamorturaino besarkada (Berrian)

2023/04/18

Zumaiako DBHko berrogei ikasle ikasbidaian izan dira saharar errefuxiatuak bizi diren kanpalekuetan. Darahli elkarteak ikasleekin antolatu duen seigarren bidaia da.

Lotura: Berria

Kristina Berasain Tristan / Tinduf. Basamortuen basamortura doaz ikasbidaian, hamadara, sahararrak errefuxiatu aurretik ezer ez zegoen lurralde idorrera. Madrilen hegazkina hartu aurretik, zirrara berezia dago taldean. Zortzi eguneko bidaia motz gera daiteke ia bost hamarkadako korapiloaren muina ulertzeko, baina badakite nora doazen eta zergatik bizi diren sahararrak errefuxiatuta hondarraz gain ezer gutxi dagoen muturreko eremu batean.

«Marokok haien lurra okupatu zuen», diote aho batez. Ez dakite zehazki zer urtetan izan zen, baina aspaldi izan zela bai. Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zela ere ikasi dute, traizio egin zietela, eta gero urte luzez gerran egon zirela, su etena adostu zutela, eta orain berriz ere gerran daudela: «Isildutako gerra bat da: inork ez du hitz egiten han gertatzen denaz». Horretan ere bat datoz denak.

Zumaiako Institutuko eta Zumaiena ikastetxeko 40 ikasleak gauez iritsi dira aireportu militarrera. Tinduf Aljeria mendebaldean dago, eta kanpalekuak hiri horretatik hegoaldera daude. Hemen 170.000 eta 180.000 saharar inguru bizi dira, bost wilayatan banatuta; wilaya bakoitzak auzoak edo dairak ditu, eta denek dute lurralde okupatuko herriren baten izena.

Zug da horietako bat. Zumaiako Udala Auserdeko daira horrekin senidetuta dago, eta hor astebete pasatuko dute, launaka, familia batekin eta begirale batekin. Taldean, irakasleak, medikuak eta argazkilariak ere badaude.

Sekulako esperientzia

Sara Ramirez (21 urte) duela bost urte etorri zen lehendabizikoz kanpalekuetara, eta, orain, begirale lanetan arituko da. «Duela bost urte ere, gauez iritsi ginen, eta hurrengo goizean kanpalekuak ikustea, haimak eta adobezko etxeak ikustea, izugarria izan zen». Sekulako esperientzia izan zela dio, eta badaki orain lehendabizikoz doazen ikasleentzat ere hala izango dela. «Injustizia handia bizi du herri honek. Berez, irtenbidea erraza da, baina politika dago tartean, eta horrek dena zailtzen du. Marokok fosfatoak bereganatu nahi ditu, eta horregatik okupatu zuen Mendebaldeko Sahara».

Ramirez pozarren itzuli da kanpalekuetara. Duela bost urteko familia ikusteko irrikaz dago, «batez ere alaba, Salma, eta haren lehengusina, Fatima». Malen Aizpuru (20 urte) ere begirale lanetan arituko da oraingoan: «Gauzei bere benetako garrantzia ematen ikasten duzu. Ohartzen zara gurea zenbateraino den gizarte materialista. Hemen, konturatzen zara gauza sinpleek ere balioa dutela; irribarreak, esaterako. Ez dutena ere ematen dizute sahararrek, oso esker onekoak dira».

Lehenengo gaua adobezko etxetxoan pasatu dute, lurrean lotan, arratsaldean alkatearen harrera izan dute, eta biharamunean lanean hasi dira. Zugeko haurtzaindegiaren patioa pintatzea izango da egonaldiko erronketako bat. Goizeko zortzietan, eguzkiak gogor jo aurretik, pintura potoak, arrabolak eta pintzelak eskuetan hartu, eta urte hasierako euriteetan kaltetutako eraikina margotzen hasi dira. Goiko partea zuriz eta behekoa grisez. Tartean, marrazki batzuk egin dituzte: Mendebaldeko Saharako mapa, haima bat eta bi ikur: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarena eta Darahli elkartekoa.

Samuel Ruiz goiz-goizetik ari da arrabolarekin, etengabe ikasleei begira. Sendo eta samur hitz egiten die. Darahli elkarteko presidentea egitasmo eder honen arima da. Harena izan zen ikasbidaiak kanpalekuetan egiteko ideia: «2006an egin genuen lehen bidaia. Orduan, ehun lagun etorri ginen, alkatea barne. Bidaia hura elkartearen abiapuntua izan zen: Darahli 2007an eratu genuen».

Darahlik besarkada esan nahi du hassaniaz, eta horixe lortzen du ikasbidaia honek, bi herrien arteko besarkada estua izatea, 2.500 kilometroko elkartasun besarkada bat helaraztea itsasotik basamorturaino, iparraldetik hegoaldera.

Mikrokredituak

Elkartea oso errotuta dago Zumaian. Urteotan, ia 500 ikasle etorri dira kanpalekuetara, eta, senidetzearen bidez, familiak laguntzen dituzte. «Zumaiako 30 familiak urtean ehun euroko diru laguntza ematen diete Zugeko 30 familiari. Familia horiek behar handia dute», dio Ruizek. Mikrokredituak ere banatu izan dituzte emakume gazteen artean, proiektuak martxan jarri ahal izateko: bazarrak, ile apaindegiak, janari dendak, fotokopia eta argazki dendak, jostun dendak...

Darahli elkarteko presidenteak azaldu du bidaiaren aurretik ikasleek lan bat egin behar izaten dutela sahararren errealitatea ezagutzeko. Herrian ere materiala biltzen dute kanpalekuetara ekartzeko: janaria, botikak, eskolako materiala, jolasak, panpinak, kirol materiala... Kutxa zuri handietan ekarri dute dena, eta dairako alkateari banatu diote kanpalekuetara iritsi bezain pronto.

Ruizentzat, hazi bat landatzearen parekoa da bidaia, gero kimuak loratzen baitira: «Bihotzaren barru-barruan geratzen zaie hazia, eta, gero, han eta hemen zabaltzen dute». Darahli elkarteak ekitaldi mordoa antolatzen du urte guztian: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak... Egitarau oparoa izaten da, eta, sarritan, gazteak arduratzen dira antolaketaz. «Haria eten ez dadin, garrantzitsua da», zehaztu du Ruizek.

Loratu diren hazi horietako bat da kanpalekuetan egon zen gazte batek egindako dokumentala. Ekain Albitek 2020an estreinatu zuen Haizearen egia film laburra. Tahar gazte sahararraren istorioa kontatzen du. Tahar Euskal Herrian bizi da, baina aita gaixorik da, hilzorian, eta errefuxiatuen kanpalekuetara bueltatu beharko du. Hemen, kontraesanak piztuko zaizkio. Albitek dioen bezala, saharar gazteek ez dute ezagutu euren jaioterria, beti bizi behar izan dute erbestean, errefuxiatuta: «Bat-batean, beste herri batekin, beste jende batekin, beste pentsatzeko modu batekin topo egiten duzu, eta herriaren egoera ezin bidegabeagoak harrapatu egiten zaitu».

Jada hiru eta lau belaunaldi dira hemen nola edo hala bizirik irauten dutenak. Behin-behinekoa behar zuen egoera betikotuz joan da. Aitona-amonak okupazioaren lekuko izan ziren, eta exodoan etorri ziren, bonbardaketetatik ihesi, basamortua zeharkatuz, seme-alabak alboan zituztela. Haien ilobak hemen jaio dira.

Kanpaleku bat sortu zuten hemen ezerezetik. Gizonak gerran zeuden bitartean, emakumeak arduratu ziren oihal zatiekin haimak eraikitzeaz. Gerora, eskolak, ospitaleak eta bestelako azpiegiturak egin zituzten. Erbestean bizi dira.

Dunetarako bidaia

Zugeko haurtzaindegia polit-polita geratu da. Festa antolatu dute dairako umeekin: jolasak, antzerkiak, kirol probak, pizza...

Egunak nahiko antzekoak dira kanpalekuetan, paisaia bezainbeste, baina astebetean beroa, haizea, gandua eta euria izan dira. Astea aurrera doa. Erresistentziaren Museo Nazionalean, historian sakontzeko aukera izan dute, buruzagi historikoen borroken berri jakiteko eta harresia nondik nora egin zuten ikusteko... Ondoren, ospitalean eta desagertu sahararren elkartean izan dira.

Ohartzerako, etxera itzultzeko egunaren bezpera da, baina, itzuli aurretik, iritsi da garaia dunetan elkartzeko eta bizitakoaz hitz egiteko. Lurraldebuseko autobusean joan dira wilayaren kanpoaldean dauden dunetara. Ispilatze bat izan zitekeen, baina ez da. Kanpalekuetan Euskal Herriko karabanetan ekarritako autobus eta kamioi pila dago.

Ortzi mugak kolore morea izaten du iluntzean, hamadak kutsu bukolikoa duen une bakanetakoan, baina gaur lauso dago, eta eguzkiak ilargia ematen du. Melany Gonzalezentzat, esperientzia ederra bezain gogorra izan da: «Familiak dena ematen dizu, eta beti poza erakusten dute, nahiz eta oso egoera gogorrean bizi. Gurasoek ezin diete nahiko luketena eman seme-alabei, eta pentsatzen duzu haien etorkizuna nolakoa izango den eta... latza da».

Biribil bat osatu dute hondarrean, eta banan-banan ari dira hizketan, hunkituta; maitasuna, eskuzabaltasuna eta duintasuna dituzte hizpide. Negar malkotan daude. Aimar Alkortarentzat, ahaztezina izango da esperientzia: «Izugarria izan da». Aitortu du asko ikasi duela, gauza sinpleen xarmaz gozatu duela, eta ez zekiela sahararrei erreferendum baten promesa egin zietela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia