euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Rocio Basterra, argentinarra, euskara irakaslea Argentinan: «Gorputz batean bi arimarekin jaio naiz» (Berrian)

2016/01/29

Argentinarra eta euskalduna da aldi berean Basterra. Argentinan bizi arren, euskara ezagutu bezain pronto «maitemindu» zen harekin. Egun, Patagoniako euskal etxean euskara irakasten du.

Lotura: Berria

Ihintza Elustondo. Euskal Herrira oporrak pasatzera etorri da Rocio Basterra (Viedma, Argentina, 1980). Ahal duen bakoitzean egiten du gauza bera, nahiz eta Argentinan bizi. «Han zerbait falta zait, eta hona etortzean zerbait falta zait. Ez dakit nola, baina gorputz batean bi arimarekin jaio naiz!». Igandean bukatuko zaizkio oporrak, eta azken egunak euskaraz hitz egiteko aprobetxatuko ditu.

Argentinarra zara, eta euskaraz primeran hitz egiten duzu. Askok inbidia izango dizute...

Egia esan, denbora guztian esaten didate. Nik kontatzean Argentinan ikasi nuela euskara eta ez naizela hemen bizi, jendea harritu egiten da. Pentsatzen dut hori lau haizeetara kontatuz kutsatu egiten dudala jendea, beldurra gal diezaion euskara ikasteari. Niretzat hori da garrantzitsuena, kontatzea, baina ez ni toki batean jartzeko, baizik eta jendeak esateko: «Neska hau normal-normala da; euskalduna da eta Argentinan bizi da, eta nola da posible hori?». Grinarekin eta ahaleginarekin, bai horixe!

Gaur, gainera, afaria duzu lagun euskaldun batzuekin. Edozeinek esango luke hemengoa zarela... 

Bai, baina ahoskatzean berehala nabaritzen zait ez naizela hemengoa. Eta harro esaten dut kanpotarra naizela. Zeren badakit horrela ere laguntzen dudala euskararen alde, euskararen militantzian.

Abizen euskalduna duzu. Euskal Herriko arbasoak al dituzu?

Basterra dut lehen abizena, eta bigarrena Del Vall Iturria. Nafarroan ditut arbasoak: Erribera baino pixka bat goragokoa da aitaren familia, Kaseda herrikoa, eta amaren abizena Elizondotik datorkit.

Horrek bultzatuta hasi al zinen euskara ikasten?

Nik beti esaten ditut bi gauza: Espageti abizena izango banu, hala ere ikasiko nukeela euskara eta defendatuko nukeela euskal kultura. Berdin-berdin. Beraz, ez da bakarrik odolarekin daukadan lotura. Mundu xarmangarria da; halako kultura bat hain zapaldua izan da eta hain iraunkorra milaka urtetan. Zerbait izango du, ezta? Azaldu ezin dena. Euskararekin topo egin, eta berehala maitemindu nintzen. Eta, bestalde, niretzat euskalduna izatea euskara erabiltzea da.

Euskalduna sentitzen zara, nahiz eta argentinarra izan?

Bai, ni horrelakoa sentitzen naiz, uzten badidazue horrelakoa sentitzen. Egia esan, oso argentinarra sentitzen naiz; maite dut nire herria, baina badut beste aberri bat.

Nola ikasi zenuen euskara?

Interneteko programa baten bidez, eta gero aukera eman zidaten Maizpidera [Lazkaoko barnetegira] joateko. Sei hilabetez egon nintzen goizez eta arratsaldez euskara ikasten, eta hor ez baduzu ikasten, ez duzu ikasiko inon. Ordiziako familia batekin bizi nintzen, eta hortik hartu dut Goierriko hizkera. Euskalki munduak liluratzen nau izugarri. Zein hizkuntza aberatsa! Gizadiaren ondarea da. Urte asko pasatu eta gero konturatuko da jendea. Ziur nago horretaz.

Orain, Patagoniako euskal etxean euskara irakasten duzu. 

Zuzenbidea ikasten nuenean, Bahia Blancan bizi nintzen, eta, goizez, 300 kilometro egiten nituen Patagoniara. Jaioterrian eta beste herri batean hamar orduz ematen nizkien euskara eskolak helduei, gazteei eta umeei. Eta gauez bueltatzen nintzen etxera, beste 300 kilometro eginda. Astean behin egiten nuen hori, eta gauza asko utzi behar izan nituen horretarako. Orain, Patagoniako euskal etxean ematen ditut eskolak [Viedma eta Patagones herrien artean dago]. Ni ziur nago defendatu behar dudala nire tokitik, eta horrela jarraituko dut.

Argentinarrek ba al dute euskararen inguruko interesik?

Jakin-mina sorrarazten diete guk egindako ekintzek: iaz, Itziarren Semeak dohainik joan ziren; Urtezahar gauean, ikurrina jarri genuen plaza nagusian... Euskal etxeko ekintza batek harrapatzen bazaitu, euskararekin lotura egiten duzu, nik euskara sartu nahi baitut leku guztietan. Gure aldizkaria egiten ere hasi gara, eta saiatzen gara euskara eramaten tituluetara. Euskal zinema sartzen ere hasi gara poliki-poliki gure ekintzetan; euskaraz eman nahi ditugu, azpidatziekin, jendeak belarria egin dezan. Ekintza horiek bertakoak erakartzen dituzte, eta ez bakarrik euskal kulturarekin zerikusia dutenak.

Euskal kultura munduan zabaltzea al da zure helburua?

Nire helburua da euskaraz eta euskal kulturaz maitemintzea jendea; hortik aurrera dena lor dezakezu. Amodio hori sorrarazi behar duzu. Gero dena joaten da bakarrik.

ETB1en euskarazko saio bat aurkeztu zenuen: Yes we jai.

Gu kanpotarrak izanda eta euskaraz arituta, jendeak hausnartzeko baliagarria zen. Uste osoarekin egin nuen hori. Nik banekien euskalduna izan nahi nuela, eta saiatzen naizela euskaraz bizitzen. Nik hori oso garbi daukat. Zer izan nahi duzun da kontua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia