euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Ramuntxo Camblong hil da (Berrian)

2021/11/12

Seaskaren sortzaileetako bat izan zen, Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakaria, eta EAJren Ipar Buru Batzarreko presidentea, bertzeak bertze. Gaur zendu da, 82 urte zituela.

Lotura: Berria

Maddi Ane Txoperena Iribarren. Seaskaren eta Elkar argitaletxearen sortzaile; EKEko, Euskal Herriko Garapen Kontseiluko eta EAJren Ipar Buru Batzarreko presidente; Angeluko zinegotzi; euskaltzain urgazle; Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko kide; kooperatiben elkarte anitzen sortzaile eta kide; Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide... Ipar Euskal Herrian euskalgintzan, euskal kulturaren alde, kooperatibismoan eta politikan jarduera handia eta zabala eduki zuen Ramuntxo Camblongek. Gaur zendu da, 82 urte bete berriak zituela.

Camblong Makean sortu zen (Lapurdi), 1939ko azaroaren 11n, eta, Haritza Camblong semeak nabarmendu duenez, «afrikar erran zuhurrak» dioena aplikatu zuen haren bizitza osoan zehar: «Bakarrik fiteago goaz, bainan elgarrekin urrunago». Hala, egitasmo ugaritako sustatzaile eta parte izan zen Ramuntxo Camblong, bertze hainbat eta hainbat herritarrekin batera.

Camblongek ingeniaritza ikasketak egin zituen Parisen eta Angersen (Frantzia), eta Hazparneko San Josepe lizeoko (Lapurdi) irakaslea izan zen 1966tik 1975era bitartean. Jardun hori utzita, Milafrangako (Lapurdi) Copelec kooperatibako sortzaileetariko bat izan zen 1975ean, eta 1998ra arte kooperatibako zuzendari aritu zen. Ondotik Sokoa enpresako kanpo harremanez arduratu zen, 2002an erretreta hartu zuen arte.

Garai horretan guzian lan profesionalarekin batera uztartu zuen lan militantea. Euskalgintzan eta kulturan, 1969an Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko sortzaileetako bat izan zen, eta 1977an Elkar argitaletxearen sustatzaileetako bat. Horrez gain, Euskal Herriko Kultur Zentroko lehendakari aritu zen 1984tik 1988ra, eta EKE Euskal Kultur Erakundeko buru 1990etik 1994ra. Herria eta Jakin aldizkarietan artikuluak idatzi zituen, baita Euskaldunon Egunkaria-n ere.

Politikagintzan, abertzaletasunari lotuta egon zen, eta, azken hamarkadotan, EAJri. Enbata mugimenduan egin zituen lehen urratsak, 1963tik 1974ra, zuzendaritza batzordeko kide gisa; EA Eusko Alkartasunako kide izan zen 1986tik 1994ra; ondotik lau urtez Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakaria izan zen, eta 1997 bukaeratik aitzinera EAJko kide egin zen. Angeluko (Lapurdi) zinegotzi lanetan ere aritu zen, eta, horren bidez, Euskal Kosta-Aturri Elkargoko delegatu izendatu zuten 2001etik 2008ra. 2004tik 2008ra, berriz, EAJren IBB Ipar Buru Batzarreko presidentea izan zen. Udalbiltzako zuzendaritzan ere parte hartu zuen.

Alderdian ezagutu zuen Camblong zena Peio Etxeleku gaur egungo EAJren IBBko presidenteak. «Alderdian sartzeko idatzi nuen gutuna berak erantzun zidan»; hamar urtez aritu ziren elkarrekin. «Erran nezake egiazko abertzale bat zela. Bere herria bihotzez maite zuen», adierazi du: «Aurpegi anitzeko pertsona zen, biziki osoa: lantegi burua, zientifikoa, kultura gizona, lurralde garatzailea eta politika arduraduna. Ukan ditu anitz bizi». EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, berriz, «gauza guztien gainetik», «gizon ona» zela nabarmendu du: «Bizitza oparoa izan zuen Ramuntxok, eta, berari esker, bere inguruan egon ginenok ere are oparoagoa izan genuen gurea».

Kooperatibismoa ipar

Copelec kooperatibako sortzaile eta zuzendaria izanik, kooperatibismoa sustatzeko hainbat egitasmo bultzatu zituen Camblongek, halaber. Partzuer elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1974an, erraterako: Ipar Euskal Herrian kooperatibak sustatzea zen asmoa, eta hortik sortu zen Copelec kooperatiba bera.

1980an, Herrikoa arrisku-kapital sozietatea sortzen aritu zen, eta Akitaniako kooperatiben SCOP batasuneko lehendakari eta Akitaniako lurraldeko batzorde ekonomiko eta sozialeko kide izan zen 1986tik 1996ra. Era berean, Iparraldeko Kooperatiben Batasuneko sortzaileetariko bat ere izan zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia