"Agirre lehendakaria, gure izaeraren ispilu" ekimenaren baitan, euskal diaspora omendu dute astearte honetan, abenduak 13, Gasteizko Principal Antzokian. "Orain 80 urte" ekitaldian, lehen Eusko Jaurlaritza eratzearen 80. urteurrena ospatu dute.
Ekitaldi horrek Orain 80 urte dokumentalaren emanaldia izan du ardatz nagusi. Protagonista Rocio da, euskal erbesteratuen biloba den gazte argentinar bat, eta euskal gizarteko pertsona nabarmenak ageri dira bertan: Angel Iribar, Kirmen Uribe, Andoni Luis Aduriz, Manu Lezertua eta Paco Etxeberria, besteak beste.
Dokumentala Kepa Junkerak zuzendutako ikuskizun batean eman dute, eta Juan Iñaki Berezibarren ahotsa eta perkusioa izan ditu lagun.
Principal Antzokian, Eusko Jaurlaritzako kide batzuk bildu dira: Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua; edo Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren omenaldian, Arabako erakundeen ordezkariak ere izan dira: Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Pedro Elosegui, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, besteak beste.
Iñigo Urkullu lehendakariak euskal komunitateak kanpoaldean duen konpromisoa nabarmendu du. Ildo horretatik, ohiturak, kultura eta hizkuntza zabaltzeko lagungarri izan dela adierazi du. Horrek, Euskadiren presentzia munduan indartu duela esan du.
Urkulluk bere konpromisoa agertu du Euskadiren presentzia munduan indartzeko, nazionalitate bikoitzari eutsita eta euskal ohiturak, kultura eta hizkuntza zabaltzen lagunduta.
Gure izaeraren ispilu
Bestalde, Principal Antzokiaren inguruetan, ‘Gure izaeraren ispilu’ erakusketa bisitatzeko aukera izan dute herritarrek. Erakusketa Bilbon eta inguruetan ateratako hamalau argazkik osatzen dute, eta Mauro Saravia argazki txiletarrak iragana eta orainaldia uztartu ditu argazki berean, “izan ginena eta honaino ekarri gaituena gogoratzeko”.