AEBn 'Espainiako sukaldaritza' egiten duten 14 jatetxe onenen zerrenda plazaratu berri du Thrillist hedabide digital ezagunak, eta zerrenda horretan ageri da Txikito, Eder Montero bilbotarrak New Yorken duen jatetxea. Euskal sukaldaritza lantzen du Monterok bere sukaldean, Alex Raij emaztearekin batera. Euskal Herriko jaki tradizionalak erabiltzen dituzte, eta ospe handia lortu dute azken urteotan. Besteak beste, txibiak eta piper berdeak aipatzen ditu Thrillistek bere artikuluan.
Aurretik ere lortu du Txikitok aitortzarik. 2009an eta 2013an, New Yorkeko hanburgesa onenaren saria irabazi zuen: Idiazabalgo gazta, Gernikako piperrak eta Ibarrako pipermina erabiltzen ditu Monterok hanburgesak egiteko, eta oso ezagunak egin dira New Yorken.
Manhattanen erdigunean dago Txikito, eta euskal jakiak AEBn zabaltzeko asmoz antolatzen duen Txikifest jaialdiak ere eman dio ospea azken urteotan.