euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Necochean ere, nekerik ez; Atzo, mintzodromoa egin zuten Zubietan, Argentinako ikasleekin (Berrian)

2016/11/13

Euskara Skyperen bidez praktikatzeko, jendea harremanetan jartzen du Mintzanet egitasmoak. Atzo, mintzodromoa egin zuten Zubietan, Argentinako ikasleekin.

Lotura: Berria

Edu Lartzaguren. Pilar Iragorrik 90 urte ditu, baina 20 urteko asko baino biziagoa da. Zorroagako zahar etxean bizi da, Donostian, eta burua argi izateko trikimailu bat du, sudokuak egitea baino askoz hobea: bidelaguna da. Mintzanet egitasmoan parte hartzen du, hau da, bere denboraren zati bat eskaintzen dio euskaraz mintzapraktika egin nahi duen pertsona bati —bidelari bati, egitasmoaren hizkeran—. Astero, ordubete inguru aritzen da, Skypez. «Hiru ikastaro egin ditut ordenagailuekin ibiltzeko, baina ezin dut», adierazi du Iragorrik. «Orain, askoz hobeto nabil, tablero horietako batekin».

Luzatu haria euskarari da Mintzanet egitasmoaren leloa, eta hari hori Argentinarekin lotuta egon zen atzo. Mintzanet Eguna bazkari batekin eta mintzodromoa eginez ospatu zuten atzo 60 bat lagunek, Zubietan (Donostia). Zaila zen jakitea zenbat mintzaide zeuden Atlantikoz bestaldean, Argentinako Necochea hirian, Skype bidez bat egin baitzuten hango eta hemengo jaiek. Euskal Astea egiten ari dira 90.000 biztanleko hiri horretan, eta, han udaberria izan arren, eta Necocheak hondartza ederrak edukita ere, horietako batzuk euskara praktikatzeko bildu ziren.

Necochearra da Xabier Zubillaga, eta egunotan Euskal Herrian dago. Hernani eta Errenteriako (Gipuzkoa) aita-amen semea da. «Gurasoek eutsi egin zioten euskarari, kanpoan egon arren», esan du. Aita hango Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen, eta baita dantza taldearena ere. Euskal Astea urtero egiten dute Argentinako hiri batean, 1972. urtetik. Datorren urtean, San Nicolasen egingo dute. Necocheakoak hiru berrikuntza izan ditu: lehen aldiz, sagardotegia egin dute, «Necochean eginiko sagardoarekin, gainera», Zubillagak esan duenez. Helduen danborrada egiten dute aspaldi, eta, aurten, haurren lehen danborrada egin dute. Horrez gain, lehen aldiz egin dute mintzodromoa.

«Argentinan 100 euskal etxe daude. Argentinarren %10ek euskal abizena dute, hau da, lau milioik, Euskal Herrian baino gehiagok», esan du necochearrak. «Sekulako lana dago han horiek euskal etxeetara eta euskarara erakartzeko». Baina lan hori txikitatik egin behar dela nabarmendu du. «Orain ez duzu Garbiñe Muguruza bat euskaldunduko», esan du Venezuelako tenislaria aipatuta. «Horretarako berandu da».

Mintzanet sekulako tresna izan daiteke lan horretarako. «Mintzanetek ez du helburu didaktikorik, praktikoa baizik, baina aukera ematen du euskara edonon eta edonoiz praktikatzeko», azaldu du Ritxi Lizartza egitasmoaren arduradunak. 2013an abiatu zuten, eta 400 lagun ari dira orain parte hartzen, bidelari zein bidelagun. «Jendeak astean ordubeteko saioa egitea da geure helburua, urtebetean izugarri aurreratzen dutelako».

Sariak mintzaideei

Hiru sari banatu zituzten atzoko jaian. Arantza Garaialderentzat izan zen Bidelagun saria, lau urtez aritzeagatik. «Hiru urtez nabil pertsona berarekin, eta asko askatu da. Izugarrizko komunikazioa daukagu», esan du irakasle ohiak. Donostian du Skyperen bidezko mintzalaguna. «Konpromisoa hartzen duzu, baina oso erraza da moldatzeko, oso ondo antolatuta dagoelako». Trebea da Garaialde Skyperekin, besteak beste, adiskide bat duelako Polinesian.

Bigarren saria 90 urteko Iragorrirentzat izan da. «Euskara ikasten duten askok ez dute gero aurrera egiten, ez dutelako norekin egin», esan du, eta bere mintzaidea asko «soltatu» dela nabarmendu du.

Hirugarren saria euskararekiko konpromiso handia erakutsi duen bidelari batek jaso du: Andrea Bella uruguaitarrak. Aniceto Ajurigogeaskoa du bidelagun Bellak, eta, Mintzaneten hasi zenetik, bi aldiz etorri da uruguaitarra Euskal Herrira. Atzo ere ahalegina egin zuen emakumeak: Montevideotik Necocheara joan zen, mintzodromoan aritzeko eta Bidelariaren saria jasotzeko. «Gozatzen ari gara, eta euskaraz egiteko aukeraz baliatzen», esan zuen Skype bidez. Zubietan bildutakoen txalo zaparrada jaso zuen.

Edonola ere, Mintzaneten erabiltzaileen %80 Euskal Herrian daude. «Euskaraz doan praktikatzeko aukera emateko da, baina oso ona da boluntarioentzat ere», esan du Lizartzak. Izan ere, aukera ematen dio horietako askori honetaz eta hartaz aritzeko, beste egoera batean edo bestelakoa den lagun batekin; mintzaide zirkulua zabaltzeko, nolabait ere. Badira «psikologoak aholkatuta» izena eman dutenak ere.

Zubietan bazkalosteko kantuak amaitu direnean, bi bidelagun jarri dira ordenagailuaren aurrean, Necocheako bi bidelarirekin euskaraz aritzeko. «Euskal Herrian daude pantailaz bestaldean», esan du horietako batek Argentinan, ilusioz. «Gu gara zortzigarren probintzia», gaineratu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia