euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Mundu hobea asmatu, euskaraz (Berrian)

2021/07/20

Euskalgintzaren azterketa eta ondoko urteetan izan ditzakeen apustuak jorratu zituen uztailaren 9an, Baionan, gaiari zuzendu UEUko ikastaroak. Garikoitz Goikoetxeak eta Jon Sarasuak ireki pentsaketa ildoei jarraikiz, ilusioa berpizteko kontakizunaz aritu ziren parte hartzaileak.

Lotura: Berria

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza. Euskal hiztun komunitatean euskara ardatz izanen duen bizi ilusioa nola berpiztu? Halako galderen inguruan aritu ziren UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin Mintzalasaik, Euskal Elkargoko eta Hendaiako Herriko Etxeko euskara teknikariek antolatu ikastaroan, joan den uztailaren 9an, Baionan. Garikoitz Goikoetxea Uemako teknikaria gomitatu zuten euskalgintzaren mapa aurkeztera, baita Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko ikerlaria ere, euskalgintzak ondoko urteei begira izan ditzakeen erronkez dituen gogoeten partekatzera.

Bederatzi hilabete iraunen duen gogoeta zikloa abiatu zen gisa horretan. Ziklo horren abiapuntua hiru urte lehenago kokatu du Eneko Gorrik, Mintzalasai elkarteko eta euskara teknikariak. 2018an, Ikastetxetik plazara hitzaldi ziklotik. «Ideia zen elkarrekin gogoetatzea aditu batzuen ekarpenei esker: nola ateratzen ahal dugu euskara ikastetxetik eta plaza erdira ekarri?». UEUko ikastarotik abiatu ziklo berriaren erronkak zehaztu ditu: «Helburua da gibeltasuna hartzea jakiteko nor garen, zer garen; gero, elkarrekin definitzea gai bat. Gaiak izan daitezke: erdaldunak nola erakarri euskarara; hiztun komunitatea nola trinkotu; diskurtsoak nola arralandu; ezagutzatik erabilerara nola pasatu; gazteriari nola pasatu euskararen aldeko borrokaren lekukoa».

Euskalgintzaren mapa

Garikoitz Goikoetxeak Euskal Herri guziko euskalgintzaren mapa bat proposatu zuen. Gizarte eragileena, alde batetik, eta instituzioena, bestetik. Nafarroako eta Euskal Autonomia erkidegoetakoak, eta Ipar Euskal Herrikoa.

Erakundeak, akademiak, elkarteak. Mapa zabala egin zuen Goikoetxeak, arlo bakoitzeko egiturak zerrendatuz. Gogoeta gisa, denen arteko elkarlanaren beharra azpimarratu zuen. «Uste dut azken urte hauetan bereziki oso agerian geratu dela erakundeen eta eragile sozialen arteko lankidetzaren premia; eta bien arteko lankidetza benetakoa dagoenean fruitu handiagoak lortzen ditugula». Halaber, euskalgintza osatzen duten egituren artean harreman gehiagoren beharra ikusi du, ez dadin bakoitza bere alorrean berearena egitearekin geldi. «Euskalgintzan falta zaigu elkar ezagutzea bi ikuspegitatik: batetik, ez dakigu besteak nor diren eta zer egiten duten; besteak zer egiten duen ez jakiteak ekartzen du askotan besteen lana gutxiestea». Ondorioz, UEUko foroaren gisakoen beharra azpimarratu du Goikoetxeak.

Amets berria idatzi

Bertsolaria izateaz gain, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da Jon Sarasua. Euskalgintzaren iragan hurbilari eta etorkizuneko erronkei buruz dituen gogoetak jada bildu zituen Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak (Pamiela, 2013) saiakeran. Gogoeta horiei segida eman die geroztik.

Baionan, euskararen biziberritzeko aitzineko belaunaldiak egin lana aipatu zuen, lehenik. Euskararen biziberritze prozesu garaikidearen umeak garen puntutik —duela 60 urtetik honako aldia—, biziberritze horren iturburuko ezaugarrien ulertzeak duen munta azpimarratu zuen. «60 urteko ibilbide honek badu amets bat bere bihotzean. Amets batek zuen loratze hau sortu». Sarasuak bere gurasoen belaunaldikoen buruetan hazi zen ametsa du aipu; euskaraz oraino alfabetatua ez zen belaunaldi euskalduna, zapalkuntza bati iharduki nahi ziona. «Sumatzen zuten mundu moderno bat bazetorrela, telebista bazetorrela, unibertsitatea. Bazekiten haur ikasi, urbano eta pantailadunak izango zituztela». Intuizio bat bezala izan zutela dio, lausoki asmo bati loturik: «Gure haurrak mundu garaikide horretan euskaraz biziko dira. Euskara, nolabait, bestelako gizarte hobeago baten ametsaren garraio izanen da; mundu eta Euskal Herri justuago bat, euskaraz».

Amets horretatik sortu zituzten horren egikaritzeko tresnak: euskararen corpusa —euskara batua eta garapen terminologikoa—, ikastolak eta hezkuntza, hedabideak, kulturgintza, administrazioa eta lan eremuaren euskalduntzea... Egitura oso bat; Sarasuak zuhaitz bat marraztuz itxuratzen duena. Zuhaitz horren hazkundean bi aro ikusten ditu: «Instituzio publikoen babes ofizialik gabe egindako tartea: lehen 25 urteak»; eta diru publikoak lagundurik egin den ondotikoa. «Ohartzen gara euskararen garabide nagusiak sortu zirela inolako babes publikorik gabe». Gaur, euskalgintza bi oin instituzional desberdinen artekoa da: erakunde publikoak eta hastapeneko eragile sozialak.

Zuhaitz horrek lehenagotik heldu ziren erro sanoak bazituen. «Alde motibazionala» da erro horietarik bat: «Euskaldun izatearen harrotasun, autokonfiantza; nolabait, zuntz emozional indartsuak». Kolonizazio suntsitzaile bati ihardukitzeko bezala. «Denok dakigu herri baten kolonizazioaren azken etapa dela herri horren izateko gogoaren zuntz motibazionala apurtzea, eta joera dugula autogutxiesteko kolonizazio prozesu luze baten azpian garelarik». Horren ez onartzeko duintasun aski azkarrak ahalbidetu zuen antolatzea. Baita zatikatua zen eta den herrian konbergentziarako gaitasunak ere.

Motibazioa elikatzeko

Egungo egoerari so egiteko moldean desadostasunak badira euskalgintzan. Botila erdi hutsa ala erdi betea ikusteak irudikatzen duena. Egin den bidearen ekarpen handia azpimarratu eta egoera guziz hobetu dela aitortzeaz gain, hiztun komunitate eri bat garela aitortu behar dela dio Sarasuak. «Gaixorik gaude. Gaixotasun hori minbizia da. Minbizia duen komunitate bat, terminala izaten ahal dena, ez bada tratamendu serio bat egiten». Bestaldetik, 60 urteko ibilbidean egin den ekarpen guzia aitortu behar dela dio: «Mundu mailatik begiratuta, komunitate batek egin duen ibilbide hori ikaragarria da».

Botilari so egitean ez da itsu izan behar, ikerlariaren ustez. Botila betetzen dugun artean, begi bistakoa da zulo dela eta ari dela likidoa galtzen. Ondorioz, zer egin, geroan, botila ez dadin alde bat hustu? Horretarako, belaunaldi berriari, besteak beste, euskararekiko gogo sakona pizteko moldeak bilatzeari lotzeko tenorea dela ikusten dute anitzek. Ilusio horretatik urrun sentitzen ditu Sarasuak egun guziz ikusten dituen ikasleak. «Unibertsitatean nabil eta urtero datoz gazte berriak. Hor, zaporea hartzen duzu zer gertatzen ari den jendearen barrunbeetan». Euskararekin atxikimendurik ez izatearen arrazoiak bilatzerakoan, Sarasuak dio «sakonean, garaiaren marea nagusia beste bat» dela: «Kapitalismoaren azken faseak ekarri duen hiper-indibidualismoari lotutako bertsio progresista bat. Erdigunean jartzen duena pertsona deseantea; 'ni eta nire desioak, nire hautuak'». Ni horretatik, etengabe aukera berriak izatearen parean euskarari atxikimendua pizteko kontakizun bihotz-altxagarri eta azkarra pentsatzea da erronketarik bat, haren ustez. «Edota lortzen dugu ezagutzarekin batera erabilerarako motibazio kontakizunean aurrera egitea, edo prozesua lokaztu egingo zaigu. Motibazioa elikatzea izango da ondoko urteetako giltza».

Amets edo bisio hori litzateke berriz idaztekoa ekintza eta estrategien hazkurri izan dadin. «Oso ekintzaileak gara, baina ekintzak estrategiaren alaba izan behar du. Eta estrategiak ere bisioaren alabak izan behar dira». Dena da bisio hori nola berpiztu eta bazkatu. «Zer da ondo bizitzea mundu honetan? Ondo bizitze horren baitan egon behar du euskarak. Ondo bizitze proposamen horren parte eta garraio baldin bada euskara, belaunaldi berrien oso parte interesgarria eskura dezake».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia