Bilbao, Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Merkataritza Ganbera Bogotan bildu dira Aviatur-ekin, Kolonbiako bidaia-agentzia handizkari nagusiarekin. Herrialde latinoamerikarreko merkatu igortzailearen % 50 osatzen du. Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari Gabino Martinez de Arenazak Bilbao-Bizkaiak helmuga turistiko moduan eskaintzen dituen aukeren berri eman dio taldeko arduraduna den Jean Claude Bessudori. Hiriburuak eta Lurralde Historikoak hartuko dituzten hurrengo ekitaldiak eta bertako ostalaritzako azpiegiturak, gastronomia eta kultur eskaintza izan dira topaketaren protagonistak. Herrialdeko erreferentziazko enpresarietako bat da Bessudo. Topaketa horren helburua Bilbao-Bizkaia Aviatur-ek kudeatutako nazioarteko turismo-eskaintza zabalean sartzea da. Jean Claude Bessudok adierazitakoaren arabera, Bilbo oso toki interesgarria da, eta agentzia handizkariak kudeatzen dituen Europako hirietako helmugen artean sartzeko konpromisoa hartu du.
Aviatur-ekin bildu baino apur bat lehenago, enpresek eta erakundeen ordezkariek "Kolonbian negozioak egiteko gomendioak" topaketan parte hartu dute. Imanol Pradalesek ez ezik, Rafael Kutz Eusko Jaurlaritzaren Txile, Peru eta Kolonbiarako ordezkariak eta Rafael Amann enpresariak ere hitz egin dute. Topaketa horretan Bizkaiko hogeita hamar ETE eta bi kluster (Uniport eta Aclima) bildu dituen enpresa-misioak bere laneko agenda ireki du Bogotan, Medellinen egonaldia egin ondoren. Latinoamerikako herrialdean negozioak ezartzean esperientzia duten enpresariek beraiek bizi izandako esperientzia kontatu dute, baita lehenago emandako pausoak ere. Aurkezpenean gogorarazi duten legez, munduko konpainia onenak lehiatzen diren merkatua da eta horretara ireki nahi duten ETEentzako gomendioak eman dituzte.
Ekonomia Sustapeneko diputatuak gehitu duenez, Bizkaiko enpresek erakundeen babesa izango dute nazioarteratzeko, zaila baina beharrezkoa den bidea baita, Imanol Pradalesen esanetan. Topaketan izan diren adituek gutxienez urtebeteko epea kalkulatu dute enpresa herrialdera hurbiltzeko eta bigarren urte bat negozio plana garatzen hasteko. Ez da merkatu erraz eta irisgarria, pazientzia behar da eta herrialdea ezagutu behar da. Hala ere, esan beharra dago Kolonbian sozietateak eratzeko izapidetzea erraza dela eta segurtasun juridikoa eskaintzen duela, eta bi elementu horiek saiatzeko gogoa ematen dute, gogorarazi dute.
Kolonbiako gobernuarekin bilera
Arratsaldean erakunde-misioa Komunikazioen Ministeriora joan da, Informaziorako Teknologia eta Sistemen Ministro orde María Isabel Mejía Jaramillorekin biltzera. Azken horrek eta Imanol Pradalesek bi administrazioen esperientzia alderatu dute. Jose Manuel Santos Kolonbiako gobernuko presidentearen apustu pertsonala da ministerio ordetza, software, ekipoak eta sareak modu erabakigarrian bultzatzeko. Sortu zeneko helburuen artean dago IKTetan prestakuntza izan duen nazioarteko giza kapitala erakartzea. Herrialde latinoamerikarraren geografia eta gizartea konplexuak dira eta horrek ahalmen handiko konexioak zabaltzea zailtzen du.
Helburu nagusia, Bizkaiko ETEen presentzia sendotzea
Imanol Pradalesek eta Mikel Arieta-Araunabeñak ez ezik, ondorengoek ere osatzen dute erakundeen delegazioa: Gorka Estebez Mendizabal, Enpresa Sustapeneko foru zuzendaria; Gabino Martinez de Arenaza, Turismorako eta Kanpo Sustapenerako arduraduna; eta José Luis Gil, Merkataritza Ganberako Nazioarteratze Ataleko zuzendariordea. Merkataritza-misio berri hau osatzen duten Bizkaiko 30 enpresa txiki eta ertainek eta bi klusterrek (Uniport eta Aclima) ondorengo industria sektoreak ordezkatzen dituzte: eraikuntzarako ekipamendua, osagai elektrikoak, logistika, uren kudeaketa, altzairua edo bioteknologia.